Sustatu logoa Teknologia albisteak

Agur, Salem

Mikel Irizar
2005-01-02 21:01

Bart, urte berriak apenas 25 ordu beteak zituenean, hil da Ormaiztegin Mohamed Salem Hach-Embarek, sahararra. Bihar arratsaldez emango zaio azken agurra, Donostiako Udalak antolatutako ekitaldian. Fronte Polisarioko ordezkaria zen Salem, euskal politikari askoren laguna. Baita nire koinatua ere.

Minbiziak hil du beduinoa. Aspaldiko bidelagun zuen gaitza, minbizia borrokatzen ari baitzen duela hogeita hamar eta piku urte Tenerifen, arreba Gurutzek ezagutu zuenean. Salemen eskutik murgildu zen Gurutze Polisarioaren borrokan, eta Tindoufeko kanpamenduetan eman zituen lanean bere urte onenak, Fatimetu bihurtuta. Salem, berriz, Europan eta Asian ibili zen luzaro, kausarako dirua eta babesa bilatzen. Indian zegoen bihotzak plot egin zionean, eta harrezkero Ormaiztegin izan dugu, makalago, hurbilago, maitagarriago.

Hil zaigu beduinoa. Ez naiz hasiko panegirikoetan, higuingarri zaizkit. Bakarrik nahi nuke atera gaurko saminetik zerbait baliagarria, aurrera begira. Sentimendu indartsuago bat saharar herriarekiko, hil-nahi-ez eta bizi-ezin dagoena han, basamortuan, nazioarteak noiz ahaztuko. Eta, nola ez, bihotz berotasuna Salemen hutsunea gehien igarriko dutenentzat. Besarkada handi bana zuei, Gurutze-Fatimetu, Garazi-Gdeisha eta Beñat-Buela.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu