Kongresua azaroaren 9tik 12ra izango da, Bilboko Euskalduna jauregian. Izena emateko epea urriaren 1ean zabaldu da. Bost dira I. Kogresu honen antolatzaile eta babesleak: EHU, EIE, UEU, Topagunea eta Berria kazeta.
Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua egiteko sasoia dela azaldu du EHUko irakasle Txema Ramirez de la Piscinak. Euskarazko kazetaritzak azken hogeita hamar urteetan izandako hazkundeak gogoeta merezi duelakoan daude antolatzaileak. Orain arte egindakoaz jabetu eta hemendik aurrera izango ditugun erronkei erantzun egokia emateko asmoz antolatu dugu Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua, azaldu du Ramirez de la Piscinak. Hortaz, profesionalak, Administrazioa, irakasle eta ikasleak bilduko dituzte antolatzaileek.
Kongresuak lau helburu ditu. Lehenengo eta behin, euskarazko kazetaritzaren diagnostikoa egiteko beharra azpimarratu du EHUko irakasleak, horren ahuleziak eta indarguneak sektorez sektore zehaztuta. Bigarrenez, euskarazko kazetaritzaren etorkizunaz hausnartuko dute Kongresuan. Hirugarrenez, eta aurrekoetatik ondorioztatuta, euskarazko kazetaritzaren Liburu Zuriaren abiapuntua finkatzeko asmoa du Kongresu honek, beharrezko plangintza estrategikoa azalduz. Azkenik, eztabaida maila teorikoan jarriko du.
Kongresuak iraungo dituen lau egunetan, gai monografiko ezberdinak landuko dira. Azaroaren 9an, hasteko, Euskararen Komunikazio-Esparruaren inguruan eztabaidatuko da. Kanpoko ereduak kontuan izango dira, hala nola Europako ikus-entzunezko hedabideak eta hizkuntza gutxituen egunkariak. Errealitate horietara hurbiltzeko asmoz, Islandiako Sistema Komunikatiboaren berri emango du RUV-eko albistegietako buru Logi Bergmann Eiösson-ek. Ingelesez izango diren hiru hitzaldi hauetan, aldi bereko itzulpen zerbitzua egongo da.
Azaroaren 10eko jarduerak XXI. mendeko Kazetaritza izenburua darama. Egun horretan, euskaraz jarduten duten komunikabideen etorkizuneko erronkak lehenengo eskutik ezagutzeko aukera egongo da: telebista, irratia, egunkari eta astekarietako buruak izango dira Kongresuan.
Azaroaren 11n, Elkarlanaren beharra: sinergia bila izenburupean, euskal komunikabideek aurrera egiteko behar izan duten elkarlana aztertuko da. Administrazioaren eta gizarte ekimenaren ikuspegiak ez ezik, elkarlan horren fruituak ezagutzera emango dira, euskal irratien Arrosa proiektua kasu.
Azaroaren 12an, Aurrera begira, hizkuntzari berari eta teknologia berriei erreparatuko zaie. Kazetarien lan egoera aztertu eta Mikel Elortza kazetari eta editoreak idatzitako antzerki emanaldi batekin amaituko da Kongresua.
Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresu hau posible egin dute hainbat erakundek eta hedabidek. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Hezkuntza Sailak, Bilboko Udalak eta Bilbao Bizkaia Kutxak (BBKk) babestu dute I. Kongresu hau. Laguntzaileak, ostera, honakoak dira: Aldaketa 16, Argia, Bizkaia Irratia, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskadiko Kutxa, Euskalerria Irratia, Euskal Irratiak eta Zabalik.
Euskarazko Kazetaritzaren 1. Kongresuan parte hartzeko izen-emate epea urriaren 1etik 29ra izango da. Izen-emate orria Kongresuko diptikoetan agertzen da eta www.ehu.es/kongresua web orrian ere eskura daiteke.
Bi matrikula mota daude. Ikasle eta langabetuek 50 ordainduko dituzte eta langileek, berriz, 100 . Bi kasuetan lau egunetako bazkariak barneratzen ditu matrikula prezioak. EHUko ikasleek, gainera, aukera askeko bi kreditu konbalidatzeko aukera izango dute.
Kongresuak euskarazko kazetaritzaren ahalik eta esparrurik gehien jorratu nahi du. Hortaz, egitarauan agertzen ez diren beste edozein gai plazaratzeko gonbitea egin du.
Kongresura bost-hamar minututan defenditzeko txostenak aurkez daitezke (gehienez, 20.000 karaktere), norberak aukeratutako gaiaren inguruan. Hauek matrikula doan izango dute. Gainera, urriaren 8a baino lehen aurkeztutako ekarpenak Kongresuko gainerako txostenekin argitaratuko dira, Batzorde Akademiko eta Antolatzailearen oniritzia jasotzen badute. Ondoren, Kongresuan, komunikazioak izeneko tartean gai hori azaldu ahal izango dute komunikaziogileek. Argibideak www.ehu.es/kongresua web orrian zehazten dira.
Horma-posterrek Kongresuan parte-hartzeko beste bide bat osatzen dute. Interesdunek 1 x 0,70 metroko espazio fisikoa izango dute, euren posterra eskegitzeko. Edukia eta materiala posterra aurkeztu nahi duenaren esku geratuko dira. Interesdunek posterrik jartzeko asmoa urriaren 29a baino lehen adieraziko dute. Aukera horren gorabeherak ere web orrian zehazten dira.
Euskaldunentzat eta informazioa "jatorrizko iturritik" edan nahi dugun/dutenentzat interesgarria izango delakoan nago. Herri txikia, hizkuntza gutxitua, komunikazioa tentsioz betea, ... lau katu eta (egunkari) "berri" bat baino ez!
Zorte on eta emaitza aberatsak izan ditzazuela!
> Kongresua azaroaren 9tik 12ra izango da, Bilboko Euskalduna jauregian. ..... Aukera horren gorabeherak ere web orrian zehazten dira.