Hautagai temosoa
Kazetariaren ustez, bistan legoke seguruenik hautagaiaren edukazio txarra. Edo okerrago, erradikaltasun politikoa. Segun eta kazetariaren bisajea, iris zitekeen ikustera hautagaiaren inposiziorako joera eta barren faxista. Eta, aldiz, jokabide horrek behar du izan simetriaren oinarrizko legea: bakoitzak besteena ulertu eta berea egitea.
Ofizialkide dira EAEn gaztelania eta euskara, Euskal Herriko beste lurraldeetan ez bezala. Baina bistan da horrek berez ez dakarrela parekotasunik bi hizkuntzen artean. Bereziki hedabideetan, ze gaztelaniazkoak dira erreferente edozein aldagai hartuta: eragina, irakurleak, publizitatea, oihartzuna Euskarazko ipotxak gelditu dira ghettorako, han gustuko dituzte.
Txillardegi
Nola gaztelaniazko hedabideek hizkuntza hau erabiltzen duten nagusiki edo bakarrik, ez dute behar kazetari elebidunik. Eta nola apenas dagoen espezie hori, informazio iturriak egokitu egin dira ekosistemara, eta nagusitu da Txillardegiren euskara liturgikoa: arratsaldeon-buenas tardes, hoy queremos presentar
Hain da hau horrela, eta iturri onetik dakit, politiko euskaradun batek baino gehiagok erabaki duela ez egitea adierazpenik euskaraz, ez dadin itota geratu bere hitzen eragina hizkuntzaren mugetan. Eta euskarazko ikus-entzunezko hedabideetan dabilen kazetari zenbaitek galdetzen dio bere buruari ea zertan datzan bere errua, zergatik tokatu ote zaion asto zaharra eta nola lehiatuko den zaldi pertxentarekin.
Txabarri
Gipuzkoako Aldun Nagusi berriak egin zuen keinua eta zarata eragin. Euskaraz esan nahi zuena euskaraz bakarrik esango zuen, gero itzultzen aritu gabe, eta euskaraz esandakoa ulertzen ez zuen kazetariak, berak jakingo zuen zergatik ez zegoen ondo prestatua gizarte elebidunean lan egiteko.
Keinu hori hartu zuen abiapuntu hautagai temosoak. Informazio iturriak euskalduntzen baziren, derrigorra izango zuten hedabideek euskarara hurbiltzea, eta horrek izan zezakeen gero eragin biderkatzailea, urrats ausartagoak egiteko. Eta gogoz saiatu zen hautagai temosoa ETB2ko mahainguru politikoan, besteak gaztelera garbian eta bera euskaraz barra-barra.
Erantzunak kargatzen...