Teknologia albisteak
8

Larry Trask hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Eibar.org
2004-03-29 : 11:03

Andolin Eguzkitzaren galeraren ondoren, beste euskalari aipagarri bat ere hil zen joan den astean: Larry Trask profesorea. Interneten urte batzuk daramatzagunok ondo gogoratzen dugu Trask, Basque-L zerrendaren garaietatik. Euskararen historian eta, oro har, hizkuntzalaritzaren alorrean, lehen mailako ikerlaria zen Trask. Eta euskaltzale primerakoa ere bai.

Hil-oharra atzo zekarren Berria-k familiaren izenean. Nonbait larunbatean hil zen, baina hau idazten dudalarik, ez dakit gehiago. Larry Trask lanean egon da, behintzat, orain dela oso gutxira arte, beti bezala. Sci.lang eztabaida taldean bere betiko polemiketan barneraturik idatzitako mezu bat aurkitu diot, duela lau astekoa apenas (Otsailaren 27ko mezua Usenet-eko sci.lang-en).

New York estatuan jaioa zen Larry Trask. Kimikaria zen, baina 1970an Londresera joan zen oporretan bi asterako, eta opor horietan, hizkuntzalaritzarekiko halako fijazio bat sentitu, eta Ingalaterran bizitzea eta hizkuntzalari izatea erabaki zuen. Bere ikerketa gai nagusia, orduanik, euskara. Tesia ere euskararen gainean egin zuen, eta bere lan sakonena gure hizkuntzaren alorrean The History of Basque liburua dugu. Liburu akademiko samarra, ez Amazon-en aurkitzekoa, baina euskal liburutegi publiko askotan mailegagarria.

Larry Trask Sussex-eko unibertsitatean zen irakasle. Bertan, Basque-L-ko garai bateko bere mezuen bilduma eginez-eta, euskararen inguruko gezurrak uxatuz eta datuak bilduz, orri interesgarri bat bildu zuen 1996an. Han dago oraindik:

Ez bakarrik euskalaria, hizkuntzalaritzaren alorrean izen inportantea zen Larryrena. Iaz The Guardian egunkariak egin zion elkarrizketa batean, The Guardian-ek Steven Pinker eta Noam Chomsky-rekin konparatzen zuen.

Hizkuntzalaritza orokorreko bere lantxo batzuk, eskuragarri Sussex-eko unibertsitatearen gunean, hemen.

Erantzunak

Luistxo
2004-03-29 : 15:28

ItzuL zerrendan Ana Moralesi irakurri diodanez, aspaldi samarretik oso gaixo omen zegoen Larry. Hala ere, ez zuen unerik galtzen ahal zuenean gauza interesgarriak ezagutzeko.


Nik Basque-L zerrendan ezagutu nuen Larry 1996an. Ez dakit aspaldian hartan parte hartzen ote zuen ere... Nik ere galdua dut kontaktua zerrenda horrekin. 1999. arte, Usenet-en biltzen ziren haren mezuak, eta horiek bederen kontsultagarri daude Google-n:


Trask-en posizioa eta ezagutzaren maila zein den jakiteko, bere webgunetik ohartxo bat itzultzen saiatuko naiz.


Mesedez, izan kontuan: ez dut kontu hauen inguruan ezer entzun nahi:


  • Euskara honako zerbaitekin erlazionatuta dagoela frogatzen duen zure azken froga (Iberikoa, Etruskoa, Piktoa, Sumeriera, Minoikoa, Tibetera, Istmoko Zapotekoa, Martzianoa).

  • Euskara dela giltza sekretuak jakintza alor hauen argipenerako: Ogam inskripzikoak, Phaistosko diskoa, Pazko Uharteko zeinuak, Egiptotarren Hilen Liburua, Kabala, Nostradamusen profeziak, zure PC-aren instrukzioak, New Yorkeko Burtsako mugimenduak.

  • Euskara dela gizateriaren jatorrizko hizkuntza, Atlantida galduaren hizkeraren ondorengoa, Antartikako zibilizazioaren hizkuntza joana, Proxima Centauriko bisitarien froga argia.

Benetan, aurkikuntza akademiko hauen inguruan ez dut ezer jakin nahi.


Alegia, Josu Naberan eta Martinez Lizarduikoarekin eta euskararen zibilizazio primigenioaren teoriekin zerikusi handirik ez. Euskaldunon antzinatean begirada benetako bat botatzeko, eskuratu, arren, Larryren History of Basque.


Sustatu
2004-03-29 : 17:01

Deia eta Gara egunkariek argitaratu dute Trasken heriotzaren berri:


Esklerosi lateral amiotrofikoak jota zegoen Trask. Ahotsa ere kendua omen zion gaixotasun horrek, baina e-postaz komunikatzen eta lanean jarraitzen zuen. 58 urte zituen, eta 2002. urtean euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.


Sustatu
2004-03-29 : 18:51

Trask-ek euskararen inguruan idatzitako zenbait artikulu eta mezu interesgarriren bilduma, Blas Uberuaga Buberren orrian


Sustatu
2004-03-30 : 11:14

Larry Trask-en lantokiak, Sussex-eko Unibertsitateak, hileta-oharra argitaratu du bere webgunean, hemen.


Haren omenez, Festschrift bat (bizirik den zientzialaria bati egiten lan akademikoen bilduma lan bat) prestatzen ari ziren hainbat hizkuntzalaren artean, eta orain, opari-omenaldia baizik, memoriala izango da liburu hori, tamalez.


Richard Coates irakasleak gehitzen duenez, azken aldi honetan, Larryren hainbat kezken artean, Interneteko idazkera arauak ere ba omen zeuden.


Sustatu
2004-03-30 : 11:29

Berria-ko Juan Luis Zabalaren artikuluan, Joseba Lakarra hizkuntzalariaren hitzak, eta Larry Trask-en lan hautatuen bilduma bat, beste informazio batzuen artean.


Ricardo Gómez
2004-03-30 : 13:43

Larry Trask hil da eta harekin joan zaigu Euskalaritzak izan duen mundu mailako ordezkari bakanetakoa. Hizkuntzalari zorrotza zen, prestakuntza teoriko eta metodologiko sendoari ohiz kanpoko sen pedagogikoa gehitzen ziona. Begiratu besterik ez dago Berriak argitaratu duen zerrendari eta hari gehi lekiokeen beste dozena erdi bat hizkuntzalaritza hiztegi eta dibulgazio-libururi.


Euskararen historia eta historiaurrea gutxik bezala ikertu zituen. Beti ere azterbide zuzenak erabiliz (eta bestek erabiltzen ez zituztelako oso kezkaturik), analisi interesgarriak eta erdiespen nabarmenak utzi dizkigu. Esaterako, 1990ean argitaratu zuen artikulu batean ("The -n class of verbs in Basque", Transactions of the Philological Society 88, 111-128. or.) euskaldun ikasi askok egin duten galdera bati ―zergatik esaten den duzuN, duguN baina duEN? edo, itxuraz harrigarriago, zergatik Anek esan dioNez baina Peruk dioENez?― erantzun bikaina eman zion, bidenabar, zientzia onetik espero denez, galdera berriak plazaratzen zituena.


Euskararen jatorriaz zehaztasun zientifikorik gabe ari direnei iruzkin eta kritika gogorrekin erantzun zien, baina haietan ironia eta umorea ere ez ziren falta (Luistxok Trasken web orritik atera duen pasartea da adibide onenetakoa, hain segur). Bere lanen bitartez agerian utzi zuen, eta mundu guztian utzi ere, horrelako saioen egileek maizenik euskaraz eta euskararen historiaz deus gutxi dakitela, eta hizkuntzalaritza historikoaz eta haren metodoez deus gutxiago.


Ezin dira lerro batzuetan Larry Trasken ekarpen guztiak laburtu, ez euskalaritzaren alorrari ezta jorratu zituen gainerakoei dagokienez. 1997an ezagutu nuen, Donostian, EHUko Uda Ikastaroetan parte hartu zuelarik. Gogoan dut, J. Lakarra eta biokin Alde Zaharretik paseatzen ari zela, bere proiektuen berri eman zigula. Ikaragarri harritu ninduen lanerako zuen gaitasunak; artean hiruzpalau liburu zituen eskuartean eta beste hiru-edo zebilzkion buruan. Ez naiz guztien gaiez oroitzen eta ezin dut esan proiektu horiek guztiak burutzeko aukerarik izan zuen. Susmo dut, halere, haiek ez baziren, beste hainbat egitasmo erabiliko zituela hizkuntzalari eta euskalari nekaezina zen Larry Traskek.


Goian bego.


Josu
2004-04-16 : 10:57

Gaurko Telegraph egunkari britainiarrak artikulu luze bat eskaintzen dio Larry Trask euskaltzale amerikar hil berriari.


Artikuluak azpimarratzen du zer lotura izan zuen Larryk euskararekin eta Euskal Herriarekin: nola hasi zen harremanetan euskararekin, zelan ikasi zuen gure hizkuntza, nola ezkondu zen euskaldun batekin, Esther Barrutia elorriarrarekin, etab.


Luistxo
2004-04-16 : 11:52

Bere lehen emaztea euskalduna zen bai. Gero dibortziatu ziren, eta berriro ezkondu zen Trask. Aipatzekoa da Barrutiaren sendiak jarri zuela eskela Berrian Larry hil zenean.



Gauza bat dio oker Telegraph-en ohar nekrologikoa: euskara oso hizkuntza zaila dela. Traskek beti kontrakoa defenditu izan zuen: erraz ikasteko moduko hizkuntza dela.

Erantzun

Sartu