Sustatu logoa Teknologia albisteak

Bittor Hidalgo eta galdegaia

Joxe Aranzabal
2003-11-26 10:11

Elkarrizketak jorratzen du behin eta berriro euskarak zer arazo dituen erraz eta egoki komunikatzeko. Eta nola gai hau dagoen kazetaritzaren bihotzean, hona ekarri ditut hango pasarterik esanguratsuenak.

Euskal joskera. 1900 arte, badago euskal joskera naturala edo deitu dezakegun bat, nolabait hausnarketa seriorik gabe edo egiten dena, gauzak komunikatzeko egiten dena. (…) Eta 1900ean dator iraultza. Jakinaren gainean, kontzienteki egindakoa da, pertsona batzuek bultzatutakoa. Alderantzizko eskola bat sortzen hasten da. 1900ean euskara, erdi hilean zegoen, oraintxe dagoen bezala. (…) Planteatu beharrean euskal joskera da “euskaldunek orain arte erabili dutena”, euskal joskera definitzen dute “gaztelaniaren kontrakoa”.

Azkue eta Altube. Bai, Azkue da nagusiki legea asmatzen duena, eta nolabait eragina duena garai hartako belaunaldi euskaltzale guztian. (…) Altubek ez du egiten Azkuek esandako gauzak errepikatu baino, dotoreago, jantziago, edo adibide gehiagorekin emanda, baina Azkueren ideiak dira hor daudenak.

Galdegaiaren legea. Legea da: euskaraz aditza beti atzean ematen da, gaztelaniaz aditza beti aurrean ematen da. Eta gaztelaniaz egia da aditzak joera duela aurrean joateko eta euskaraz egia da, bikoteetan eta joera duela bigarren lekuan joateko. Baina pentsatu beharrean: “euskaraz aditza bigarren gunean joaten da”, planteatzen dutena da “aditza amaieran doa”. Aditza atzeratzeko arau horrek eragiten dizkigu gaur egun komunikatzeko eragozpenak edo zailtasunak mezuak ulertzeko. Galdegaiaren legea gezurra dela esan behar da, gezurraren hizki guztiekin.

Purismoak. Mende aldaketarekin hiru purismo mota sortu ziren: purismo lexikoa edo hiztegiko purismoa batetik, hitzen ordenari dagokion purismoa bestetik, eta zeinismoaren kontrako mugimendua. (…) Purismoaren beste ondorio bat da, garai horretan gaitzesten direla, ordura arte erabili izan diren mendeko esaldien aurrepartikula guztiak: zergatik, zeren, zein, zeinismo guztiak. Ordura arte euskaldunek barra barra erabili dituzte idatziz eta ahoz.

Purismoaren ondorioak. Arazoak hasten dira Hegoaldean, behin frankismoa bukatzen ari denean, eta euskara benetan komunikazio hizkuntza bihurtu nahi denean. Euskararen transmisioan eten ikaragarria zegoen, bai famili transmisioan eta baita kultura transmisioan ere. Hegoaldean garai hartan euskaldundu ginen guztiok ez genuen ezagutzen euskal liburu bakar bat ere! Aurreko testurik ez zegoen, orduantxe sortzen ari ziren testuak bakarrik ezagutzen genituen. Geu sortzen ari ginen euskara, ez genuen aurreko tradiziorik ezagutzen.

Hidalgoren ikerketa. Emaitzarik garrantzizkoena da ez dagoela diferentziarik gure euskara idatzi klasikoaren, XIX.mendetik jasoak ditugun ahozko testigantzen, eta gaur eguneko ahozko hizkeraren artean. Sintaxian ezberdina den bakarra da gaurko euskara idatzia. Baina zergatik? Natural idatzi beharrean, Azkuek eta Altubek erabaki duten sistema batean idazten dugulako.

Arazoak euskara ulertzeko. Euskarazko testuekin alderantziz gertatzen zait: hitz guztiak ezagutzen ditut, eta ez dut ulertzen zer esaten duen. Bi edo hiru aldiz pentsatu behar dut horren gainean, eta nekea eragiten dit. Hori gertatzen zait azken 20 urteotako testuekin, Axular irakurtzeko ez daukat arazorik, edo dauzkadan arazoak ingelera irakurtzerakoan dauzkadan berak dira: ez dudala lapurtera klasikoko hitzen bat ulertzen.

Ikerketaren ondorioak. Estatistikek erakusten dutenez, euskaraz aditza esaldi amaieran ematen da kasuen %28an. Borobilduz, 10etik 3tan. Hori portzentaia altua da, Gazteleraren, Frantsesaren edo Ingelesaren aldean. Hizkuntza horietan, demagun, %0,001ean gertatzen delako. (…) Euskarazko tradizio klasikoan aditza esaldi hasieran ematen da %14ean. Hori ere ez da gutxi, eta kontuan hartu beharko da! Eta aditza erdian ematen da %55ean edo.

Non kokatu informazio gunea. Non ematen da aditzaren informazio pisurik handiena, informazio gunea, "galdegaia" deitzen den hori? Idazkera klasikoan edo gure gaurko ahozko euskaran, %90ean aditzaren atzetik ematen da esaldiaren pisu informatibo nagusia. Aldiz, euskara batuan aurretik ematen da %90ean. Esaldiaren pisua zeharo desegituratuta dago, beraz.

Ahozkoa eta idatzizkoa. Ahoz hala idatziz aritu, badago desberdintasunik. Baina ahozko hizkeratik ikasi behar dugu idatzi komunikatiboa egiten. Hau da Pello Esnal eta Joxe Ramon Zubimendik abiatu duten kezka. Ahozko hizkeratik ikasi behar dugu, ahozko hizkera kutsatu gabe dagoelako Azkue-Altuberen fenomenoarekin.

Inork nahi badu elkarrizketa osorik irakurri, hementxe dauka. Nire ustez, interesgarria da oso. Sareko bertsioa luzeagoa da paperean datorrena baino. Guk handik hartu ditugu zati hauek.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu