Ez da zehazki Beste Webgune Euskaldun Bat, baina bai webgune baten berrikuntza: Uztarria.com webguneak, itxura berria du. Diseinua, efemerideak, elkarrizketak on-line, bilaketa, eta berrantolaketa dira aldaketa nagusienak.
Uztarria.com berritu egin da.
Larunbat honetan, Azpeitiko Uztarria Kultur Koordinadorak eta Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak bat egin zuten, talde indartsuago eta sendoagoa lortzeko asmotan. Eta aitzakia hori baliatuz, uztarria.com Azpeitiko herri-ataria ere berritu egin da. Herri-ataria, duela ia bi urte inaguratu zen; 2002.urtearekin batera, hain zuzen ere.
Uztarria oso pozik dago orain artean uztarria.com atariak egindako ibilbideaz. Herri komunikazioa eta teknologia berriak uztartzeko ahaleginean, urrats garrantzitsua eman da bi urteko ibilbide honetan; eta, aurrerantzean ere, bide hori jarraitzeko konpromezu eta ilusioa erakutsi nahi da berrikuntza honekin.
Berrikuntzarik nagusienak
Honako hauek dira, berrikuntzarik nagusienak.
- Diseinu berria. Diseinua aldatu egin da, sinplifikatu, ahalik eta errazena izan dadin bertan nabigatzea. Gutxien erabiltzen ziren loturak, kendu edo ezkutuago utzi dira. Helburua, bakarra: herritar guztiontzat, komunikazio tresna erabilgarriagoa lortzea.
- Elkarrizketak on-line. Esperientzia aintzindaria euskal webgintzan. Hilean behin edo, herritar bat ipiniko dugu ordenadorearen aurreran, azpeitiar internauten galderei erantzuten. Etxetik hasteko, lehenbizi Laxaro Azkune bera izango dugu datorren ostegunean, lanabesa probatzen.
- Efemerideak. Uztarria-k, laster argitaratuko du Imanol Elias historiagileak idatzi duen efemerideen liburua. Bada, publikatu aurretik ere, hemen daukazue sarean. Egunez-egun, kontsultagai. Eta egunean eguneko efemerideak, portadan bertan. Azpeitiarrontzat altxor haundia, ezbairik gabe.
- Berrantolaketa. Diseinuarekin batera, atal batzuk berrantolatu egin dira. Oraingo baino gehiago, ondoren etorriko diren hobekuntzei erantzun nahi die berrantolaketa honek. Herria atala sortu dugu; bertan jarriko ditugu herriko zenbait zerbitzu, autobus ordutegi, eta gisa hortako informazioak. Momentuz, Foru Aldundiak eskaintzen duen aukera baliatuz, herriko mapak eta sartu ditugu, loturen bidez. Lehen aparte genituen taldeak eta ziber-artxiboa ere, adibidez, atal nagusiago honen azpian kokatu dira orain.
- Argazkiak. Azken aldi honetan martxan zegoen atala da hau, baina indarberrituta irten da oraingo diseinuan. Hilabeteak argazkitan ikusteko aukera dago webgune honetan; eta, baita, zenbait hitzordu edo gertakizun argazkitan ikustekoa ere. Ikusi, adibidez, zer izan den azaroa Azpeitian
- Bilaketa sistema. Bilaketa sistema berria du atariak, martxan. Egin aproba, eta ikusiko duzu zeinen erraza den atera ditugun aldizkari guztietan, albisteetan, zibertekan, eta gainerako orrialdeetan bilatzea. Nahi baduzu, sartu bi hitz edo gehiago ere.
- Beste batzuk. Bestelako aldaketa txiki batzuk ere egin dira. Herri aldizkarietan nabigatzeko modu txukunagoa daukazue orain; inkestetan boto-ematea kontrolatu egiten da apur bat; edozein orri inprimatzeko prestatu edo lagun bati bidaltzeko aukera daukazue, ezkerreko menuan; agenda atala ere berritu egin dugu, sinplifikatzeko; eta abar.
Uztarria.com atariak, Azpeitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza
jasotzen du. Eta berrikuntza eta diseinu aldaketa honetan, CodeSyntax enpresa aritu da.
> Momentuz, Foru Aldundiak eskaintzen duen aukera baliatuz, herriko mapak eta sartu ditugu, loturen bidez.
Googlek berehala detektatu du Uztarriaren berrikuntza, eta eduki berri guztiak indexatu ditu. Bereziki, Geografia atal horretan dauzkazuen b5m.gipuzkoa.net aplikazioko mapen zerrenda, Azpeitiko auzo, kale eta baserri guztien izenak.
Horren ondorioa zera da: orain Azpeitiko edozein baserriren edo kaleren izena bilatu Googlen, eta orri horrekin egiten duzu topo, eta ondorioz, etxe horren plano eta mapa zehatzarekin han klikatuz gero...
Adibidez, Ildefonso Gurrutxaga Kalea edo Agerditxo baserria bilatuta, Google-tik zuzenean Uztarriara, eta handik mapa zehatzera.