Irailaren 16a: Su-etenaren aldeko aldarria
Gaurko egunez ETAk su-etena eman zuenetik 5 urte igaro direla-eta, herritar talde batek su-etenaren aldeko agiri bat idatzi dugu.
Irailaren 16a: Su-etenaren aldeko aldarria
Duela bost urte 1998ko irailaren 16an ETAk su-etena eman zuen. Su-etenarekin itxaropena piztu zen herri honetan. Alde bateko armak isiltzearekin batera, askoren sufrimendua arintzeaz gain, elkarlan dinamika berriak sortu ziren, hainbat sektoreren arteko harresiak erori, erakunde eta ekimen berriak jaio, kontsentsu bideak zabaldu Azken batean, etorkizun hobearen itxaropena piztu zen, eta nabaria zen hori guztia giroan. Asko ginen arnasa lasaiago hartzen hasi ginenak, eta asko, baita ere, herrigintzan baldintza hobetan aritzeko aukera sentitu genuenak
Su-etena hautsi ondoren, ordea, lehengo etsipenera itzuli ginen gehienok. Eta sufrimenduaren kate luzea berriro ere luzatu egin da harrezkero: hilketak, mehatxuak, torturak, atxiloketak, tratu txarrak, zigor bidegabeak, Egunkariaren itxiera, ilegalizazioak, eta abar. Eta sufrimendu horrek guztiak izugarri kezkatzen gaitu.
Bestetik, euskaldunok berriro ere zatiketez josita gabiltza, batasunik gabe, elkarri mokoka. Eta abertzaleak ere zatituta. Ezker Abertzalea bera ere zatituta dago. Izan ere, indarkeriak zatiketa ugari eragiten du. Eta zatiketa horiek ere biziki kezkatzen gaituzte.
Gure ustez, su-etena oso lagungarria izango litzateke herri honek aurrera egin dezan. Horregatik kaleratu gara puntu honetan adostasun osoa dugun hainbat herritar: ETAk Euskal Herriaren etorkizunerako eta nazio eraikuntzarako egin dezakeen ekarpenik onena su-etena aldarrikatzea dela ikusten dugu. Eta arrazoi ugari ditugu su-etena eskatzeko:
- Alde guztietako sufrimenduaren kate luzeari amaiera ematen lagunduko lukeelako.
- Euskal gatazkari irtenbide elkarrizketatua emateko aukerak handiagoak izango liratekeelako.
- Gure arteko zatiketa ugariak gainditzea erraztuko lukeelako.
- Espainia eta Frantziako gobernuen bidegabekeriei, ETA-ren borroka armaturik gabe, askeago, indar handiagoz eta argudio gehiagorekin aurre egingo geniekeelako.
- Euskal Herrian, mundu zabalean bezalaxe, terrorismoa aitzakia paregabe bihurtu delako askatasunak murrizteko eta politikarik atzerakoienak bultzatzeko.
- Indarkeria politikoak sortzen duen zaratak beste injustizia asko estaltzen dituelako, baita Euskal Herrian bertan egunero-egunero gatazkaren konponbidearen alde eta herrigintzan lanean isilik ari direnen lan eskerga ere.
- Euskaldunok nazioarte mailan behar dugun onespena berreskuratzen lagunduko lukeelako.
Hauek dira su-etena eskatzeko ditugun arrazoiak. Gehiago ere izango dira, noski, eta hauekin ados ez dagoenik ere bai. Ez dugu analisi politikorik edota etikorik egin nahi izan, su-etena behar dugula pentsatzetik, su-etena nahi dugula esatera pasa baizik. Eta euskal gizarte osoari dei egin nahi diogu, bakoitzak ahal duen moduan zerbait egin dezan helburu honen alde, herri honentzako etorkizun hobe baten alde. Edozein komentario, iritzi edo ekarpeni irekita gaude : suetena@euskalerria.org.
Su-etenaren Aldeko Ekimena
Edurne Alegria, Joseba Ossa, Nere Erkiaga, Pello Sarasua, Josu Iztueta, Imanol Haro, Ñanga de Gomendiourrutia, Teresa Lopez de Munain, Iñaki Lertxundi, Ane Ferran, Jokin Uranga, Ismael Manterola
Erantzunak kargatzen...