Sustatu logoa Teknologia albisteak

Plagioa, boladan berriro

Aitita Makurra
2003-09-18 11:09

EscueladeEscritores.com sareko ikastetxeak lehiaketa bat antolatu du, non sarituko baita Gabriel García Márquez idazle kolonbiarraren idazkeran edo mundu majikoan oinarritutako lanik onena.

Irabazleak bale bat jasoko du, 350 euro baliokoa, liburuak eros ditzan Madrilgo liburudenda batean. Bost lan finalistak, bestalde, argitaratu egingo dira, irabazlearenarekin batera, ikastetxearen webgunean.

“Lehiaketa honen bidez —esan dute antolatzaileek— bultzatu nahi dugu plagio sortzaile eta zintzoa. Edo, beste modu batean esanda, landu nahi dugu imitazioa, sorkuntzarako txanpa izan dadin”. Antolatzaileak sinestuta daude imitazio zintzoak eta aurretik idatzitako istorioen birtsortzeak benetako artelanak ernal ditzakeela.

Betidanik mundu osoko margolariak orduak eta orduak igaro dituzte museoetan bestek egindako maisulanak kopiatzen, irakasleen lanaren esentzia harrapatu eta haien baliabideak ikaste aldera. Hori gogoan, eta Gabriel García Márquez omendu nahi dutelako, eratu dute ikastaro hau.

Plagioaren laudorioa

XVIII. mendeaz gero plagiatzea oso gaizki ikusita egon da gure artean ere. Lapurretaren parekoa jo izan da, eta gure hiztegietan ere garbi geratu da horren arrastoa. Honela definitzen du plagioa Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak:

  • Plagio. Plagiatzea, besterenak diren obren kopia edo antzeratzea, norberak eginak balira bezala azaltzeko egina.

Baina 1988an Bernardo Atxaga etorri zen eta Obabakoak liburuan idatzi zuen Ondo Plagiatzeko Metodoaren Azalpen Laburra, Eta Adibide Bat, non Axularren laguntzarekin, plagioaren gorazarrea egin baitzuen.

Plagio arrastorik ez EIEren Idazle Eskolan

Atxagaren lana gorabehera, Euskal Idazleen Elkarteak antolatu duen Idazle Eskolan ez da plagio konturik aipatzen, idazleak trebatzeko erreminta moduan. Beste albiste honetan ere ez.

Beharbada datorren urtetik aurrera, eskarmentu handiagorekin, eskainiko digute euskaraz ontsa plagiatzeko bidea.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu