Euskal Herritik 10.000 kilometrotara, Buenos Aireseko euskal kulturaren etxea kalegorrian geratzeko arriskuan dago. Eta mehatxua ez dator ohiko bideetatik (Garzon, del Olmo,...).
Buenos Aireseko 9 de Julio munduko kale zabalena eta Belgrano etorbidearen bidegurutzearen ondoan dago Argentinako Euskal etxerik zaharrena, Laurak Bat. Eraikin eder honen solairuan aurkitzen da Eusko Kultur Etxearen (Eusketxe, bertakoen hitzetan) egoitza. Abenduko egun beroan ongietorria ematen digu bertako langilea den Irenek, "porteño" doinua duen euskara berezian eusketxeren egoera azaltzeko.
Zer da Eusketxea?
Argentinako diasporak 1998 urtean sortutako Eusko Kultur Etxea da ezagutzen dugun Eusketxea. Aurretik joztudenda (El grillo) batek izandako lekuan, gure egoitza dugu erakusgela batekin, bulegoak eta hitzaldi areto bat sotoan.
Zeintzuk dira zuen eginkizunak?
Urteetan zehar euskal kulturaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu ditugu: tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak, arte erakusketak, zine-debatea, euskal gaiei buruzko bideoteka, etab. Honez gain gure egoitzan Ekin editoriala dago, gerra ondoren Irujo anaiek sortutako euskal editoriala. Argitaratutako 150 liburuak hemen soilik zeuden orainarte.
Nortzuk osatzen duzue Eusketxea?
Ekin editorialaz gain, Eusketxeak 100 kide ditu. Batzuk aldi berean Laurak Bat-eko kideak dira eta beste asko Euskaltzaleak-ekoak gara. Elkarte honek 60 urte darama Buenos Airesen euskarako klaseak antolatzen.
Zein da orain zuen egoera?
Laster kalegorrian geratzeko arriskuan gaude, urrian Laurak Bat salatu gaituztelako epaileen aurrean kontratua berritzeko eskatzen duten adina ez ordaintzeagatik. Alokairu hau 2001 urtetik dator, urte zail haietan Laurak Batekoekin 3 urtetarako 900 peso (250 euro) ordaintzea adostu genuen, euskal etxearen egoera ekonomiko larriagatik. Diru hori guretzat zama handia zen, baina gauzak okertu egin dira aurten, maiatzetik aurrera 3.000 peso (750 euro) igo nahi izan dutelako eta hau guretzat ezinezkoa delako. Kontutan hartu behar da gu izan garela Laurak Bateko eraikinean ordaindu dugun erakunde bakarra.
Non dago arazo honen jatorria?
Irene hunkituta ageri da hitz egitean, azalpenak ematean nabari zaiolako minberatasun bat Laurak batekoen artean lagun eta urtetako kideak izan dituelako.
Egia esan orain ezin da esan arrazoi ekonomikoak daudela, aspaldiko ezintasun ekonomikoak gainditu zirelako Laurak batean, artez adibidez euskal etxe honek 26500 eurotako laguntza jazo du Eusko Jaurlaritzatik.
Nire ustez gure elkartea "irentsi" nahi izan dute, eta egon diren elkarrizketan gure kontrola areagotu nahi izan dute eta horretarako erabili dute alokairuaren aitzakia. Bide batez lokalaren berreskuratzeko gogoa dutela ustea izan dugu.
Ba al dago arrazoi politikorik atzean ere?
Ez nago ziur, baina nabaria da Eusketxearen jarduera zabaltasun handiago izan dutela Laurak bat euskal etxearekin konparatuz: gure ekimenak ez dira soilik gure kideentzat bakarrik, Lauak Baten bezala.
Noizbait "quebrachoa"-k ginela (Argentinako ezker muturrekoak) salatu digute. Gure kideen artean eremu politiko guztietakoak daude seguru aski, eta errespetoa diegu ideia politiko guztiei. Guk harreman onak izan ditugu Udalbiltzarekin zein Emakume Abertzale Batzakoekin, esate baterako. Agian kulturaren ikuspegi ezberdina izan dugu beti, hau da Argentinako euskal etxe askotan haien jarduera mus, pilota, eta dantza besterik ez dira eta guk sakonago jo dugu. Horretaz gain, euskarari eta euskal kulturako beste espresioei garrantzi handiagoa emanez eta batez ere euskal etxeko kide oraindik ez direnei begira, "euskal nortasuna" osatzen ari diren argentinarrei begira.
Zein izan da Eusko Jaurlaritzaren jarrera?
Arazotik kanpo geratu da bitartekaritza lanik egin gabe, Argentinako erakunde barneko arazoetan ez direla sartzen esan dute. Urriko Euskal astearen barnean La Platan, Ibarretxe Lehendakariari gure egoeraren berri eman genion, txosten bat eta gure alde bildutako 1.350 sinadurarekin bere eskura emanez. Oso solasaldi laburra izan zen, ezin izan genuen asko luzatu. Pixka bat harritu zen baina behintzat animoak eman zizkigun.
Etorkizunerako ze asmo dituzue?
Guk gureari eutsi nahi diogu eta bi-hiru hilabete barru hemendik botatzen bagaituzte ere, gure lana beste nonbait jarraituko dugu.
Berehala ikusten dugu arazo honek Argentinako euskaldunen arteko harremana ozpindu duela. Euskal Herritik 10.000 kilometrotara, hemen ez dago "gatazka politikorik" ez eta Audiencia Nacionaleko Del olmo edo Garzon bezalako epaile maltzurrik, hemen Buenos Airesen Euskal kulturaren mehatxua ez dator kanpotik ez, hemen arazoa "gutarren" artekoa da, hau ere gure aspaldiko zorigaitzeko historio tristearen errepikapena da.
Irene Lopez de Vicuña Buenos Airesen jaio zen orain dela 38 urte. Bere aita Deustukoa zen, guda garaian Beljikara erbesteratutako umea. Irenek 20 urtekin euskara ikasteari ekin zion Euskalzaleak antolatutako ikastaroetan. Bere hizkuntza maila sakondu zuen Lazkaoko Maizpide barnetegian Eusko Jaurlartzaren laguntzarekin. Ordutik euskalzale kide moduan euskara irakaslea izan da Argentinan 15 urtetan. Euskaltasua gogotik bizi du eta hala adierazten du Bertsozale elkarteak kongresua eta azken jaialdiataz mintzatzerakoan. 2004ko urriko Semana Vascaren barnean La plata hirian Eusketxeren arazoa salatzeagatik Laurak Bateko sarrerako iragarki taulan idatzi bat dago non Ireneri euskal etxe honetara sarrera debekatzen zaio.
Argentinan 2004 abenduaren 27an.
Euskal Herriko historian behin eta barriro gertatzen da: oinaztarrak eta ganboatarrak aurrez aurre. "Brian's life" filman legez, "Frente Judaico Popular" "Frente Popular de Judea"ren aurka, erromatarrez (benetako etsaiez) ahaztuta. Penagarria benetan.
Besarkada bat Bilbotik Diasporako Ireneri, euskaldun horreri.