Iaz, Iban Zalduak panfleto bat banatu zuen Durangoko Azokan: Euskal idazle arrakastatsu bihurtzeko plan estrategikoa, zeina luzapen batzuekin ere atera zuen Sustatun. . Aurten ere panfletoa dakar Zalduak, baina paperean dirurik ez gastatzeko, soilik Sustatun eta digitalki banatzea erabaki du. Gaia: Jon Alonsok aurten literatur belaunaldien inguruan piztutako polemika hori...
Iban Zaldua
Ados: eztabaidagarria da Jon Alonsok *Tropela bezala izendatu zuen idazle belaunaldi, promozio, talde, kermesse edo dena delako horren existentzia bera. Eta agian "sandwich-belaunaldi" moduko horretako partaide suertatu izanak ez du frustrazio-sentsazioa batzuek uste bezainbeste erein. Baina jarrai dezagun, une batez, jolasarekin, eta demagun baietz, badela Tropelik. Hurrengo urratsa izango da onartzea ezaugarri komun batzuk eduki ditzaketen arren (ni uste horretakoa naiz, behintzat), badela aniztasunik hogeita hamargarren urtebetetzea ondo baino hobeto igarota eta berrogeita hamar urte bitarteko euskal idazleek osatzen omen duten multzo horren barruan.
(Ohartxoa, matraka honen berririk ez duenarentzat -besteak, segi aurrera-: "Tropela" Atxagaren "belaunaldiaren" eta egungo idazle "gazteen" arteko idazle talde handia litzateke, zeinaren gainetik jauzi egin omen baitu Famak, haren partaideen artean nahigabea zabalduz-edo; hona hemen bibliografia pixka bat:
-M. Hdez. Abaitua, Belaunaldiak eta Sariak, Berria, bi partetan: 03-10-22 eta 03-10-23
Guzti-guztiak sailkatzeko inolako asmorik gabe, hurbilketa honetan Tropelari, hots, Tropeleko izateko egon daitezkeen zenbait Manera identifikatzen saiatuko gara:
1. EzTropelaria. Hauxe da, ezbairik gabe, Tropelekoa izateko modurik ohikoena eta zabalduena, Tropelaren hipotesia eta "airean frustrazioaren usaina" dabilenik etengabe ezeztatzen dutenena. Oso pozik eta kontent bizi direla errepikatzen dute behin eta berriro, aurrera daramaten lanak guztiz asebetetzen dituela, bizitza literario ezin zoriontsuagoa dutela horrenbeste ezen zalantza egiten baitugu inoiz zer edo zer idaztera hel ote daitezkeen: ez al ziren samina, nahigabea, malenkonia edota hira literatur sorkuntzaren iturri nagusiak? Tira, ezin da esan halako idazle zoriontsurik ez dagoenik, baina horrenbeste ukazio sendo eta errepikakor susmagarri gertatzen da azkenerako. Sigmund Freudek honako hau esaten zuen psikoanalisten dibanetan ohikoa den Ukazioaren (Verneinung) fenomenoaren inguruan: "Subjektuak ukatzen duen horixe da errepresentazio obsesiboaren benetako zentzua ( ). Analisia inkontzientearen aurkikuntzara heldu izanaren frogarik erabatekoena hauxe da: analisatuak erreakzionatzea hitz hauek esanez aldi berean: 'Horretan ez dut sekula ere pentsatu'". (Ea nor ausartzen den orain esatera Tropela ez denik existitzen ).
2. Tropelari Arrakastatsua. Tropela eta Arrakasta elkartzeak oximorona dirudi, baina ez dago halakorik. Tropeleko guztiek gozatzen dute, goizago edo beranduago, bere fama une labur-warholtar baina (ezinbesteko baldintza da hau) behin-behinekoaz. Dela beka edo sariren bat ematen diotelako (Lourdes Oñederrak esan omen zuen bezala, herri honetan arraroa sariren bat ez eskuratzea izaten da), dela Diario Vasco-n, Radio Euskadin edo ETB2n elkarrizketa bat lortzen duelako, dela irakurle txoko ignotoren batetik deitzen diotelako, dela Euskal Idazleen Elkartearen satrapiaren bat eskaintzen zaiolako, ohiko Tropelari gaixoa Arrakastatsua bihurtzen da une batez, edo hori uste du behintzat. Tropelekoa izateko era trantsitorioa da, beraz, Tropelari Arrakastatsuarena, EzTropelaria bihurtzeko arriskua barneratzeraino iritsi daitekeena. Une iragankor horietan eskuzabal sentitzen da Tropelaria, bizipozaz gainezka, eta bere orrialderik ederrenak idatziko ditu (hau ere, bere ustetan). Baina Eguneroko Bizitza Literarioaren Labezomorroak berriz ere gainean jausten zaizkionean, irudikeria amaituko da, eta atzera hasiko da kexatzen, mingoski, emandako prentsaurrekoaren arrastorik ere topatzen ez duenean biharamuneko egunkari krudeletan, edo bere egundoko hitzaldira soilik bi entzule azaltzen zaizkionean (antolatzailea barne). Tropelaria itzuli egingo da, halabeharrez, Martzialen bertsolerro haiek xuxurlatzera, amaitu berri duen liburu eta are artikulu bakoitzari: "Bilatu laster aldekoren bat; / bestela sukalde beltzen batera eramango zaituzte / zure papiroaz atun-kumeak biltzeko busti-bustita / edo intsentsuarentzat nahiz piperrautsarentzat txanoa egiteko".
3. Tropelari Fosila (edo Ohorezkoa). Tropelari Fosilak, berez, ez luke Tropelekoa izan behar: zaharragoa da, aurreko belaunaldikoa edo are aurrekoagokoa ere (aurreko literatur belaunaldiaren aurrekoaren aurrekoko alerik bizirik jarraitzen duenik ez dakit, baina, hala balitz, egongo litzateke bat edo beste ere Ohorezko Tropelarien artean). Adinak, bizipenek, tardofrankismoan hazteak eta Chiripitiflauticoek ez badute egiten, zerk lotzen ditu Tropelarekin Tropelari Fosilak? Frustrazioaren usainak, noski. Mugimendu artistiko guztiek beren aldi klasikoa, manierista eta barrokoa duten bezala, belaunaldi guztiek sortarazten dituzte euren tropel txikiak, giroa egokia izanez gero, Tropel Nagusiarekin bat egin dezaketenak. Tropelari Fosilen izen-abizenak euskal letren historia-liburuetako orrialde galduetan aurki ditzakegu eta, normalean, haien aldarrikapenei kasu eginez gero, gutxienez gauza jakin batean izan dira pioneroak, aurrenekoak, gure literaturan (eta, gehienetan, bitan edo gehiagotan). Baina apenas argitaratzen dute gaur egun, eta, argitaratzen dutenean, oso baldintza eskasetan egiten dute. Ez idazten ez dutelako: paperezko mendi idatziak gordetzen dituzte haien etxeetako kaxoi eta armairuetan. Ez: Ohorezko Tropelariak konspirazio doilor baten biktima dira: errazkeria eta best-sellertasuna sustatzen duen konplexu editorial-informatiboak haien aurka eratu duen konplotarena hain zuzen ere. Baina azkenean argia nagusituko da, eta Tropelari Fosilek euskal literaturaren urrezko pergaminoak beteko dituzte. Bitartean, haiei Tropelean (hau da, letra larriko Tropelean) babesa emateko gomendioa egin du Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuentzako Batzordeak.
4. Tropelari PeterPantua (edo Gaztetua). Ezen ez gaztea: ez da inondik ere gauza bera. Izan ere, aurreko puntuan aipatutako arauak ("belaunaldi guztiek sortarazten dituzte euren tropel txikiak") badu salbuespen bat: idazle gazteena. Tropelekoa izan ohi den frustrazio mota (besterik egon, badagoelako, baita gazteengan ere, baina hau ez da gure gaia) adinarekin eskuratzen da soilik. Tropelari Gaztetuak, beraz, beste gauza bat dira: adinez, formazioz eta abarrez, Tropelekoak dira guztiz, inolako zalantzarik gabe, baina, kurioski, inork ez luke esango Tropelekoak direnik, inork ez du bere izenik aipatzen eztabaida, artikulu eta larrutze saioetan. Tropelaririk ezkutuenak, elusiboenak dira; literatur lifting batek ezaugarriak ezabatu izan balizkie bezala, jendeak, ipintzekotan, gazteen artean ipintzen ditu. Eta haiek oso pozik daude, noski. Tropelari PeterPantuak ez dira, ohiko Tropelariak bezala, burusoilak edo ileurdindunak, eta ez daude ajeek jotaketuak; ez dute seme-alabarik, edo gurasotasuna ondo ezkutatzen ikasi dute; bidaiari apartak dira (edo hori esaten dute, beren bidaia gero eta exotikoagoen diapositibak benetako bidaiariei erosten ez badizkiete behintzat, haiek amaren etxean lasai-lasai geratzen diren bitartean, Quim Monzóren ipuin hartan gertatzen zen bezala); belaunaldikideen ardura literario-kultural-nazionalak bost axola zaizkie, eta natural-natural agertzen dira komunikabide eta publikoaren aurrean (lanak ematen dizkiena, noski: jakina denez, naturaltasuna lortzea munduko gauzarik nekagarriena da). Gainontzeko Tropelariek, nola ez, inbidia diete Tropelari PeterPantuei, haiei eta haien obraren sendotasunari, noski, eta isileko binkulu hori da, hain zuzen ere, Tropeleko bihurtzen dituena.
5. Tropelari-Sermoilaria. Belaunaldi honetako batzuengan agertzen den ezaugarri hau bete-betean txertatzen da euskal literatur tradizio estu-laburraren ildo jakin eta ezagun batean. Baina ez gaitezen engaina: egungo Tropelari-Sermoilariak ez dira santujaleak, antzinako Agirre Asteasukoa, Pedro Astarloa, Lizarraga Elkanokoa eta enparauen antzera; are gutxiago, nahikoa agnostiko, ateo edota are antiklerikalak izatera heltzen dira (beno, hau kasik betebeharrezko baldintza generazionala litzateke, Tropelekoentzat). Ez ba: Tropelari-Sermoilariak predikatzaile laikoak dira; laikoak eta (ultra)ezkertiarrak, pittin bat maldito-gurak eta (haien ustez) undregroundtasunaren gailur. Beren mezua zabaltzeko, sermoia bera ez beste, genero literario ia guztiak erabiliko dituzte: poesia, eleberria, ipuina, prentsa-zutabea, antzerkia, erreportaia. Tropelari-Sermoilariak ez dira konturatzen egun darabilten dotrinak ez dituela burgesak apenas epatatzen, eta haien ustezko ez-zuzentasun politikoak berak eramaten dituela, paradoxikoki, politikoki zuzenenak izatera. Ez dira konturatzen gure gizarte mesokratikoak literaturaren bidez asaldatzeko badaudela, egotekotan, bide askoz ere eraginkorragoak, egun: Michel Houellebecq-ek edo Xabier Montoiak erabiltzen dituztenak, bi adibide oso ezberdin ipintzearren.
6. Tropelari Autoironikoa. Tropeltasunaren kontzientzia azken mugetaraino eramaten duena. Ohiko Tropelaria bezain frustratu, baztertu eta nahigabetu sentitzen bada ere, disimulatzeko era eraginkor bat topatu duelakoan dago, kontuari buruz trufa eta autotrufa eginez. Ezbairik gabe, irakurleak hobeto pasatu ohi du Tropelari Autoironikoaren lantu kamuflatuekin, ohiko Tropelarien kexu biluziekin baino, eta Tropelari Autoironikoari berari jarrera horrek lagundu egiten dio bere porrotak (hala errealak nola alegiazkoak) pairatzen. Baina ezin du inor engainatu. Tropelari Autoironikoaren santutegian Ambrose Bierce bezalako egileak aurki ditzakegu (haren ustez, arrakasta, eta batez ere literatur arrakasta "Norberaren lagunarenganako bekatu barkaezin bakarra" zen), eta Enrique Vila-Matasek Ricardo Pigliari egozten dion aipu hauxe izan dezake ikur nagusitzat: "Errealitatea konplot bat baldin bada, ironia konplot pribatu bat da, konplot horren aurkako konspirazio bat".
7. Tropelari Taxidermista. Biologo batzuen ustez, Tropelari-Sermoilariaren aldaera bat besterik ez da; azken batean, denok daramagu sermoilari txiki bat gure baitan, eta idazleok/intelektualok, inork baino gehiago. Beren klasifikazio, manifestu, kanon, mailaketa eta hipotesiekin gizarteak eskatzen dien esker txarreko zer eginetan dabiltzala sinetsi nahiko lukete Tropelari hauek, baina taxidermia guztiak, benetan, beren fantasmak, hots, beren frustrazioak exorzizatzeko bide bat besterik ez dira: haiek dira, ziurrenik, Tropelaririk zapuztuenak. Tropelaren belaunaldiari berari buruzko gogoetak lirateke Taxidermisten lorpenik behinena, eta ez dira konturatzen ahalegin horiek, ziurrenik, argitaratzen dituzten eleberri eta ipuinak baino fikziozkoagoak direla. Ala bai? Horretaz kontziente balira, ordea, kontuak beste jite bat hartuko luke, guztiz ezberdina: kasu horretan konplot baten aurrean geundeke, bere literatur lana behar bezala egiten jakin ez zuen belaunaldi oso bati publizitate-bultzada berri bat emateko ahalegin erraldoi bezain sekretu baten atarian. Zeinetan denak izango bailirateke konplize: Tropelari Autoironikoak, EzTropelariak, Tropelari-Sermoilariak haien artikuluekin, adierazpenekin eta are isiltasunarekin ere kolaboratu egin dute iruzur honetan, Daskonagerreren garaitik euskal literaturaren historian gauzaturiko handienean. Izan ere, idazle gazteenek (eta, beraz, azkarrenek) eztabaida zozo honekiko erakutsi duten mesfidantza orokorrak hipotesi hau sendotzen du, zalantzarik gabe.
--------------------------
Post Scriptum: Agian, Spiritualized rock taldeko Jason Pierce kantariak aldarrikatzen zuen hura, No God, but Religion ("Jainkorik ez, Erlijioa baizik"), aintzat hartu beharko genuke, eta gutxiago hitz egin Idazleez, eta gehiago Literaturaz. Behingoz.
Post Post Scriptum. Baina hain da tentagarria! Literatura, azken batean, gaixotasun bat da. Eta gaixotasun guztiek dauzkate beren bazilo, birus, bakteria eta bestelako agente patogenoak. Nola hitz egin bataz, besteez aritu gabe? Ein?
Tropel horretan tropelari lartxo ez ote dabilen, merkatuaren ahalak zein (izango) diren kontuan hartuta... Euskarazko edizioaren mundua aldatzera doala dio Jorge Gimenez-ek, Euskal Editoreen Elkarteko buruak. Berria-n irakurri dizkiot hauek, eta zer pentsatua ematen dute. Gainera, bere iritziz, ez bakarrik liburugintzaren geroa, kultur komunkazioaren etorkizuna dago auzitan.
Gimenezen hitzetako batzuk, ostiralean Juan Luis Zabala Pipik sinatutako artikulutik ateratakoak:
Guzti horrek zer esan nahi du? Kontsumo errezeko literatura bultzatu behar dela? Bale, ez zait txarto iruditzen: bete dezagun gure munduttoa Osororen, Arretxeren edo Morilloren klonez.
Baina alde batera laga beharko ditugu eufemismoak, eta euskal literaturaz edo euskal idazleez hitzegin beharrean, euskal liburu produkzioaz eta euskal idazlariez hitzegiten hasi beharko dugu.
Zikloturista jubilatuen elkartekook: mesedez utzi pasatzen nire deportibo berriari. MOK MOK!