Sustatu logoa Teknologia albisteak

Zurrumurrua bolo-bolo, estatu kolpe baten inguruan

Sustatu
2004-03-16 21:03

Mezuak dio larunbat gauerdian Partidu Popularraren gobernuak bi komunikatu prestatu zituela, Espainiako Erregeari sinarazteko. Komunikatu horietan salbuespen egoera ezartzen zen, eta hauteskundeak atzeratu. A planak nahi zuen hauteskundeak atzeratu udazkena arte. B planak, ostera, nahikoa zuen hauteskundeak bi hilabete atzeratzearekin.

Antza denez, informatzailea Hauteskunde Batzordean zegoen, eta hark dena ikusi: nola aurkeztu zituzten komunikatuak Hauteskunde Batzorde Nagusian, nola aurkeztu zituzten salaketak oposizioko partiduen eta zenbait hedabideren kontra, eta batzordeak nola onartu zituen salaketok.

Acebes, Zarzuelara

Ondoren, dio mezuak, Angel Acebes Barne ministroa Zarzuelara joan zen beste zenbait gobernukiderekin, erregearen sinadura lortzeko asmoz, ezinbestekoa azken hau, salbuespen egoera ezartzeko. Zarzuelak, ezetz, “de facto estatu kolpe bat” jo baitzuen, Errege Etxeko bozeramaile anonimo batek esan bezala informatzaileari. Mezuak dio komunikatuen tonua alarma sortzeko modukoa omen zen, eta hura konpontzeko eskatzen zuen poliziaren eta armadaren presentzia kaleetan.

Ikusirik Zarzuelaren ezetza eta Polizia Nazionalaren ukoa desegiteko PPren egoitzen aurrean zeuden manifestazioak, PPk atzera egin omen zuen, eta horrela jakinarazi, gainera, Hauteskunde Batzorde Nagusiari, non erretiratu baitzituen dokumentuak igande goizeko 02:15ean.

Mezuak dio igandean zehar baieztatu zutela zurrumurru hau hainbat informazio iturritan. Eta jakin izan zutela nola egin zen bilera bat hainbat hedabidetako albistegi zuzendarien artean, eta han erabaki zela, eztabaida handien artean, ez ematea estatu kolpe honen berri hedabide horietan, gutxienez astelehena arte.

Gaur Almodovarrek aipatu du

Mezua Interneten dabil, bolo-bolo, batetik bestera. Baina gaur eguerdian Pedro Almodovar zine zuzendariak aipatu duenean zorioneko e-posta bere azken filma aurkeztu duenean, albisteak indar handiagoa hartu du.

El Mundok dakar horren berri. Eta beste hedabide batzuek ere bai. Guk, erosi bezala saltzen dizuegu. Interpretazioak, ostera, zuen esku.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu