Sustatu logoa Teknologia albisteak

Korrika 14 eta euskaldun barriok

Patxi Lurra
2005-01-10 09:01

Aurtongo Korrika 14 iaz hil jakun Andolin Eguzkitza goxoa, saltseroa eta ahaztezinaren omenez ospatuko dogu, besteak beste "euskaldun barri"-en zelabaiteko eredu moduan. Eta ondo deritzot AEK-ko neska-mutilek eurek be komatxo artean ipini izana, neuk oso argi ez deukodalako "euskaldun barria"-ren kontzeptua. Teoriaz, ama-hizkuntza euskara ez deukona, bai. Baina "ama-hizkuntza", "aita-hizkuntza" edo "guraso-hizkuntza"? Bardin kontatzen dau gurasoak euskaldun barriak direnean (gero eta ohikoagoa dana)?

Euskalkiduna edo batuaduna?

Beste detaile bat, kontuan hartu beharrekoa, ea "euskaldun zaharra" euskalkiduna edo batuaduna dan. Eta baita etxetik kanpo pertsonak jasotako hezkuntza be: ikastolakoa edo beste ikastetxe mota bateko A, B edo D eredukoa. Ez dogu beraz faktore bakar bat aintzat hartu behar euskaldun barri/zahar dikotomia tradizional horretan, nire ustez.

Baina neuk pentsatu nahi dot "Korrika"-ko antolatzaileek omendu nahi dabena, idazle eta euskaltzain bikainaz gain, euskararen ikaste prozesuan hainbatek egindako esfortzua dala zelabait (aitaginarrebak esan eustan legez). Fermin Muguruzak berak be (adibidez), bere "euskaldun barritasuna" aldarrikatzen dauanean, zentzu horretan egiten dauala uste dot.

Nola definitu euskaraz egiten ez duten "euskaldun zaharrak"?

Hala ere, beste urte batean omenduko ei dabe, itxura danez, euskararen ikaste prozesuan murgilduta dagozan beste hainbat euskaldun... zahar: alfabetatzen dabilzanak, euskaraz irakurtzeko berebiziko ahaleginak egin behar dituen beste horiek, hika berbetan ikasten dabilzanak, euskara teknikoa ikasten ari direnak... "Euskaldun zahar" guztiak be ez direlako bardinak. Bestela, zelan definidu behar ditugu ba euskaraz ia inoiz egiten ez daben "euskaldun zahar" horiek? EuskaldunTXarrak, esate baterako? Edo aukerarik txikienaz baliatuz erdarara erraz pasatzen diran euskAHULdun horiek? Zeren, dikotomiez gabilzala, askoz be errealagoa iruditzen jat euskaldun praktikante/ez praktikante artekoa.

Azken finean, galdera ez zan hainbeste behar izango "nondik gatozen" baizik eta "noruntz goiazen". Neuri ezer gitxi balio egiten deusta Ibarrangelu edo Elizondoko "euskaldun zahar" ez praktikante batek. Hobeto eta gusturago komunikau egingo naz ziur aski Caceresen edo Fez-en jaiotako "euskaldun barri" praktikante bategaz. Egin edo ez egin, euskalduna izan edo ez izan, that is the question.

Euskara eta etorkinak

Gaur egun, bestelako etorkin mota batzuk jasotzen gabilzala, Marokotik, Ghanatik edo Ekuadorretik, zaharkitu xamarra begitantzen jat "Korrika"-n planteau egingo deuskuen dikotomia hori. Oraindino ez dogu asimilau andaluziar batek euskaraz egitea (batik bat erakusketako pieza bitxi-bitxiak direlako, bidenabar esanda) eta orain aurre egin behar deutsagu etorkin baltzen eta txinatarren seme-alabak honela mintzatzeko errealitateari. Edo beti irri bategaz mosuan entzungo ditugu euskaldun barri exotiko hauek ("zer ondo egiten dabe!"), azalaren kolorea edo aurpegiaren ezaugarri etnikoak agerikoak direnez etiketa ganetik kendu ezinik? Eta beti erdaraz egingo deutsegu?

Amaitzeko, aitortzen dot gai hau eztabaidatzera bultzatu nauena neure "euskaldun barria"-ren sentiberatasun mindua izan dala. Noski. Baina ganera beti matxinatu egin naz etiketen aurka, eta kasu honetako etiketak ezaugarri betierekoa eta aldaezinaren ganean eraikita dagoela emoten dau. Ezaugarri horregaz jaio zinan, ezaugarri horregaz hilko zara. Eta horrexegaitik protestatzen dot. Hendaiako "euskaldun barri" batek bizitza osoan ganean eroan behar izango dau etiketa-gurutze hori, batuaz baino lapurteraz ederto egiten badau be, adibidez. Beste hainbeste hika jariotasunez egiten dauan Donostiako "euskaldun barri" horrek. Edo Andolin Eguzkitzaren kasua bera, adibide ezin hobea. Baina bien bitartean Durangoko beste "euskaldun zahar" horreri, euskaraz ia sekula egiten ez dauan horreri, telebista erdaraz egunero ikusten dauan horreri edo euskaraz libururik inoiz irakurri ez dauan horreri, "labeldunaren domina" inork ezin izango deutsa kendu sekula. Ez da ez logikoa ez bidezkoa.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu