Linux euskaraz erabiltzaile arruntontzat?
Horregatik erabaki dut Linux instalatzea, librepentsalarion esperantza hor dagoela jakitun. Orain arte bi faktorek atzeratu dute erabakia: Linux oso zaila eta ulergaitza izatea batetik eta instalatzeko prozedurak zailak izatea (partizioak egin, softwarea aurkitu...). Esaten dutenez, orain oso erabilterraza da eta, noski, sistema bera eta softwarea euskaraz lortzea daukagu. Ea bada, instalatuko dugu!
Badakit Mandrake 8.2 banaketaren euskarazko bertsioa zuen CDa kaleratu zela, bertoko Linuxzaleen ekimenez eta Jaurlaritzaren laguntzaz, baina jakin dut Mandrake jada 9.2an dagoela eta nik gaurkotua nahi dut. Joan naiz Eusko Jaurlaritzaren euskarari buruzko webgunera (bitxia da, gutxienez, hasierako orrialdea erdarazkoa izatea) eta han bakarrik 8.2a jaitsi daiteke (gaitzerdi).
Nire galdera: euskarazkoa integratuta dator 9.2 horretan? Ikusi dut badagoela ftp helbide bat non hiru CD iruditan Mandrake 9.2 datorrela. Jaitsiko ditut horiek?
Bestalde, OpenOffice.org programari dagokionez, Urte hasieran UEUko informatikarien bilkuran hartu nituen baina Miramarren bertan ohostu zidaten, Mandrake 8.2rekin batera. Jaurlaritzari OpenOffice.org eskatzeko inprimakia bete nuen nire helbidearekin baina ez zidaten bidali. Gainera, Sustatun irakurri dut Xuxen zuzentzailea ez zeukala eta geroago atera zutela. Nola lor daiteke (berriena), Xuxen eta guzti?
Hara zer somatzen dudan faltan:
Linux munduaz ezer gutxi dakigunok azalpenak euskaraz eta softwarea eskura izango genukeen webgune bat aurkitu nahi nuke, ahal dela CD batean eskuratzeko edo saretik jaisteko eta instalatzeko argibideak eta deskargak egiteko loturekin (eguneratuak). Badakit azaltzeko ahaleginak izan direla baina oso nahasgarria ematen du hainbeste gune eta talde aurkitzeak: Librezale webgunea, Euskal Linux taldea, EuskalGNU taldea (zein azkar kargatzen den), Bizkaiko elkartea... Uste dut euskaldunontzako Linux webgune osatua egonez gero askoz jende gehiagok instalatuko lukeela. Extremadurako Rodriguez Ibarra hori ez dut biziki maite baina Linex hori oso ideia ona da.
Erantzunak kargatzen...