Sustatu logoa Teknologia albisteak

Zrtko lbru au? :-)

'Zazpiak Batman'  kolektiboa
2003-09-23 12:09

Segapotokoak, sakelako telefonoak, mugikorrak, patrikakoak... Nahi duzuen bezala deitu, baina traste txiki horiek erabateko iraultza ekarri digute. Baina ez bakarrik ahoz komunikatzeko moduetan. Baita idazteko moduan ere. 1545ean euskarazko lehen liburua argitaratu zuen Beñat Detxeparek. 1968an euskara batua sortu zen Arantzazun. Eta 2000. urtean zibereuskarari zabaldu zitzaizkion leihoak.

Behatz lodiarekin idazten

Garai batean eskuineko eskuarekin idatzi ohi zen: lumaz, boligrafoz, arkatzez...

Ondoren idazmakinak asmatu ziren eta bi eskuetako hatzez idazten hasi zen –batzuk birekin, trebeenak hamarrekin-. Ordenagailuek, informazioa tratatzeko moduan eragin zuten aldaketa, ez ordea, idazteko moduan. Izan ere, idazmakinetan eta ordenagailuetan, ia modu berberean idazten baita.

Bat-batean ordea, ia konturatu gabe, denak behatz bakarrarekin eta modu diferentean idazten hasi ginen: zibereuskaraz.

Zibereuskara sortzen ari da eta gero eta indar handiagoa ari da hartzen, batez ere gazteen artean. Internetek, txatek eta segapotoek eragin dituzten aldaketen artean, agian nabarmenena, harreman informaletako erabilera idatzian sumatu da: hitz egiten den bezala idazten da. Eta esan liteke, lehen aldiz euskararen historia gertuan, fenomeno hau, denbora bertsuan gertatu dela gurean eta inguratzen gaituzten beste hizkuntza indartsuagoetan.

Euskaraz dibertitzeko aukera

Liburu hau, jolaserako, komunikaziorako, harremanetarako, dibertsiorako eta sedukziorako aitzakia da.

Euskaraz haserretu, maitemindu, ziria sartu, gozatu, adarra jo... nahi dugu. Eta horretarako, ba al da bide egokiagorik mugikorretako mezuena baino?

Zazpiak Batman kolektiboa osatzen dugun guztion obsexioa da, euskara jolasgai eta gozagai bihurtzea. Euskara hizkuntza bizi, kaletar, adierazkor eta aberatsa izan dadin lortzea. Kolore askotako euskara sortzea.

Alegia, zerbait modu bereziz edo indartsuan adierazi nahi dugunean, ez daukagula sistematikoki inguruan ditugun erdara indartsuetara jo beharrik eta euskarak berak eskaintzen dizkigun beste bideak ere jorratu behar ditugula. Aukerak asko dira: euskarak berezko dituen hitz eta esamoldeak erabil genitzake, euskalkian bizirik dirautenak... Edo hizkuntza eta garai guztietan egin den bezala, guk geuk hitz eta esamolde berriak asmatu.

Euskrz 2zi ny dt

Mezuetako euskara, zibereuskara, denon artean osatu behar dugun hizkuntza berri bat da. Eta zenbat eta gehiagok eta zenbat eta gehiago erabili, orduan eta normalagoa, aberatsagoa eta adierazkorragoa izango da.

Horregatik, biziki poztu ginen "Kilometroak 2003"ko antolatzaileek, esloganerako "euskrz 2zi ny dt" esaldia aukeratu zutenean. Eta mezuak euskaraz idazteko liburuxkaren bat egiteko proposatu zigutenean, ez bat eta ez bi, baiezkoa erantzun genien.

Ilusio horren emaitza eskuartean duzun liburuxka da. Liburu hau, ez da apal batean txukun gordetzeko jaio. Erabiltzeko, xikintzeko eta eskuz-esku ibiltzeko jaio da, mezuetan ere euskaraz gehiago egin dadin.

SMSez euskaraz idazteko dekalogoa

Hauek dira mezuak euskaraz bidaltzerakoan aintzat hartu beharreko 10 arauak:

  1. Ez dago araurik. Hizkera berri honetan denak proposamenak dira. Baita liburu honetan agertzen direnak ere.
  2. Ulertzen den guztia balekoa da.
  3. Hizkera hau kolektiboa da. Denon artean asmatu eta eraiki behar dugu. Are gehiago, mezuak euskaraz bidaltzen ditugun neurrian sortuko da.
  4. Ahalik eta pultsazio gutxien erabili.
  5. Bokal gehienak soberan daude. Gehienetan, kontsonanteen bidez uler genezake hitza (skrriksk = eskerrik asko)
  6. Ahoskatzen ez denez "h"a ez da ia erabiltzen, akronimoetan ez bada (HEHBS = "Hi ez hago burutik sano").
  7. Zenbakiak eta zeinuak nola ahoskatzen diren, hala erabili (2ar = bihar)
  8. Batua eta euskalkiak, denak dira baliagarriak. Berba egin, hitz egin edo mintzo zaren bezala idatzi. Eta zuena, besteenarekin aberastu (J2x).
  9. Maiuskulak hitzak nabarmentzeko erabiltzen dira. OIHUKA ARI ZARA!
  10. Ongi pasa eta gutxi gastau!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu