Sustatu logoa Teknologia albisteak

Eraztunen Jauna III, eta Tolkienen lanaren euskarazko itzulpena

Iban Zaldua - Mordor
2004-01-07 10:01
Eraztunen Jauna III: Erregearen Itzulera

Eraztunen Jauna III: Erregearen Itzulera

Amaitu da, azkenik, Peter Jackson zeelandaberritarraren zinema-trilogia: pasa den hilaren 17an estreinatu zen Erregearen Itzulera, J.R.R. Tolkienen nobela erraldoian oinarritutako filmearen hirugarren partea. Emaitza egundokoa izan da: abenturaz eta magiaz beteriko hiru ordu eta laurden, sekulako efektu bereziak, zuzendaritza lan sendo bat… Nobelaren fan-ek badugu pozik egoteko motiborik… baina baita apur bat etsituta egoteko ere.

Bai...

Uste dut, dena dela, alderdi positiboak gailentzen zaizkiela negatiboei. Matrix saila bezala, trilogia hau mugarri izango da azken urteotako abenturazko filmeen historian.

  • Lehenik eta behin, istorioaren girotze eta “iruditze” lanagatik. Ez zen erraza liburuak irudikatzen duen mundua pantailaratzea, nahiz eta –dena esan beharra dago–hitzez deskribatu zituen munduen nahikoa irudi zehatzak utzi Tolkienek berak, marrazki eta zirriborroen bitartez. Hala ere, horiek irudi zinematografikoetan islatzea ez zen lan erraza. Azkeneko filmeko Minas Tirith espektakularra izango litzateke, nire ustez, adibiderik behinena: aurkikuntza bisuala da Gondorko hiriburua, Italiako erdi aroko eta ernazimentuko urbanismoaren oihartzunez betea (Pisa ekartzen du gogora, esaterako). Beste eszena bat, niretzat oso lortua, Gondor eta Rohan arteko mendi gailurretako suen piztearena izan da.
  • Efektu berezien erabilera harrigarria da, batik bat borroka eta guda-eszenetan. Sentsazio erabat itogarria eta bortitza ematen dute, eta niri, behintzat, lehenengo filmekoak baino maila altuagokoak iruditu zaizkit. Hemen gailurra, noski, Gondorko setioak eta (batez ere) Pelennorko Zelaietako borrokak joko lukete, Rohango zalditeriaren eta olifanteen kargekin, eta Hildakoen Armadaren zorioneko erasoarekin (azken bi eszena hauek, bide batez, ez dira liburuan azaltzen, ez modu zehatz horretan behintzat: hau da, filma azpimarragarria da liburuarekiko fideltasunagatik, baina zuzendariak ez du beldurrik izan aldaketak txertatzeko –eta aipaturikoak ez dira bakarrak–).
  • Azkenik, istorio nahikoa konplexu bat, gutxienez bi eta batzuetan are hiru edo lau planotan garatzen dena, modu ez bereziki korapilatsuan eskaini ahal izan zaio ikusleari; alde horretatik, ezbairik gabe, esan behar da guztia ez dela irudi edo efektu berezi hutsak: atzetik gidoi-lan sendoa dago. Alberto Irazu zinema-kritikariak aipatu duen bezala, “Tolkienen nobelaren beste zailtasun handia horixe zen: hamaila pertsonaia eta istorio paralelo asko enbor nagusi berean elkartu beharra, ikuslea erotu gabe. Eta hori lortu duelakoan nago, bai istorioak harilkatzeko garaian, baita pertsonaiak marrazterakoan ere” ( Berria, 03-12-21).

...baina ez

Baina niri, nobelaren antzinako irakurle bezala, geratu zait halako zapore gazi-gozoa ahoan; berriro ere azpimarratzen dut, uste dut filmearen lorpenak “hutsen” gainetik daudela, eta nire ikuspuntua oso partziala dela, baina horrenbeste gustatu ez zaizkidan gauza batzuk aipatu nahiko nituzke.

  • Irudipena daukat tempoa eta ekintzaren gradazioa, filmearen une jakin batzuetan, ez dagoela guztiz borobilduta. Badakit hori, hiru ordu eta laurdeneko filma batean peccata minuta dena, baina, hala ere, Denethor seneskalaren eromenerako bidean zerbaitek huts egiten duela iruditu zitzaidan, adibidez. Eta amaiera, bestalde, luzeegia, apur bat astuna eta sentimentalegia egin zitzaidan, agian epilogo luzeago eta, tamalez, kamustu baten parte zelako: epilogo luzeago horretan hobeto funtzionatuko zukeen, ziurrenik, amaiera horrek.
  • Honekin lotuta dago, hain zuzen ere, nire hurrengo objekzioa: extended bertsioen iruzurrarekin alegia. Aurreko bi parteetan bezala, jakina da filma honetarako minutu gehiago errodatu egin zirena, eta DVDaren edizio berezi batean ikusiko dutena argia (ezta komerzializatzen den lehengo DVDko bertsioan ere, baizik eta beranduago, “edizio berezian”...). Beno, badakigu kapitalismoak horrela funtzionatzen duela, etengabe premia eta merkatu-segmentu berriak sortuz, baina argitarapen “puztuen” kontua beti iruditu zait iruzurraren antzeko zerbait, eta are gehiago kasu honetan. Zeren eta filmearen hirugarren zati honetan kamusten dena Saruman-ekin zer ikusia duen guztia da eta, halaber, Eskualdearen “berreskuratzearen” edo “garbiketaren” ibilaldia; horrek osatzen du aurreko puntuan aipatzen nuen nolabaiteko “epilogoa”. Episodio horiek funtsezkoak dira liburuan, ordea, hurrengo puntuan aipatuko dudan zerbaitegatik; filma, aretoetan eskaini duten moduan behintzat, erren-samar uzten dute, eta, edonola ere, kontsolamendu eskasa da DVDaren edizio berezian ikusteko aukera izango dugula jakiteak (hala bada, behintzat).
  • Eta, azkenik, eta baita aurrekoarekin lotuta ere, nobelaren sakoneko balioen galerarekin du zer ikusia nire azkeneko bainak. Funtsean abentura epikoa den Eraztunen Jauna nobelari buruz hainbat interpretazio egin daiteke: kontserbatzaileenetik progresistenetara, erabat erlijiosoetatik agnostikoetara, oinarrian izango lukeen balio arrazista edota kolonialistak azpimarratzen dituztenetatik bere arnas ekologista erradikalak nabarmentzen dituztenetaraino… Baina fantasia heroikoaren azpigeneroaren fundatzaile eta gailurtzat jo dezakegun obra hau, nire ikuspuntutik, heldutze-nobela bikain bat da, ere bai, R.L. Stevenson-en Altxor uhartea izan daitekeen zentzu berean. Eta horretarako tempo berezi bat darabil, episodioen mailaketa eta metaketa jakin bat, gertakarien kateatze sotil bat… filmeak lortzen ez duen sakontasun bat alegia. Ziurrenik ezinezkoa zen zinemaratzea espiritu hori… baina aipatu mozketa eta kimatze-lanek ez dute horretan lagundu, ziurrenik.

Liburuaren euskararako itzulpena, Txalapartaren eskutik

Hori normala iruditzen zait: literatura ona, zinemara eramaten denean, emaitza filmikoaren gainetik geratu ohi da, salbuespenak salbuespen (filma nobela baino hobea denean –eta badaude kasu dezente–, nobelaren egilea da arduratzen hasi beharko litzatekeena: azken batean, Roberto Bolañok azpimarratzen zuen bezala, filma erraz bihur daitezkeen nobelak, normalean, ez dira nobela onak). Liburua irakurri ez duenari, beraz, gomendioa luzatu nahi diot: hartu eta irakurri, irentsi Eraztunen Jauna (beti ere kontuan hartuta ez dagoela erdiko biderik: edo maite egiten duzu, edo mardulio irenstezina iruditzen zaizu).

Eta, alde horretatik, euskaldunek badugu pozteko arrazoirik, gorabehera askoren ondoren argia ikusi baitu, osorik, Eraztunen Jauna trilogiaren euskararako itzulpena, Agustin Otxoa Eribekoren eta Txalaparta argitaletxearen eskutik. Nire uste apalean, emaitza ona izan da, azkenean, itzulpenak “korritzen” duelako, batez ere, eta hori oso inportantea da 1500 orrialdetako lan batean. Eta uste dut, gainera, garrantzitsua dela euskal liburugintzarentzat eta kulturarentzat mota honetako liburuen itzulpena, gurean eskasa izaten jarraitzen omen duen irakurle mota bati, plazer hutsezkoari (edo, nahi izanez gero, “nolabaiteko” kontsumoko literaturakoari) irakurgaiak eskaintzen baitizkigu; halakoak ez dira oso ugariak gure artean, euskaraz behintzat.

Zer esanik ez, horrek ez du esan nahi kontsumo hutsezko literaturatzat hartzen dudanik Tolkienen lana, ezta gutxiagorik ere; izan ere, izatekotan, masa-literatura bihurtzera kasualitatez heldu zen nobela bat dugu Eraztunen Jauna... baina, tira, hori beste istorio bat da, eta nahikoa luzatu naiz (beti bezala) nolabaiteko iruzkin honetan...

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu