Teknologia albisteak
7

Ordutegi librearen alde

Erabiltzailearen aurpegia
markos zapiain - blogetik
2005-01-17 : 13:01

Askoz ere desorekatuagoa eta arriskutsuagoa da igandez Anoetara zein San Mamesera joaten dena Max Centerrera joan nahi duena baino. Begien bistakoa den arren, sindikatuek ez dute txintik ere esaten.

Hain zaigu miresgarri tximinoa!

Eta, Elias Canettik dioenez, gizakiok salerosketan gabiltza tximinoengandik antzekoen.

Zuhaitzaren adarretatik gora doala, tximinoaren esku biek ez dute zeregin berdina: lehenbizikoak adar berri bati heltzen dion bitartean, bigarrenak aurreko adarrari oratu behar dio. Abiada arriskutsuz doalarik gora, oratze horrek eragozten du maiz erortzea, bigarren esku horrek bakarrik eusten baitio gorputzaren pisu guztiari.

Lehenbiziko eskuak adar berria hartu orduko, hori bai, ziztuan askatu beharko du bigarrenak adar euslea. Lasterrago, bizkorragoa igoera.

Esku bakoitzak, hortaz, oratu eta askatu beharko du, arin-arin. Noski, ezkerrak eskuinekoaren aurkakoa egin beharko du, txandaka.

Zuhaitzetik lurrera jaitsi ondoren ere tximinoak eskuen arteko txandakatze azkarrarekin jarraitu zuen.

Eta Canettik jatorri horixe bera ikusi du giza komertzioan.

Izan ere, salerosketan, jasoriko zerbaiten ordainez beste zerbait ematen duzu. Lehenbiziko eskua nahi duzun salgaira abiatzen den bitartean, bigarrenak oraindik zurea duzun trukegaiari oratzen dio. Behin lehenbizikoak gutizia harturikoan, bigarrenak ordaindu egingo du. Ez lehenago. Estu zaindu beharra dago saleroskidea.

Iruzurra arbolatik erortzea duzu: lehenbiziko eskua hutsik baina bigarrena jadanik sosa emana.

Edonola ere, gizakiok salerostean sentitzen dugun poz sakonak adieraziko luke arrakastaz errepikatu dugula ariman antzinako igoera adarrez adar.

Horrexegatik gaude gizakiok tximinoarengandik hurbilen saltzaile zein erosle gisa.

Zergatik oztopatu poz hori igandez zein jaiegunez?

Izan ere, ez ote da askoz ere desorekatuagoa eta arriskutsuagoa igandez Anoetara zein San Mamesera joaten dena Max Centerrera joan nahi duena baino? Begien bistakoa den arren, sindikatuek ez dute txintik ere esaten.

Ez gara gutxi haatik aukeran nahiago dugunok tximinoa alboan, futbolzalea edo ehiztaria baino.

Sindikatuek langileentzako baldintza eta soldata egokiak lortzen ahalegindu behar lukete eta ez lanpostu berriak itotzen, ondoren beren ezina eta porrota ezkutatzeko erru alegiazkoak besteri garrasika leporatuz.

Langabetuak ez dira sindikatzen eta langabetuak dira ahulenak. Baina sindikatuek afiliatukeria babesten jarraitzen dute. LABeko eta ELAko militantea naiz aldi berean, eta lotsatuta nago.

Drogaren eta abortuaren zigor-gabetzearen aldekoek aldarrikatzen genuen legalizatzeak inor ez duela drogatzera edo abortatzera behartzen. Orobat erosteko orduan, eta ez dugu zertan onartu erosketak noiz egin behar ditugun gure ordez eta gure onerako erabaki nahi dutenen gurasokeria.

Jaiegunez eta igandez, menturaz, euskal ehiztariek mendia hustu eta saltoki tzarra beteko dute aurrerantzean. Eta, Jainkoa lagun, beharbada, amets bat dut, etorkizun eder batean, ehiztariz zein futbolzalez bete Max Centerrak Saturno aldera hegaldatuko dira, edo ifernu zulora amildu, eta tximinoak izango gara berriro Lurrean nagusi, eta bozkarioz beteko dugu Lurra, zeren Lurra berez ez baita bizkarroi bat, ez baita esaterako kuskuta edo, Zuberoan esaten den bezala, ogitina.




Erantzunak

Erramun Gerrikagoitia
2005-01-17 : 14:28

> Askoz ere desorekatuagoa eta arriskutsuagoa da igandez Anoetara zein San Mamesera joaten dena Max Centerrera joan nahi duena baino. Begien bistakoa den arren, sindikatuek ez dute txintik ere esaten.

>

Ordutegi eta syntaxis libreago baten alde.



Askoz ere ilunago da "Askoz ere desorekatuagoa eta arriskutsuagoa da igandez Anoetara zein San Mamesera joaten dena Max Centerrera joan nahi duena baino" ezi "Askoz ere desorekatuagoa eta arriskutsuagoa da igandez Anoetara zein San Mamesera joaten dena ezi Max Centerrera joan nahi duena". Aitzitik, argiago, errazago eta diaphanoago da bata ezi bertzea.



Baina, nahiz-eta vistakoa den, euskalzaleek ez dute txintik ere esaten.



Erramun Gerrikagoita

Lekeitio, 2005 urtarrila 17 astelehena.

josu telletxea
2005-01-17 : 15:49

> Askoz ere desorekatuagoa eta arriskutsuagoa da igandez Anoetara zein San Mamesera joaten dena Max Centerrera joan nahi duena baino. Begien bistakoa den arren, sindikatuek ez dute txintik ere esaten.



Baina haiek gogoz joaten dira, bai ehizatzen zein kirol ikuskizuna ikustera.

Igandez dendak irekitzearen aurka nago.

josu

bai liberalismoari
2005-01-17 : 17:04

Jakina. Nik denda bat baldin badaukat, zergatik esan behar dit gobernuak noiz ireki eta noiz itxi?



Beharbada igande arratsaldea izango da saltzeko egunik inena. Baina ez, itxi egin behar dut.

Ricardo Gómez
2005-01-17 : 18:13

Ados, langileek zentzuzko ordutegiak izateko eta atsedena hartzeko eskubidea dute/dugu. Baina, esaterako, zergatik ez zaizkie tabernetako langileei eskubide berberak aplikatzen?



Ezin al da atseden eguna igandea ez den batean hartu? Igandeetan lan egin eta astegun batean libre duten langileak (medikuak, erizainak, tabernariak, era askotako X-zainak, apaizak... ;-) zapalduta al daude? bale, bai, baina gainerakoak baino zapalduago, puntu honi dagokionez?



Egin dezatela froga, gutxienez. Dendak igande eta jaiegunetan zabaldu eta astegun batean itxi. Proposatzen dut.

markos zapiain
2005-01-17 : 19:37

agian ez dut ondo azaldu, Josu, baina saltokira "gogoz" edo "borondatez" joatea da kontua, ez behartuta, besterik ez genuen behar



beste arazo bat da zein heinean egiten dugun "gogoz" hainbat zeregin, esaterako lan

Ainhoa
2005-01-18 : 11:50

Lehenego eta behin, nik pentsetan dot ez dala inolako frogarik egin behar, adibiderik nabarmenena zapatuan 'Max Center' edo halako hipermekatu batera joatea dalako. Astegunetan ez dau jende askorik zapatukoagaz konparatu ezkero.



Nik halako hipermerkatuetan behar egin dot eta, hilaren hasierako zapatuetan batez be, lurrikara bat bertan eman dala ematen dau. Astelehenean ez da halakorik gertatzen (hurrengo eguna jaieguna ez bada). Astean zehar ikasleak, irakasleak, zerbitzuetako langileak (administrazioa, bulego gehienak....) egiten dabe behar, eta haiek betetzen daben portzentaia asteburuetan behar egiten daben mediku, erizain, tabernari etabarrena baino altuagoa da. Eta lehen taldekoak direz erosketak egiteko daukaten egun bakarrean dendak betetzen dabezanak.



Errespetagarria da domeka edo jaiegun batean ireki gura dauen edozein dendako nagusiaren eritzia, baina hipermerkatu handiak zabalduz gero, denda txikietan eragin handia izango leuke, eta herriko betiko dendak galduko lirakez. Bai, haiek be zabaldu egin leikete domeketan, baina hipermerkatu handi batek asteko egun guztiak zabalik euki leikez, baina betiko dendak 7 egunetan zabalik? eta noz deskantsua hartu?



Ta amaitzeko, San Mameseko partida batekin konparatua izan da dendak domeketan zabalik egotearena, baina ez da gauza bera. Partidara gogoz joaten da jendea, baina lanera nor joaten da gogoz domeka batean? Gainera galtzaile handienak hipermekatuetan lan egiten daben beharginak izango ziran, haiek halabeharrez aginduak bete behar dabezelako.



Laburbilduz, ni ez nau domeketan edo jaiegunetan dendak zabaltzearen alde, orokorrean danok galduko gendukelako: lan-kontratu eskas gehiago sortuz eta kontsumismoz beterik dauen gure sozietatea handiagotuz.

Iban Arantzabal
2005-01-18 : 18:41

> Jakina. Nik denda bat baldin badaukat, zergatik esan behar dit gobernuak noiz ireki eta noiz itxi?





---- Izan daiteke dendariak ados jarri ez, eta araudi barik are txarrago litzakeelako?

Erantzun

Sartu