Kepa Junkera errudun
Medio askotan azaldu da Richard Stallmani gertatutakoa (Barrapunto Cybereuskadi eta abar). Software librearen gurua Bilbora etorri zen Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta Enpresa Digitala sari ematean hitzaldia emateko. Emandako oparien artean Kepa Junkeraren CD bat. Baina CDak kopiaren aurkako babesen bat zuela eta, ezin Stallmanen ordenagailuan entzun!
Richard Stallman ez da isilik gelditzen den horietakoa eta CDa itzultzeaz gain, bere Plone/Zope sisteman komentatu du gertatutakoa
Errua Jaurlaritzarena?
Noski, hankasartzea izan da. Nola oparitu horrelako babesdun CDa, nori eta teknologia eta kultur askatasunaren alde hainbeste lan egiten duen ideologoari? Hortan tematu dira Cybereuskadi eta Barrapuntoko lagunak.
Baina bestalde, txikikeria ere bada. Idazkari bat imajinatu dezaket Corteinglesera joan eta gure opariz betetako poltsa bat prestatzen: txakolina, gazta pixka bat, nekazalturismoen gida... eta Junkeraren azken diska. Gai hauekin sentsibilizatuta gaudenok ez genuke horrelakorik egingo, baina herritarron %80ak jakin ere ez daki horrelako tranpak dituzten CDrik dagoenik.
Junkera da erantzule
Nik uste dut Junkera eta bereziki bere disketxe den EMI direla kontu honen erantzule. Zergatik erabaki behar dute beraiek non eta nola entzun nahi dudan nik CDa? Zergatik jartzen dituzte tranpak ondo ordaindutako musika horren aukerak murrizteko? Non dago nire kopia pribatuaren eskubidea, ederki ordaintzen dudana CD hutsak erosten ditudan bakoitzean?
Zuei zer iruditzen zaizue?
Erantzunak kargatzen...