Apirilaren 6an eta 7an izango dira "Gazte hizkera jardunaldiak". Helburu nagusia egungo euskarazko gazte hizkera aztertu eta etorkizunari begira hizkera hori sustatzeko bidea zabaltzeko pausoak ematea izango da. Gipuzkoako Urtxintxa eskolak eta Ttakun elkarteak antolatu dituzte jardunaldiak eta bertan Euskal Herriko gazteek eta adituek hartuko dute parte.
Gazteek lagunartean erabiltzen duten hizkera erdaratik hartzeko joera dute euskarak hizkera mota hori erabiltzeko aukera ematen duen arren eta euskarazko erregistro hori erabiltzeko gai diren arren. Gazte askok ez diote bizitasunik topatzen euskarari, ez dute hizkuntzarekin jolastea lortzen eta ez dute euskara egoera ez-formaletan erabiltzen. Askotan ligatzeko, adarra jotzeko edo haserretzeko orduan, sentimendu horiek euskaraz komunikatzeko zailtasunak dituzte eta erdarara jotzen dute eta ez hori bakarrik, gazte euskaldunek lagun artean nagusiki erdaraz hitz egiten dutela diote euskararen normalizazio prozesuan lanean ari direnek.
Hau guztia ikusita, egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera aztertu nahi da jardunaldiotan eta gazte hizkera indartzeko jarraitu beharreko bidea aztertu eta proposamen eta ideia zehatzak luzatu nahi dira. Helburua, euskarazko gazte hizkera bizia sustatzeko urratsak ematen hastea da.
Jardunaldiak bi ataletan bereiziko dira; gazteak alde batetik eta helduak bestetik. Helduen kasuan mahai inguruak eta hitzaldiak izango dira batez ere, eta gazteen iritzia talde dinamiken bidez jasoko da. Ondoren, denak bilduko dira ondorio nagusiak ateratzeko.
Egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera aztertzeko hainbat hitzaldi eta mahai inguru izango dira Azpeitian: zehazki, lau hitzaldi eta bi mahai inguru.
"Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantzia" izeneko hitzaldia eskainiko du Kike Amonarriz soziolinguista eta umoregileak, Imanol Esnaolak gazte hizkeraren ikertzaileak "Gazte hizkeraren ezaugarriak" aztertuko ditu bere hitzaldian eta berdina egingo du Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia Sailean irakasle den Estibaliz Amorrortuk "Gazte hizkera areagotzeko bideak" aztertuz. Laugarren hitzaldia Asier Larrinaga Euskal Telebistako euskara saileko buruak eskainiko du: "Euskarazko gazte hizkera telebistan" izenburupean.
Bi mahai inguru ere izango dira; "Gazte hizkera eskolan eta aisialdian" izenekoan Esther Mugertzak (Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduko euskara zerbitzuko kidea), Juan Manuel Etxeberriak (irakaslea eta idazlea) eta Erramun Osak (Euskal Herriko ikastolen konfederazioko kidea) hartuko dute parte. Bigarren mahai ingurua ostegunean izango da eta mintzagaia hauxe: "Euskara gazteei zuzendutako komunikabideetan". Goizeder Taberna (Xirika gazte kazetako kidea), Estitxu Elduaien (Matraka astekarikoa), Alberto Irazu (Gaztetxulo hilabetekariaren izenean) eta Joseina Etxeberria (Euskadi Gazteako esataria) arituko dira gai horren inguruan solasean.
Informazio gehiago nahi izanez gero, aisia.net webgunean edota 943 27 00 33 telefono zenbakira deituta lor dezakezue.
Apirilaren 6an eta 7an izango diren hitzaldiek interesa sortu dute eta egun bakoitzeko laburpena jasoko dugu egun horietan. Hitzaldiak amaitu bezain laster argitaratuko dugu gertatutakoa.