Sustatu logoa Teknologia albisteak

Aldaketa16 aldizkaria jaio da, euskaraz

Sustatu
2003-09-24 18:09

Cambio16 enpresak Aldaketa16 aldizkariaren zero zenbakia plazaratu berri du, erabat euskaraz. Gorka Landaburu du zuzendari eta urriaren 7tik aurrera kalean izango da, astero.

Euskarazko aldizkarigintzak kimu bat gehiago izango du hemendik aurrera: Aldaketa16, Politika, Ekonomia, Kultura eta Gizarteari Buruzko Aldizkaria. 84 orrialde ditu, koloretan eta denak euskara hutsean. Zenbaki honen azala ikusi nahi baduzue, klik egin argazkian, artikulu honen bukaeran.

Cambio 16 aldizkariaren taldeak atera du astekari hau eta Gorka Landaburu kazetari zarauztarra izango du zuzendari.

Asmoak

Enpresa argitaratzaileak gutun bat zabaldu du, eta honako asmo hauek jakinarazi ditu:

“Aldaketa16 aldizkariaren zero zenbakia duzu esku artean daukazun hau, Cambio-EIG talde editorialaren eskutik Aldaketa Euskadi SLk euskaraz argitaratzen duen informazio orokorreko astekari berria. Aldizkaria Euskal Herriko kiosko guztietan egongo da salgai, eta 67 herrialdetan banatuko da datorren urriaren 7tik aurrera, egun horretan argitaratuko baita aldizkariaren lehen zenbakia. Politika, ekonomia, kultura eta gizarte gaiak landuko dira, eta helburu bikoitzarekin jaio da: euskal informazioaren merkatuan era honetako argitalpenen alorrean dagoen hutsunea betetzea batetik, eta bestetik, nazioartean euskara hedatu eta euskal nortasunaren zantzuak, sinboloak, erakundeak, kultura eta tradizioa defendatzeko bailiabiderik eragingarriena bilakatzea”.

“Gure asmoa Aldketa16 euskaldun guztion arteko lotura izatea da, hala Euskal Herrian bizi direnena nola munduan sakabanatuta dauden euskaldunen komunitateena. Euskararen normalizazioarekin eta hedapenarekin batera, Aldaketa16 agertoki libre eta independente izan dadin nahi dugu, askotarikoa eta egiatia, iritzi eta planteamendu guztiak plazaratzeko gunea, betiere errespetuz eta askatasunez adierazita”.

“Aldaketa16 aldizkarian gauzei beren izenez deituko diegu, baina horretarako irakurle eta berriemaile izango zareten guztien laguntza behar dugu. Zeuen irizpideekin bat datorren komunikabidea eskaini nahi dizuegu, norberak bere iritziari eutsita, elkarrekin garapenean eta elkarbizitzan, bakean eta askatasunean aurrera egiteko”.

“Aldaketa16 aldizkariaren zero zenbakiarekin batera, urriaren 5ean Lazkaon ospatuko den Kilometroak jaiari eskainiko zaion zenbaki berezi bat ere argitaratuko dugu. Ale berezi horrekin, euskararen alde lanean euskal gazte gehien biltzen duen topagune handienari babesa ematea da gure asmoa”.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu