Teknologia albisteak
6

Hamar gomendio, Interneten ondo idazteko

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2004-04-29 : 13:04

Nahi baduzu sareko jendeak irakurtzea zure artikuluak, beste modu batean idatzi beharko duzu; ondorioak, adibidez, hasieran idatzita, eta ez amaieran. Horrezaz gain, laburra izan behar, zehatza, eta argia ideiak antolatzeko orduan.

Astebete luze izan naiz kanpoan, eta bueltan Gari Araolazaren artikulu interesgarria irakurri dut. Garik arrazoi osoz eskatzen digu sarean beste modu batean idazteko. Nik ez dut Garik besteko eskarmenturik sarean, baina, neu ere lotsabako samarra izaki, garatu nahiko nuke hark hasitakoa.

Testuen %80 inoiz ez dira irakurtzen

Sarean idazteak eskatzen du beste modu batean idaztea eta ez paperezko hedabideetan idazten dugun bezala. Bi arrazoi daude horretarako: batetik sarea oinarritzen dela esteketan, hipertestuan oinarrituriko loturetan; eta bestetik, oraindik ere, pantailen kalitateak dezente mugatzen duela irakurtzea monitore batean.

Lehia, bestalde, izugarria da sarean. Milioika eta milioika testu daude hor zehar zintzilikatuta, baina, zenbait ikerketak diotenez, testu horien %80 inoiz ez dira irakurtzen, kasurik gehienetan, modu desegokian antolatuta daudelako.

Zer nahi du irakurleak?

Gogoan izan internautak helburu nagusi bat duela sarean sartzen denean: informazio baliagarria bilatzea, ahalik eta lasterren. Horregatik, Garik esaten zuen bezala, erabiltzaile gehienek ez dute irakurtzen sarean, eskaneatu egiten dute. Halaber, ez zaizkie gustatzen testu eta paragrafo luzeak; nahiago dituzte testu laburrak eta harira doazenak. Eta gorroto dute saltzaileen hizkuntza; nahiago informazio objektiboa.

Hamar gomendio, Interneten ondo idazteko

Goian esandakoa kontuan hartuta, hona hemen hainbat gomendio, zuzen eta egoki idazteko sarean:

1 Idatzi izenburu bat, laburra. Kontuan izan bilatzaileetan ia izenburua bakarrik agertuko dela. Beraz, izenburua da loturarik inportanteena, jendea sar dadin artikuluan. Saiatu idazten izenburua lerro batean edo, asko jota, bitan. Inoiz ez titulatu letra larriak erabilita.

2 Idatzi sarrera bat, motza eta harira. Hiru lerrokoa izan daiteke. Aipa ditzala artikuluaren elementurik garrantzitsuenak. Sarrera luzeek atzera eragiten dute irakurlea.

3 Idatzi ondorioak hasieran. Irakurleak ez dezala artikulu osoa irakurri behar, jakiteko zeintzuk diren ondorioak. Bestela, gerta liteke bidean aspertzea eta ospa egitea. Idatzi estilo aktiboa erabilita (“ETBn erabaki dute” barik, “ETBk erabaki du”).

4 Izan zehatza. Oraindik ere pantailen bereizmena bajua da. Hori dela eta, irakurtzen dugu %25 motelago pantailan paperean baino. Horrek eskatzen digu zehaztasun handiagorekin idaztea. Utzi lastoa alde batera, eta esan esan beharrekoa ahalik eta lasterren.

5 Ondo antolatu testua. Irakurle asko hasten dira begiratzen izenburuak eta loturak, testua irakurtzen hasi aurretik. Horregatik, komeni da antolatzea informazioa modu hierarkikoan, trafiko seinaleak erabilita:

  • Banatu testua paragrafo txikietan. Eten bakoitza da atsedenleku bat eta laguntzen du hurrengo paragrafoa irakurtzen.
  • Erabili izenburuak letra beltzean, bi-hiru paragraforen ondoren.
  • Erabili bolak eta zenbakiak. Testua eskaneatzen dugunean, beti geratzen gara puntu edo zenbakietan, lagundu egiten digutelako informazioa antolatzen.
  • Erabili testu egituratua aipuak nabarmentzeko. Ondo erabiliz gero testu egituratua eta saiatuz gero testua ondo antolatzen, testuak kontrastea izango du, eta hainbat elementu, lagunduko diotenak irakurleari nondik nora jo, trafiko seinaleak balira bezala.

6 Erabili hizkuntza objektiboa. Ez imitatu hemen publizitatearen hizkuntza (egizu hau, erosi bestea…). Atzera eragiten du jendea eta galarazten dizu sinesgarritasuna.

7 Ez erabili letra larriak. Hiru arrazoi daude letra larriak ez erabiltzeko:

  • Interneten letra larriak erabiltzen dira haserrea adierazteko.
  • Letra larriz idatzitako testuak askoz ere zailagoak dira irakurtzeko eta ulertzeko.
  • Letra larriz idatzitako testuak hautsi egiten du testuaren oreka.

8 Egin loturak beste toki batzuekin. Sarea oinarrituta dago hipertestuan eta hori aprobetxatu egin behar da. Loturek izugarri aberasten dute testu bat, ematen diote balio erantsia. Horrezaz gain, loturek ematen diote sinesgarritasuna testuari, irakurleak ikusten baitu informazioa kontrastatu egin dela.

9 Bertakotu albistea. Beti ezin da, baina, ahal dela, kontuan izan nola lotu dezakezuen albistea Euskal Herriarekin. Horrek balio estra bat emango dio albisteari zure irakurlearen begietan.

10 Egiaztatu elementu guztiak, argitaratu aurretik. Sustatun zaudela, sakatzen duzunean Zeuk idatzi botoian, ordua da egiaztatzeko ea dena ondo doan argitaratu aurretik.

  • Kopiatu testua zure prozesagailuan.
  • Banatu testua hiru kaxetan: izenburua, sarrera eta testua.
  • Klik egin testu egituratuan eta aurreikusi.
  • Egiaztatu ea loturak ondo dauden eta klik egin haietako bakoitzean, ikusteko ondo dabiltzala.
  • Ordua da azken orduko zuzenketak egiteko.

Gehiago irakurri nahi duzuenok gai honen gainean, hemen duzue artikulu interesgarri bat.

Erantzunak

Ander.
2004-04-29 : 16:25

Euskaltzaindiak "arautu" egiten gaitu. Kontseiluak bete beharreko "konpromisoak" ezarri. Joxeren irakur gaitzaten "gomendioak", hamar, judu-kristauek moisesengadik jasotakoak beste. Ibarretxek "plana" dakarkigu.....





Stop.





Lotsabako honek, insumisioa aldarrikatzen du. NAHIKOA DA, ASKI DA, beti inork egin beharrekoa esaten ari direnei. Dena arautu behar ote da? Ez al da mendia ederragoa hesirik gabe?



Anarko itsura hartzen hasi naizen galdetzen diot ene buruari. Beharbada beti ardi beltza izan naizelako. Ile tindategira joan, txuriz margotu eta AMEN esaten ikasi behar ote?

Gunilla von Fist Fucking
2004-04-29 : 18:33

Nahi duzuna egin ahal duzu... baina zure idazkiak ez ditu inork irakurriko Interneten baldin eta oinarrizko arau batzuk betetzen ez badituzu.

Joxe Aranzabal
2004-04-29 : 18:41

Nireak gomendioak dira, Ander. Ez dute zerikusirik arau, plan edo konpromisoekin. Nahi badituzu erabili, oso ondo; baina ez badituzu nahi ere, albo batera utz ditzakezu, lasai asko.


Dena dela, nahi duzuna esango duzu, baina oso ondo moldatu duzu erantzuna Interneten estilora: zuzen eta harira, eta hori guztia paragrafo laburrak erabilita. Zorionak!


Irati
2004-04-30 : 23:12

Aupa Joxe, Interneten ordu dexente nabigatzen dugunok argi daukagu zuk diozuna, beraz arrazoia duzula uste dut. Jakob Nielsen-en idazki batzu irakurriak ditut baina badu kontraesan bat bere web orriak. Hau da, testu gutxi erabiltzeren aldekoa da Jakob, baina bere webgunean testu gehiegi sartzen duela uste dut, ez al duzue uste??? Bera erabilgarritasun edo usabilidadearen aldekoa da baina bere webgunea ez da oso erabilgarria.....

Bittor Arbizu
2004-05-05 : 15:38

Barkatu baina lehen erratu naiz. Nire mezua ondorengo hau baino ez zen:



Eskerrik asko gomendioengatik, gaur egun arin-arin bizi garenez, ondo baino hobeto etorten dira gomendio aberats eta zorrotz horiek edozein testurekin.

2016-12-19 : 17:56

kaixo

Erantzun

Sartu