Minbiziaren arrastorik ez, oraingoz
Abenduaren 29an izan ginen Valdecillako ospitalean, Santanderren, jasotzeko genituen-eta hilabete eta erdi lehenago egindako azterketen emaitzak. Han, berri onak eman zizkiguten:
- Gaixotasunaren arrastorik ez. Esan ziguten bai hezur-muinaren azterketan nola eskanerretan, ez dela agertzen linformaren arrastorik. Hortaz, transplanteak eragina izan du.
- Kimerismoa. Nire hezur-muineko zelulen %5 nireak dira, jatorriz; eta %95 nire arrebarenak. Beraz, nire zelula zahar gehienak ordezkatuak izan dira. Gainera, esan zuen medikuak, zelula berriak lanean ari dira, etengabe sortzen globulu gorriak, zuriak eta plaketak.
- Gaixotasun tematia. Nire gaixotasunak (linfoma folikularra) zortzi bat urte iraun lezake ezkutaturik. Horregatik, bost bat urtean, gutxienez, kontrolak egin beharko ditut, badaezpada.
Erronka berria
Beraz, aurreko emaitzak ikusita, medikuek ipini didate erronka berri bat aurrera begira: hil honetan ziklosporina kentzea, eta kontrolatzea horren ondorioz sor daitezkeen erreakzioak.
Transplantea egin zidatenetik bizirik iraun badut, izan da ziklosporinari esker. Hau da botika bat, immunosupresorea, eta helburua du apaltzea nire zelulen sistema immunea, erasorik egin ez diezaieten zelula berriei. Botika hau egunero-egunero hartu behar izan dut, eta beroni esker ez dut izan erretxazorik orain arte.
Orain, ordea, ikusirik nire zelula zaharrak ordezkatuak izan direla ia erabat, medikuek iritzi diote garaia iritsi dela ziklosporina kentzeko. Hori hil honetan zehar egin behar dut eta, zer gerta ere, gertutik kontrolatu nahi dute operazioa eta balizko erreakzioak.
Laster, eskolak ematen
Galdetu nionean medikuari eskolak ematen hasteko posibilitateaz, hark esan zidan oraindik goiz dela, baina nik eman nahi banituen eskolok, has nintekeela gutxika-gutxika.
Hori aprobetxatuz, hil honen 19an, aproba moduan, berriro hasiko naiz klase batzuk ematen. Honek lagunduko dit bergizarteratzen eta, poliki-poliki, lanean hasten berriro, kontrolatzen dugun bitartean ziklosporina kentzeak sor litzakeen erreakzioak.
Aldaketak gorputzean
Azken aldi honetan, hainbat aldaketa igarri dut nire gorputzean:
- Gorriuneak. Ziklosporina gutxitzen ari naizen neurrian, ugaldu egin zaizkit gorriuneak gorputzean. Batez ere enborrean eta lepoan.
- Hazkura. Hau ere, areagotuz doa ziklosporina gutxitzen dudan neurrian. Azken aldi honetan, gainera, askoz minberago igartzen dut nire larruazala.
- Ekzemak. Astean behin-edo ekzema akutua agertzen zait aurpegian: batik bat bekokian eta begi inguruetan. Pomada bat eman behar izaten dut, kortikoideak dituena, eta honek ondo kentzen du ekzema.
- Laztasuna ahoan. Hau azken aldian agertu zait. Ahoaren barrualdea latz sentitzen dut: mingaina, entziak, aho sabaia, etab.
Aldaketa hauek guztiak transplantearen ondorio dira. Medikuek ez diete garrantzi handirik eman, ikusirik neurri baten barruan gertatzen direla. Beraientzat inportanteena da linfomaren arrastorik ez agertzea.
Hiru aste ohean, katarroaren erruz
Minbizia aurkitu zidatenetik, 2002ko irailaren 11 ezkero, ez nuen bat ere gaixotasunik harrapatu. Negu honetan, berriz, sekulako katarroa harrapatu dut. Berehala ohean sartu nintzen, banekien-eta ondo sendatu ezean, hotzeria pneumonia bihur zitekeela, eta honek erabat oker zezakeela nire osabidea.
Nola oraingoz ezin dudan aspirinarik hartu, ez dut izan beste erremediorik ohean egon eta likido ugari edatea baino. Horrela bada, guztira hiru aste egin ditut ohean, baina oraindik eztula kendu ezinik nabil. Dagoeneko hobeto nago, baina igartzen dut katarroak egurra eman didala.
Egun beltza Valdecillan
Egun nahasia izan genuen abenduaren 29a Valdecillako ospitalean. Goizeko 07:45ean iritsi ginenean, gure kontsultatik 25 metrora, sabaia lurrean zegoen. Antza denez, gauean erori zen, eta ez zuen inor harrapatu azpian.
Istripu hura zela eta, sekulako giro larria sortu zen ospitalean: medikuak, erizainak eta gainerako langileak oso haserre zeuden, gogoan baitzuten nola 1999ko azaroaren 2an lau hildako eta 16 zauritu gertatu ziren euren lankideen artean, traumatologiako pabiloiaren fatxada erori zenean. Halako giroa sortu zen, ezen denok behera bidali gintuzten eta ingeniariek esan arte ez zegoela arriskurik istripu gehiago gertatzeko, ez ziguten utzi gora joaten. Goizeko 11:30ak arte.
Bitartean medikuek, erizainek, langileek eta ordezkari sindikalek sekulakoak eta bost esan zituzten ospitala kudeatzen dutenen kontra: ez dela bat ere lantoki segurua, gaizki egin zela, mantentzea are eta gaizkiago egin dela, etab., etab.
Ondoren egin ziren kontsultak ere ez ziren oso normalak izan: mundu guztia atzeratuta zebilen, eta aztoratuta istripuarekin. Egun nahasia benetan. Otsailaren 2an berriz itzuli beharko gara.
Nahi badituzu irakurri aurreko artikuluak, Sustatun argitaratu ditudanak nire minbiziaren inguruan, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.
- Medikuak esan dit minbizia dudala.
- Eskerrik asko denoi ospitaletik!
- Hasi naiz kimioterapian.
- Nola esan zure alabatxoari minbizia duzula?
- Burusoil baten memoriak
- Berri onak: tratamendua aldatu didate
- Minbizia tarteko, ez didate berritu gida baimena
- Neuk ere hartu dut EPO
- Bete dut hirugarren zikloa, kimioterapian
- Nire hezur-muina garbi dago
- Santanderrera noa, transplantea egitera
- Urtebete minbiziarekin
- Valdecillako ospitalea, hitzez hitz
Erantzunak kargatzen...