Urola-Kostako "Hitzak" hasiera ona
Urola-Kostan egunero prentsan herri informazioa euskaraz jorratzean zegoen hutsunea bete du eskualdeko Hitza egunkariak. Ostiralean atera zuen lehen zenbakia, eta babes eta harrera onarekin ekin dio bideari.
Aurkezpen jaia
Ostegun iluntzean izan zen lehen zenbakiaren aurkezpen-festa, Zarautzen, eta era guztietako ordezkariak bildu ziren: erakundeetakoak eta politikariak (Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusia, Batasuneko mahaikideak, eskualdeko udal ordezkariak...), euskalgintzakoak, kulturakoak, gizarte eragileak, herritarrak... Gaur atera du Hitzak bigarren zenbakia, eta herritarrek oso gustura hartu dute. Bi asteotan banaketa masiboa egingo du, eta gero 10.000 harpidetza lortzeko helburua dauka (izena ematen duenak jasoko du egunkaria). Urola-Kostako egunkaririk banatuena izango da orduan. Lehen bi zenbakietan, Iñaki Uriari eta Txabarriri egindako elkarrizketak izan dira artikulu nagusiak.
Hitza osatzen dute:
Eskualdeko Txaparro, Uztarria, Baleike, Danbolinzulo eta Artzape, EKTko Bertako Hedabideak, eta Urola-Kostako gizarte eragileak dira Hitzaren enpresako bazkideak.
Nolako egunkaria?
Egunkaria asteartetik igandera argitaratuko da, egunero 8 orrialde (batzuetan 12 ere bai; gaur, adibidez), eskualdeko 11 herrietako berri emango du, eta etxera banatuko da (51.000 euskaldun daude eskualdean). Zarautzen du egoitza nagusia, eta Azpeitian bestea.
Laugarren "Hitza"
Urola-Kostakoa da laugarren Hitza. Tolosaldeak badu berea (Tolosaldean Egunero 2001eko abenduan sortu zen, eta Egunkariaren itxieraren ondoren, Tolosaldeko Hitzak hartu zuen Tolosaldean Eguneroren lekua), Oarsoaldeak ere badu (2003ko ekainetik) eta Lea-Artibai eta Mutrikuk ere bai (2003ko azarotik). Urola-Kostakoak bere helburua lortuz gero (oso posiblea ikusten da), lau Hitzen artean 27.000 aleko tirada izango dute egunero, eta hori arlo komertzial aldetik ere oso garrantzitsua izango da, publizitate etxe handiak erakartzeko.
Erantzunak kargatzen...