Sustatu logoa Teknologia albisteak

"Egan" aldizkariko 74 zenbaki Interneten

Sustatu - Sustatu
2004-03-18 18:03

1948tik 1987ra

"Egan" aldizkariaren lehen 74 zenbakiak daude sarean. Beraz, norberak bere ordenadoretik ikusi eta kontsultatu ditzake dokumentuak, eta nahi izanez gero, inprimatzeko aukera dago. Denera 10.000 orrialde baino gehiago daude.

"Egan" aldizkaria elebiduna zen sortu zenean, 1948an. 1953 urtetik aurrera euskara hutsezkoa bihurtu zuten Koldo Mitxelenak, Aingeru Irigaraik eta Antonio Arruek (aldizkariak garai luze batean izan zituen gidariek); aurrerago, Juan San Martinen izena erantsi beharko litzateke.

Zehazki Koldo Mitxelenaren heriotzara arteko 74 zenbakiak jarri dira Interneten (Koldo Mitxelena hil artekoak, 1987 artekoak, alegia). 1988 urtean ez zen aldizkaria argitaratu, eta 1989tik aurrera hasi zen "Egan" aldizkariaren sasoi berria.

Idazle ezagunak

Gerra-osteko aldizkari oso garrantzitsua izan zen "Egan" aldizkaria, Jokin Zaitegik erbestean zuzendu zuen "Euzko Gogoa" aldizkariarekin batera. "Egan"en idatzi zuten garai hartako idazle handienek: Gabriel Aresti, Jon Mirande, Txillardegi, Koldo Mitxelena, Salbatore Mitxelena, Ferediko Krutwig, Jon Etxaide, Antonio M. Labaien, Nemesio Etxaniz, Piarres Larzabal, Piarres Laffitte, Gurutz Ansola, Juan San Martin...

Garai haietan "Egan" aldizkarian gehien idatzi zuten idazleak hauek izan ziren:

  • Juan San Martin (301 dokumentu).
  • Koldo Mitxelena (172 dokumentu).
  • Nikolas Altzola "Bitaño" (102 dokumentu).
  • Gabriel Aresti (78 dokumentu).
  • Aingeru Irigarai (78).
  • Pello Zabaleta (60).
  • Manuel Lekuona (65).
  • Antonio Arrue (57).
  • Toribio Etxebarria (44).
  • Antonio Maria Labaien (35).
  • Jon Etxaide (34).

Idazle guztien zerrenda ikusgai dago sarean.

Gordailuan aurkitu daitezkeen idatzien artean, generoei dagokienez, hauek dira kopuruak:

  • Poesia (531 dokumentu).
  • Artikuluak (442 dokumentu).
  • Kritika (338).
  • Ipuinak (159).
  • Kontakizunak (79).
  • Antzerkiak (51).
  • Elkarrizketak (15) (horietako bat, adibidez, Pio Barojarekin... 1955ean argitaratua).

Itzulpen lan handiak egin zituen "Egan" aldizkariak. Euskaratutako autoreen zerrenda ere eskuratu daiteke www.armiarma.com eko gordailuan.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu