Teknologia albisteak
1

Handia handiago eta txikia akabo

Erabiltzailearen aurpegia
Iban Auzokoa - Igela! literatur taldea
2004-11-30 : 11:11

Gure ama hizkuntzaz denaz bezainbatean bildu diren azken datuek honela diote: euskotarren %25a baino ez gara euskaldun, alegia, 600.000 lagun baino ez gara euskaraz mintzatzeko gai. Datu horri ez darabiltenen zifra kentzen badiogu ez dut jakin gura ere eguzkiz eguzki euskaraz berbaz gabiltzanon kopurua zein murritza den. Gauzak honela, neba-arrebarik gabeko hizkuntza zahar hau bere azken hatsa noiz emango duen kezkaturik bizi behar.

Euskara hizkuntza bat da, eta hizkuntza den heinean tresna bat ere bai. Bada, euskal hiztunok etengabe eragon behar dugu tresna hori maitekiro zorrozten, bestela, egunetik egunera amutsago bihurtuko baita harik eta erabiltezin bihurtzeraino. Hizkuntza bat maitatzea erraza da, baina hizkuntza erabili egin behar da maitatu baino gehiago. Ekar ditzagun gogora Xabier Amurizaren hitzak: maita, maita nazazu gutxiago, eta erabil nazazu gehiago.

Kalean zein unibertsitateetan, euskara gutxi

Euskal Herriko unibertsitateetan ia ez da ezer euskaraz irakasten. Gotzon Garatek emandako datuen arabera Deustu unibertsitatean esaterako, 100 ikasgaitik 7 baino ez dira euskaraz irakasten. Gazteleraz aldiz %100. Euskal filologian bertan ere lehenengo mailan zazpi ikasgaitik bi soilki irakasten dira euskaraz.

Kalean berriz, zer esanik ez. Gazteen artean ez da ia euskararik entzuten. Euskal filologiako ikasleen artean ere espainolez mintzatzen den gazterik ez da falta. Emakume euskaldun askok usu jotzen du erdarara dotoreago delakoan-edo. Domeketan txokoetan euren futbol taldeen partiduak ikusteko elkartzen diren gizonek ere sarri baztertzen dute euren ama hizkuntza. Euskara deituretan eta bihotzean baina erdara ezpainetan.

Hiri handietan euskaraz erostea ia ezinezkoa da. Etxetiko euskaraz at beste hizkuntzarik ez dakien haur bati ulertuko dion medikurik ez dago ia ospitaleetan. Kutxazainetara dirua ateratzera baldin bazoaz erdaraz egin beharko duzu ezinbestean. Zertarako ipiniko dituzte ba euskaraz, gaztelania guztiok dakigu eta!

Gure herrian deserrian sentitzen gara

Euskal Herrian atzerritarrak etxean bezala sentitzen dira eta gu erabat erbestean. Espainiako etorkinek erdaraz solastera behar gaitzakete. Ez dira gutxi entzunak háblame en cristiano eta gisa horretako esaldiak. Guk aldiz, gure herrian ezin ditzakegu espainolak euskaraz berba egitera behartu. Gure herrian deserrian sentitzen gara. Ezari-ezarian milaka lekutan bezala Euskal Herrian ere gertatu da herrian herrikoak arrotz bihurtzeko etnozidio lazgarri hau.

Euskara ez da inorena eta aldi berean guztiona da. Gure aho-mihietan darabilgun ororena da euskara eta ideologia bat edo bestearekin lotzea ez da zilegi. Horrela eginez gero zatiketa gertatuko da eta euskara bera irtengo da kaltiar. Gure ama hizkuntza, ezbairik gabe, politikatik haratago dago.

Lotsa barik hitz egin euskaraz

Aurrerantzean euskara batuari bidea irekitzearren euskalkiei eta herriko euskarari iltzez eta giltzez ixtea sator tratua izango litzateke. Gogora dezagun Axularrek esana: zeren erresumak baititugu diferent. Haatik mintzatu behar dugu lotsa barik bakoitzak bere euskalkiaz eguneroko ihardunean eta euskara batuaz administrazioetan. Ez dugu bata edo bestearen artean zein den hobea deliberatu behar, bi-biak dira garrantzitsuak.

Euskara biziko bada, egunero lan egin behar dugu eta Euskal Herriko erdaldunak gu halako hiru badira ere, ez dezala inork esan gure herrian euskararik entzuten ez denik. Mihian herdoilik gabe solastu behar dugu euskaraz, beharleku handia baitaukagu euskara orotara zabaltzeko bidean. Gure hizkuntza galtzorian dago guk hala nahi edo ez, baina ibili badarabilgu gure aho-mihietan, biziko da, hizkuntza bat ez delako galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakigunok erabiltzen ez dugulako baino.

Erantzunak

Patxi Lurra
2004-12-08 : 20:45

Pentsamendu ilunak uxatzeko, egunero "Berria"ren "Tartea" gehigarrian Zaldi Eroaren komiki tirak edo barriki argitaratutako Patxi Gallegoren komikia oso gomendagarriak dira. Barre egitea terapeutikoa baita. Eta, neure ustez, ingurukoek zer egiten daben hainbeste ez begiratzea eta norberak euskaraz disfrutatzea be gomendagarria da. Gustura ibiliz gero, egin dezatela barre nitaz.


Azkenean gertatzen da hizkuntza dakiten batzuk ez dabela erabiltzen ez dakitenek ikasten ez dabelako. Ez dakitenei begira bizi direla, alegia.


Erantzun

Sartu