Teknologia albisteak
1

Eleka Ingeniaritza Linguistikoak itzulpen automatikorako sistema kaleratuko du

Erabiltzailearen aurpegia
Eleka Ingeniaritza Linguistikoa - Eleka Ingeniaritza Linguistikoa
2005-01-27 : 16:01

Testuak nahiz webguneak gaztelaniatik euskarara, eta alderantziz, itzultzeko proiektu bat garatzen ari da Eleka; Estatuko beste bi hizkuntzak ere hartzen ditu proiektu horrek: katalana eta galegoa. Kode irekiko (software librea) eta banaketa libreko sistema bat izango da.

Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresak buru egiten du itzulpen automatikorako sistema bat garatzeko I+G proiektu baten kudeaketan, testuak nahiz webguneak gaztelaniatik euskarara, eta alderantziz, itzultzeko proiektu baten kudeaketan; Estatuko beste bi hizkuntzak ere hartzen ditu proiektuak: katalana eta galegoa. Kode irekiko eta banaketa libreko sistema bat izango da, beraz, askatasun osoz aldatzeko aukera eskainiko du, hau da, erabiltzaile eta aplikazio bakoitzera egokitzeko aukera emango du. Proiektuak badu, gainera, berrikuntza nabarmen bat. Lehenengo aldia da lau hizkuntza ofizialak elkarrekin eta batera hartuko dituen sistema bat garatuko dena, geografia-jatorri desberdinetako taldeen artean garatu ere.

Katalanak eta galego-portugesak itzulpen automatikorako sistemak badituzten arren, teknologia hau ezin berriagoa dugu euskarari dagokionean. Eleka Ingeniaritza Linguistikoa lehena izango da, beraz, gaztelaniatik euskararako itzulpen automatikoa garatzen, eta, horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateko IXA taldearen eta Elhuyar Fundazioaren lankidetza izango du.

Parte-hartzaileak

Finantziazioaren zati bat Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren PROFIT programatik jasoko du proiektuak, eta, aurreikuspenen arabera, urtebete barru burutuko da. 2006ko hasieran, beraz, eskuragarri izango dugu sarean itzulpen automatikorako sistema berri hau.

Enpresa eta ikerketa-zentro hauek parte hartuko dute proiektuan: Euskal Herritik, Eleka Ingeniaritza Linguistikoa (proiektuaren koordinatzaile), Elhuyar Fundazioa eta Euskal Herriko Unibertsitateko IXA ikerketa-taldea; Bartzelonako Zientzia Parkeko Thera, Centre de Llenguatges i Computació enpresa; Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko TALP ikerketa zentroa; Alacanteko Unibertsitateko Transducens taldea; Galiziako Imaxin software enpresa eta, azkenik, Vigoko Unibertsitateko Seminario de Lingüística Informática mintegia. Proiektu honekin, hizkuntz teknologiaren arloko enpresen eta ikerketa-zentroen arteko lankidetza-bide berriak urratu dira. Bide onuragarria, zalantzarik gabe, etorkizuneko proiektuetarako ere.

Erantzunak

Jonmikel Intsausti
2005-01-28 : 00:01



Zorionak egile eta lagun ixakide guztiei, pixkanaka pixkanaka (kanpotik) ikusten ari baikara euskal linguistika konputazionalaren proiektuak aurrerako urratsak eman eta tresna berriak --berriz ere-- kaleratzen ari dela.



Segi aurrera!!!

Erantzun

Sartu