Euskaltzaindiak "garapen iraunkorra" hobetsi du
Euskaltzaindiko azken bileran, Euskal Herriko erakunde batek aurretik egindako zalantza argitzeko, naturari kalte larriak egin gabe manten daitekeen garapena euskaraz egokiro nola esan daitekeen aztertu eta eztabaidatu zen.
Horretarako, bi euskaltzainek prestaturiko txostena aurkeztu zen eta esaera horrek, dituen aldakiak eta orain arteko euskal moldapenak banan-banan ikusi ziren:
- Ingelesez sustenable development (eta hortik gaztelaniazko desarrollo sostenible),
- Frantsesez devéloppement durable
- Alemanez tragbare Entwicklung eta umweltfreundliche Entwicklung
- Orain arteko euskal moldapenak: garapen eutsigarri, garapen jasangarri, garapen iraunkor...
Horiek guztiak aztertu eta gero, horrekin adierazi nahi den kontzeptuarekin eta gure hizkuntzarekin egokienik dirudien itzulpena Garapen iraunkorra dela erabaki zuen aho batez Akademiak, iraun aditzetik sorturiko izenondo eratorri ezagun eta ulerterrazarekin sortua, bide batez, frantses ereduari hurbilduz.
Beraz, Euskaltzaindiaren aburuz, garapen iraunkorra da ekologiaren eraginez gero eta gehiago aipatzen den kontzeptu berri horren euskal itzulpen hobetsia.
Erantzunak kargatzen...