Euskaltelek gaur Bilboko Gran Vian duen egoitzan, Euskaltelium-en, Elhuyar Fundazioaren laguntzaz egin duen telekomunikazioen hiztegia aurkeztu du.
Euskaltelek euskarazko lehen telekomunikazio-hiztegia argitaratu du
Sektore honetan euskaraz egin den lehen hiztegia da. Aurkezpen-ekitaldia Euskalteliumen egin da, orain dela gutxi Bilbon inauguratu den gunean, eta Jose Antonio Ardanza Euskalteleko lehendakaria eta Jose Maria Rodriguez Ibabe Elhuyar Fundaziokoa izan dira bertan.
Telekomunikazioen sektorea asko garatu da azken urteotan, eta horrek termino berri ugari sortzea eragin du. Horren ondorioz, Euskaltelek hutsune bat somatu zuen hiztegi aldetik, eta hutsune hori bete nahi izan du. Argi dago hizkuntza bat garatzeko eta hizkuntza horrek bizirik irauteko (kasu honetan euskarari buruz ari gara) ezinbestekoa dela edozein egoera berritan komunikatzeko benetako bidea, bide eraginkorra izatea. Telekomunikazioen sektoreari dagokionez, helburua erabiltzaileen beharrak asetzeko produktuak eta zerbitzuak euskaraz merkaturatu ahal izatea da, eta, azken batean, esparru honetan lan egiten duten profesionalentzat edo ikertzaileentzat laneko hizkuntza izatea euskara.
Euskaltel Telekomunikazio Hiztegia-ren bidez, erakundeak telekomunikazioei buruzko informazio-zerbitzu bat eskaini nahi dio gizarteari, Interneten doan kontsulta daitekeen zerbitzua eskaini ere. Euskaltelek hiztegia hainbat erabiltzaile gogoan izanik moldatu du: teknikaria, irakaslea, ikaslea, itzultzailea, kazetaria, bezeroa eta, oro har, herritarra. Hiztegiaren xedeetako bat informazio argia, zehatza, eguneratua eta ulerterraza ematea da, eta, aldi berean, telekomunikazioen arlo berri eta dinamikoan zegoen hutsunea betetzea.
Landu diren alorrak hauek dira: sarea (transmisioa eta azpiegitura), telefonia, Internet, telebista, telekomunikazio-zerbitzuak, erakundeak, legea eta atal orokorra. Dokumentuak euskaraz eta gaztelaniaz 864 kontzepturen definizioak ditu, eta, terminoetan, 1.324 euskaraz daude, 1.397 gaztelaniaz, 1.532 ingelesez eta 1.588 frantsesez.
Euskaltelek zuzendu du hiztegia egiteko prozesua, eta erakundeko aditu-talde batek eta Elhuyar Fundazioko Hizkuntz Zerbitzuen sailak parte hartu dute. Aditu-taldearen egitekoak, berriz, honako hauek izan dira: kontzeptuak hautatzea, definizioen kontzeptu-kalitatea bermatzea eta terminologiaren egokitasun kontzeptuala egiaztatzea. Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuen saila arduratu da proiektuaren koordinazio teknikoaz, terminologia-lanaz eta hiztegiaren bestelako edukiak prestatzeaz. Kontzeptuen definizioak euskaraz landu dira, eta, adituek onetsitakoan, gaztelaniara itzuli dira.
Kontzeptuak hautatzeko iturriak hauek izan dira: Euskaltelen beraren testuak, erdal telekomunikazio-hiztegiak eta adituen proposamenak. Euskarazko terminoen iturri nagusiak, berriz, Euskaltelen testuetatik erauzitako termino-multzoa eta Euskalterm termino-banku publikoa izan dira. Zenbaitetan, euskarazko termino berriak proposatu behar izan dira. Horrelakoetan, Euskaltzaindiaren lexiko-irizpideekin bat datozen terminoak proposatzea hobetsi da.
Interneteko kontsulta-sistemak aukera ematen dio erabiltzaileari bilaketa zenbait irizpideren arabera egiteko (besteak beste, termino-bilduman, definizioetan eta alorka), eta kontzeptuen artean erraz nabigatzeko (bidaltze-oharren eta definizioetako hiperesteken bidez).
Euskaltel Telekomunikazio Hiztegia Euskal Herrian alor honetan argitaratzen den lehen hiztegia da, eta Euskaltelek Informazioaren Gizartearen eta euskararen garapenari egin nahi dien ekarria da.
Pribaua da , bai, baino egituraketa edo enpresa izaerari dagokionean, hau da ez da eusko tren edo ihobe moduan enpresa publiko bat, hau da, zuzenean administrazioari loturik dagoen enpresa bat, bere akzionistak zein diren ikusten badugu, sektore pribatuko akzionistak badaude, baino ez dezagun ahaztu jaurlaritzak eta EAE ko hiru herrialdetako aurrezki kutxek sartu zutela dirua haseran, beraz ez da guztiz publikoa baino denon diruak zerikusi handia izan du... .
Poztekoa da Euskaltel bezalako erakunde pribatu batek gizarte guztiaren onerako izango den lan eta zerbitzuak ematen dituela ikustea.
Hiztegiarekin piska bat jolasten aritu naiz eta ondo dagoela dirudi, hala ere iradokizun batzuek:
- Mozilla nabigatzailearekin bilaketa-formularioaren eremuak ez dira guztiz ondo ikusten, batzuk markotik kanpo joaten baitira.
- Termino hiztegien batasuna: aurrera begira Euskalterm eta Telekomunikazio Hiztegia biak bere kasa ibiltzea ez dut oso zentzuzkoa ikusten; egokiena lankidetza izango litzateke erreferentzia izango det webgune bakar batetik terminologia hiztegi denak atzi ahal izan ditzagun.
Azkenik, kritika zorrotz bat egin nahiko nuke:
Noiz ibiliko da Euskaltel.es gunea behar den bezala Internet Explorer ez diren nabigatzaileekin? Nire Mozillarekin behintzat mota guztietako erroreak ematen dizkit duela urteetatik.