Sustatu logoa Teknologia albisteak

"Dictionnaire Elhuyar Hiztegia": Euskara-frantsesa eta frantsesa-euskara hiztegi berriaren aurkezpena

Elhuyar Fundazioak eta Elkar Argitaletxeak, elkarlanean, euskara-frantsesa eta frantsesa-euskara "Dictionnaire Elhuyar Hiztegia" argitaratu dute. Hiztegi hau tresna baliagarria da irakasle eta ikasleentzat eta hizkuntzak lantzen edo hizkuntzekin lanean diharduten profesionalentzat.

Ezaugarri nagusiak

Elixabete Etxeberria, Iñaki Pikabea eta Gexan Alfaro izan dira hiztegiaren egileak, eta hauek dira ezaugarri nagusienak:

  • 42.000 sarrera.
  • 55.000 adiera.
  • 1.000 adibide.
  • Egitura gramatikalak eta esapideak.
  • Frantziako, Espainiako eta munduko leku-izenak eta gramatikako zenbait gai barne dituen eranskina.

Hitz teknikoak

Ohiko hitzekin batera, Iparraldeko ala Hegoaldeko izan, hitz teknikoak eta berriki idazle-kazetariek eguneroko lanean erabili dituztenak ere biltzen dira. 6.000 hitz elkartu, esapide eta lokuzio ere jasotzen ditu hiztegiak. Eranskinen sailean, Espainiako eta Frantziako probintzien izenak, munduko estatuen izenak, Euskal Herriko udalen izenak eta gramatika-eranskina.

Hiztegi berri honen xehetasun guztiak datorren ostiralean emango dira Bilboko Bidebarrieta Liburutegian egingo den aurkezpenean. Ekitaldian, Itziar Nogeras, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia; Olatz Osa, Elkarreko Komunikazio arduraduna; eta hiztegiaren egileak izango dira.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu