Gaurtik aurrera aldizkari berri bat dute Debagoienean, Asteleheneko Goienkaria. Asteburuan pasa den guztiaren berri izango dute hemendik aurrera astelehenero debagoiendarrek. Eneko Azkarate Goienkariako zuzendariaren eta Monika Belastegi Asteleheneko Goienkariako erredaktore-buruaren balorazioak jaso ditugu Sustatun.
Asteleheneko Goienkaria da, une honetan, Goienaren apusturik sendo, arriskutsu eta anbiziotsuena. Hori horrela oso pozik gaude, azkenean, kalean delako eta jendeak oso ondo hartu duelako produktu berria eta egunkari saltokietan ia agortu egin delako.
Hiru dira produktu honen helburu nagusiak:
Pozik eta aldi berean pixka bat urduri hartu dugu gaur goizean Asteleheneko Goienkaria eskutan. Lehenengo zenbakia argitaratuta ikustearen poza eta urduritasuna ziren. Lantaldeak fin jardun du asteburuan lanean, batera eta bestera Debagoienan barrena hango eta hemengo albisteak jasotzeko. Orain, irakurleek ere guk aldizkaria egin dugun ilusio berarekin irakurtzea espero dugu.
Hiru atal nagusi ditu Asteleheneko Goienkariak: Geurean, Kirola eta Kultura. Asteburuan ibarrean gertatu den ia guztiaren berri jasotzen da hiru atal horietan. Harpidedunek etxean jaso dute lehenengo alea, baina kioskoetan erosteko aukera ere badago.
Geurean atalean politikoek hauteskundeei begira egindako ekintzen berri jasotzen da. Beste kontu hauen berri ere badakar: Gurutze berria jarri zuten antzuolarrek Zurkutzen, "Jueves de Compadre" jaia eta torturaren aurkako ekitaldiak, besteak beste.
Kirolaren atalean asteburuan izandako partiduen berri ematen da, hasi Reala eta Athletic-ek jokatu zuten futbol derbitik eta eskolarteko kiroletaraino. Partiduen berri izateaz gain, analisiak ere aurkituko ditu irakurleak.
Amodiozko Gutunen Berrigara Lehiaketako sariak banatu zituzten joan den zapatuan Bergaran. Ekitaldi horixe da, hain zuzen ere, azalean nabarmentzen dena. Hala ere, beste hainbat kultur ekitaldi ere jasotzen ditu Asteleheneko Goienkariak: Hankatxo taldearen antzerki emanaldia, Oscar Candendo organo jotzaileari elkarrizketa, eta beste hainbat emanaldiren gaineko kronikak.
Zorionak lan-talde osoari. Pentsatu eta egin. Hain denbora gutxian hainbeste hobekuntza eta berrikuntza martxan jartzea txalotzekoa da eta era berean denontzat eredugarri. Eta orain asteburuetan ere lan egin behar! Eutsi goiari.
M.A. Elkoroberezibar