Teknologia albisteak
3

The League of Extraordinary Gentlemen

Erabiltzailearen aurpegia
Iban Zaldua - Gasteiztik
2003-09-15 : 11:09

Duela gutxi estreinatu dute gure zinema-aretoetan Zaldun Bitxien Liga, nobela grafiko batean oinarritutako hamaikagarren abenturazko filma: argi dago komikia geroz eta aintzakotzat hartzen ari dela zinemagintza, zazpigarren arteak jasaten duen ideia-lehortearen ondorioz ziurrenik. Egokitzapen hauetako batzuen emaitza zinematografikoek nahikoa maila onargarria erakutsi badute ere (Batman-etako batzuk, X-Men saila...), The League of Extraordinary Gentlemen hau oso urrun geratzen da originalaren kalitatetik. Hobe, beraz, komikira jotzea zuzenean, eta filmearekin ahaztea.

The League of Extraordinary Gentlemen Alan Moore gidoilariaren eta Kevin O’Neill marrazkilariaren komiki bat da, Estatu Batuetan 2000. urtean argitaratu zena; sei comic-book txikik osatzen zuten saila (Hegoaldean bilduta aurki daitezke Planeta argitaletxeak 2002an egin zuen edizio oso txukun eta ez bereziki merke batean: 12 euro). Planteamendua sinplea da: 1898. urtean gaude, eta Britainiar Inperioak, mehatxatzen dituen arerio eta arriskuei aurre egiteko, ahalmen bitxiak dituzten pertsonai batzuengana jotzen du, nolabaiteko super-heroi talde bat osatzeko asmoz, eta hortik abiatuko da abentura, peripeziez eta ezustekoz beteriko ibilaldia. Taldea, onartu behar da, interesgarria da oso: Nemo kapitaina, Allan Quatermain esploratzailea, Henry Jeckyll (eta, jakina, Mr. Hyde, bere “alter egoa”), Gizon Ikusezina, eta Miss Mina Murray (Drakula kontearekin tratutan ibili zena, bere garaian); XIX. mendeko beste hainbat fikziozko pertsonaia azaldu edo aipatuko zaizkigu, halaber, komikiaren orrialdeetan zehar: Auguste Dupin, Moriarty doktorea, Sherlock Holmes (eta Mycroft bere anaia), Robur konkistatzailea, Selwyn Cavor (cavoritaren, hots, grabitatea anulatzen duen materiale baten asmatzailea), etab. Verne, Rider Haggard, Stevenson, Wells, Stoker, Poe edo Conan Doyleren literatur lanak (besteak beste) ezagutzen dituztenek ez dute inolako arazorik izango Moorek zer nolako eszenatokia proposatzen digun sumatzeko.

Pertsonaien ironia, kritika sotilak,generoen parodia etengabeak...

Intertestualitate-ahalegin honek guztiak ez du, dena dela, komikizalea beldurtu behar: pertsonaia hauek guztiak (gehienak bai behintzat) gure imaginario kolektiboan daude aspaldidanik, eta, gainera, abenturazko komiki soil bezala, nahikoa ondo funtzionatzen du. Baina, ezbairik gabe, gidoilariak erabiltzen duen ironia pertsonaia eta elementu fantastiko horiek guztiak nahastean, eraikitzen dituen XIX. mende amaierako Londres edo Paris estrainioak (hiri historikoetatik pittin bat ezberdinak: oraindik ilunagoak, teknologizatuagoak baina, aldi berean, kitsch samarrak), super-heroiaren rol tradizionalari eta aginte politikoari zuzentzen dizkion kritika sotilak (anbiguotasunez beteak, bestalde, Mooreren lan gehienetan bezala), generoen parodia etengabeak (comic-book-ak folletin victoriarren antzera antolatuta datoz)... elementu horiek guztiek balio erantsi bat ematen diote komiki honi, zeina, bestalde –ez gaitezen engaina– ez da artelan ikaragarria, B saileko produktu duin bat baizik. Kevin O’Neillen marrazkia, bestalde, eraginkorra da, komiki errealista gustuko dutenei arraro samarra irudituko bazaie ere, nahikoa expresionista baita (konparazioren bat egiteko, hor dago, adibidez, Mike Mignolaren Hellboy saila).

Pertsonaiak arerioak bezain putakume

Alan Moore gidoilaria azken bi hamarkadetako komikiaren berritzaileetako bat dugu, ezbairik gabe. Jatorriz britainiarra bada ere, Estatu Batuetan egiten du gehienbat lan, eta bere argitaletxe propioaren fundatzailea da, America’s Best Comics. Super-heroien komikiak jasan dituen aldaketen erantzuletako bat da, adibidez; Watchmen (1986-87), bere obra nagusia, mugarri da arlo horretan: Watchmen-eko super-heroiak ez dira jadanik izaki zerutiar eta akasgabeak (Superman bezala) edo, besterik gabe, arazoak dituzten pertsona superboteredunak (Spider-man bezala): haien arerioak bezain putakume izatera hel daitezkeela proposatzen du Moorek. Bestalde, Zaldun Bitxien Liga ez da film bihurtzen den Mooreren lehenengo komikia: duela pare bat urte izan genuen From Hell pelikula ikusteko aukera, izenburu berdineko Mooreren komikian oinarritutakoa (1989-99), Jack Tripa-ateratzailearen istorioaren bertsio kilikagarri bat. Dena dela, nik Mooreren beste lan bat gomendatzen dizuet, Top Ten (1999), “Canción Triste de Hill Street”-en nolabaiteko bertsioa... hiritar guztiek –eta baita poliziek ere, noski– superbotereren bat duten hiri batean (benetan dibertigarria, gertatzen den guztia barregarria ez den arren).

Filma ez da komikia modukoa

Stephen Norringtonen filmak komikiaren kapitala xahutzen du bidegabeki, Mooreren ironia fina eta parodiaren zentzua efektu berezi pilaren eta gidoi dorpe baten azpian lurperatuz; izan ere, filma bideo-jokoaren estetika eta planteamenduekin dago lotuago, komikiarenekin baino. Egur-banaketa (orain zinemagintzan egiten den modu hiper-bizkor eta nahasian, gainera) pelikularen leit-motiv nagusia bihurtzen da, eta gertakari pilaketak ez du hari zehatzik, kontraesanez beterik dago, eta hutsuneak nabaritzen zaizkio nonahi (urtaroen dantza absurdoa ez da handienetakoa, esate baterako)(parentesi artean, eta lehenengo filma apreziatzen dudan arren: zenbat kalte egin duen Matrix-ek!). The League of Extraordinary Gentlemen filmeko pertsonaiak, gainera, dezente "azukretuak" daude, komikikoekin konparatzen baditugu: Sean Conneryk interpretatzen duen Quatermain ez da opiomanoa (nola izango da ba!) eta, gainera, taldearen buruzagitza hartzen du (faltaría plus! Komikian Mina, emakume bakarra da jefea, ordea); Gizon Ikusezina ez da, komikian bezala, barnetegietako neskatxen biolatzaile tematsua. Bestalde, filmak gehitzen dituen pertsonaia berrietatik, interesa duen bakarra Dorian Gray hilezkorra da; Tom Sawyer espioiak, publiko amerikarrari egindako kontzesio bat (filma britainiarregia geratuko zen, bestela), ez dauka ez gatzik ez piperrik. Etab.

Ez joan "The League of Extraordinary Gentlemen" ikustera

En fin, esandakoa: ahal baduzue (hots, seme-alaben bat tartean suertatzen ez bazaizue) ez joan The League of Extraordinary Gentlemen ikustera, eta jo zuzenean komikira. Izan ere, filmeak ez zidan argitu ezta komikiak utzi zidan zalantza bakarra ere: zer demontre pintatzen du Nemo kapitaina bezalako anti-imperialista batek Britainiar Inperioaren interesen zerbitzura? Zahartzaroa eta bake unibertsalaren aldeko argudioak ez zaizkit nahikoa sendoak iruditzen (dena dela, ez dakit zertaz harritzen naizen, euskal politikari batzuen karrerak ezagututa...). Enpin.

Erantzunak

Hadock kapitaina
2003-09-15 : 12:56



Iban Zalduak, arrazoi osoz azaltzen duena the balde aldizkariko azken alean aipatu zuten.



http://www.thebalde.net/thb11/pdfak/munstroak.pdf

joseba
2003-09-16 : 14:25

Filme hori ikustea, denbora eta dirua alferrik galtzeko modu tristeenetako bat da. Inoiz ikusi dudan filmerik aspergarri eta amorragarriena; penagarria iruditzen zait Sean Conneryk horrelako filme kaskar bat egin izana.

r. xalba garez
2003-09-16 : 15:01

Lasai, zinemara pelikula bikaina ikustera goazela, gure gustu jakin hoiek asetuko ditugula nork ziurta diezaguke?



Eguraldiarekin ere halaxe ernegatzen gara, alferrik.



Izan gaitezen budistagoak.



Soluziorik ez badauka zertarako haserretu?



Eta baldin badauka, ere... lasaitu gaitezen beraz.

Erantzun

Sartu