Eta dorpeok zer?
Gurutzea hartu
Badira zortzi bat urte erosi nuela lehen ordenagailua, Bilbon, iMac ultramodernoa. Kutxa handi batekin itzuli nintzen etxera, eta muntatzeko orduan izan nuen ezustea, nire kalbarioaren lehen urratsa: argazki eta guzti zetorren nola entxufatu argindarra, baina handik aurrera ezer ez!
Teknofobo ez agertzeko, neroni hasi nintzen trasteatzen juramentu artean, eta lortu ere lortu nuen teknikorik ekarri gabe posta elektronikoa erabili ahal izatea... ordenagailua erosi eta sei hilabetera!
Ez du ordea luze irauten zorion teknologikoak dorpearen etxean. Martxatxoa hartzen hasi eta berehala, tximistak erre egin zidan modema. Hornitzaileari deitu eta, noski, Bilbora eramateko. Opor egun bat kosta zitzaidan broma. Bigarrenez erre zitzaidanean, mandatari bidez bidali nuen, eta opor eguna baino garestiago ordaindu nuen.
Belauniko erori
Hirugarrenean, aspertuta, PC bat erosi nuen. Arrasaten, badaezpada, zerbitzua bertan izan nezan. Etxera eraman eta piztu nuenean, iruditu zitzaidan arrazoia zutela Mac zaleek, tonto samarra zela PCa. Gero jakin nuen saldu zidatela inongo sistema eragilerik gabe. Alegia, autoa motorrik gabe. Samaritana batek oparitu zidan berea, eta kutsatu zidan birus itzela. Pikutara artxibo guztiak! Gainera, bitartean, Arrasateko enpresa Beasaina joan zitzaidan, eta hor nauzue berriro atzeaurrean.
Horrela moduz joan dira ondorengoak, baina ez dizuet gurutze-bide osoa kontatuko. Aspergarria da: erori, altxa, berriz erori, berriz altxa, sufrikario luzean.
Gurutz iltzatu
Total, Kristo baino josiago nago nire gurutzeari. Ezingo nuke normal bizi posta elektronikorik gabe. Irratiko tertulietan etxetik sartzen naiz, edizio digitalak aurrean ditudala. Sustatu bizi dut lagun taldea bailitzan. Familia sakabanatua garenez, badugu blog pribatu bat, hurbiltasunik ez galtzeko. Bideo-konferentzian aritzen naiz Milwakee-ko ilobarekin. Goienkaria eta Argiako artikuluak, bestelako idazkiak, denak eskatzen dit sarean egotea. Azken bihurrikeria: iMac zaharrak jarraitzen du modem-a erreta, baina wi-fi sarea jarri dut etxean eta orain ordenagailu banatan aritzen gara etxekoandrea eta biok.
Baina hau guztia lortu dut arrastaka, izerdi eta odola majo isurita, neurona asko funditzearen truke. Eta ez zaizkit bidean azaldu Maria Magdalena edo Simon Zirenekoa, nekea arintzera. Horregatik diot, inguruari begira: nola da posible horrenbeste sufritzaile egotea? Edo bestela, ni ote naiz dorpe erabatekoa? Eta edozein kasutan: dorpeok zer?
Erantzunak kargatzen...