Valdemoroko isolamendutik
Bi hilabete eta erdi lehenago, maiatzaren 16an, atera ninduten espetxetik ezarritako zigorra oso-osorik bete ondoren. Zigor honetan sartzen ziren 1978tik 1983ra arteko ekintza batzuk. Ez dakit zehazki guztira zenbat urtetako zigorra jaso nuen; badakit, halere, garai hartako legedia aplikatuta, jaso nezakeen zigorrik handiena jarri zidatela, hau da: 30 urteko kartzela zigorra. Honek esan nahi du zigorra 50 urtekoa ala 2000 urtekoa izan, adibidez, berdin-berdin diola, 30 urteko espetxe-zigorra baitzen garai hartako gehienezko kartzela-zigorra.
Audientzia Nazionala legez kanpo jokatzen ari da eta badaki
Orain 1981eko sumario bat zabaldu dute eta hori dela eta espetxeratu naute. Zergatik ez ninduten, baina, bere garaian epaitu? Izan ere, esan dudan eran,orduan epaitu banindute ezin izango baininduten 30 urtetik gorako espetxealdira kondenatu; eta zigor hori beteta daukat nik dagoeneko. Audientzia Nazionala legez kanpo jokatzen ari da eta ederki asko daki hori gainera.
Huts bat zela pentsatu genuen hasieran
Hasieran guztiok pentsatu genuen “huts” bat egin zutela baina berehala kaleratu beharko nindutela. Gero hasi ginen konturatzen ez zela “huts” bat izan eta guztia ondo prestatuta zutela ni ahalik eta denboraldirik luzeenean espetxean edukitzeko. Garzon epaileak, Fungariño fiskalak hala eskatuta, agindu zuen ni atxilotzea, baina agindua eman bezain laster oporretan joan zen. Audientzia Nazionalera eraman nindutenean Andreu epailea zegoen guardian. Berak agindu zuen ni espetxeratzeko, baina hau ere oporretan joan zen hurrengo egunean. Geroztik eskuak garbitu dituzte guztiek eta ni hemen naukate Valdemoroko isolamenduan.
Egin dutena Astakeria da!
Zuzenbidean aditua den jende askori azaldu diogu gertatutakoa eta guztiak bat etorri dira: nirekin egin dutena astakeria handia izateaz gain, legez kanpokoa da erabat. Baina hauei bost axola zaie “legea”, nahiz eta beren legea izan; beraz Justizia hitz potoloari buruz zer esan nezake…
Lehena da, baina azkena?
Lehen aldiz gertatzen da halako bat estatu espainiarrean. Etsaia ezagututa harritu ez gaitu harritzen; izan ere, hauek, gu izorratzeko, etengabe ari baitira bide berrien bila. Ez dago esan beharrik, oraingoan ondo ateratzen baldin bazaie, jarraian beste lagun batzuekin saiatuko direla. Beraz, behin eta berriz galdera bakarra etortzen zait burura: espetxetik zigorra oso-osorik beteta ateratzen garenoi zein irtenbide uzten digute?
Noiz erantzungo dugu?
Lehen aldiz espetxera sartu nindutenean, bertan ETAkoak bakarrik aurkitu nituen. Oraingo honetan kale borrokakoak, Segikoak, Haikakoak, Askatasunakoak, Euskaldunon Egunkariakoak, Udalbiltzakoak eta abarretakoak aurkitu ditut. Oso zabala da lagina, baina, zoritxarrez, oraindik beste arlo batzuetan ari direnei ere tokatuko zaie espetxea ezagutzea; ni gutxienez horretan nago. Noiz erantzungo dugu, gure osotasunean, herri erasotua garen aldetik? Garaia dela uste dut…
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuet ni atxilotu ondoren zuen haserrea eta elkartasuna adierazi duzuen / didazuen guzti-guztioi. Lasai asko, ezer egin gabe, geratu / geratzen zareten herritarroi ere esan nahi dizuet zertxobait: noizbait espainolen legea aplikatuko zaizuen zoritxarrean aurkitzen bazarete (munduak itzuli asko ematen ditu), guk kalean salatuko dugu eta gure haserrea agerian utzi; honetan ez izan zalantzarik.
Bai neuk eta baita zeuek ere, beraz, inoiz baino tinkoago: aurrera bolie!
Enrike Letona Biteri
Erantzunak kargatzen...