Sare sozialetan edukia algoritmikoki kontrolatzeko ahaleginak gero eta nabarmenagoak dira X/Twitterren eta ustez haren alternatiba jatorragoa den Blueskyn. Edukia bideratzeko algoritmoek, enbutu baten eran zuren pantailara biderarzen dutenak, gero eta jite kontrolatuagoak dituzte. Muturreko edukia eztarritik behera sartzeko, edo ustez kontrakoa egiteko (muturrekoa ebitatzeko adimen artifiziala erabiliz), norberak ez aukeratzea eta haiek zure partez edukia hautatzea da kontua.
Blueskyri dagokionez, kontua baduzu han, erakusten zaizun edukia kontrolatzeko filtroak ezarri dizkizute zuk ezer jakin gabe. Eduki moderazioa deritzon ezarpenetako alde ezkutu batean dago dena delakoa, hemen web bertsioan, eta adimen artifizialaren bidezko filtro automatizatuak dira.
Irudiak erakusten duen bezala, parametro gehienak Hide edo Ezkutatu moduan agertuko zaizkizu defektuz, eta horien artean daude muturreko edukia (extremism, ikuspegi erradikalak omen), eta Rude edo impolite izan daitekeen edukia (zakartasuna).
Moderazio irizpide horiek ez dira beraz norberak hautatuak: beraiek aukeratu dituzte zugatik, opt-out politika batekin, apropos markatu behar duzu iragazkiak kentzeko. Gainera, salatu denez, cookietara lotuta dago konfigurazioa, eta kontutik irten eta sartzen zaren bakoitzean edo gailu desberdinetatik konektatuz gero, berriz hobespen murriztaileak jarriko dizkizu Blueskyk.
Twitterri dagokionez, sorpresarik ez: Sky News telebista britainiarrak egin du azterketa, Erresuma Batuko kontestuan, Elon Musken plataforma ari dela apropos eskuin muturreko edukia bultzatzen, metodo algoritmikoekin. Esperimentu kontrolatua egin dute, hainbat kontu gehituz Twitterrera, eta erakusten zaien eduki politikoa eskuin muturrekoa da nagusiki. Are gehiago, eduki politikoaen %50a baino gehiago, gorroto-hizkera esplizitua darabilten kontuena. Eta Sky News ez da ezkerreko medio bat, ez pentsa.
Erantzun
Sartu