Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskara sexista ote?

Emakunde erakundearen aldizkariak gai nagusi bat lantzen du azken alean: emakumeak eta hizkuntza. Gauza interesgarri asko aurkitu ditugu orrialde horietan, baina gaurkoan Begoña Muruagaren artikulu bat ekarriko dugu hona, izatez beste artikulu luzeago baten osagarri dena. Azken honetan Begoñak balantze moduko bat egiten du, gaztelaniaz, azken hogeita bost urteotan gertatutakoaz, hainbat liburu argitaratu zirenetik, aztertzen zutenak sexismoa hizkuntzetan.

Haren osagarri, berriz, ondorengo hau doa, euskara aztertzen duena. Irakurri eta iritzirik erantsi nahi izanez gero, lasai asko erabili erantzunak.

Eta euskaraz zer?

Hizkuntzek emakumeak nola diskriminatzen dituzten aztertu denean, gramatika eta lexikoa aipatu izan dituzte adituek, egitura horietan antzematen delako, antza, hizkuntza batek sexismorako duen joera. Gauzak horrela, orain dela hogeita bost urte argitaratutako Alvaro García Meseguer-en Lenguaje y discriminación sexual hartan euskararen zama sexista %5 zela zioen egileak (ingelesarena %15, frantsesarena %40 eta gaztelaniarena %80). Horren ondorioz, askotan esan izan da euskarak ez duela diskriminatzen.

Beti pentsatu izan dut García Meseguer-en ikerketak gramatika-egituretan oinarrituta egon behar zuela, zeren eta lan gutxi egin baita lexikoa aztertzeko. Hala ere, zerbait badakigu. Badakigu “gizon” hitzak batzuetan esanahi generikoa duela eta beste batzuetan murriztua, eta horrek sortzen dituen arazoak; badakigu, zenbait lanbide izendatzeko, -gizon hitza agertzen zaigula bigarren osagai gisa (minagizon, plazagizon, elizgizon, legegizon, armagizon, gudagizon, itsasgizon, olagizon, mundugizon…). Badakigu, baita ere, giza- errotik sorturiko hitzak kulturari lotuta agertzen zazkigula eta gizaki ororentzat direla (gizalege, gizajende, gizabide, gizatiar…); ema- errotik sorturikoak, berriz, naturari lotutakoak direla edo emakumeei egozten zaizkien kualitateekin bat datozela (emalege, emagin, emagarri, emaro, emetasun, ematu…). Hor, behintzat, badago nolabaiteko sexismoa. Hori dela eta, 90eko hamarkadan zenbait gomendio eman ziren euskararen erabilera ez sexista bultzatzeko, eta nik esango nuke nahiko harrera ona izan zutela.

Baina hizkuntza baten zama sexista oraindik elementu gehiagotan oinarritu daiteke: emakumeen biologiari edo fisiologiari loturiko hitzen definizioan, adjektiboen azterketan, atsotitzen, esaera zaharren, bertsoen eta abarren ikerketan…

Baina, ez dezagun gure burua engainatu. Ez dira hizkuntzak sexistak, hiztunok hitz egiteko modua da sexista: hizkuntzaren erabilera. Gramatika-egiturak eta lexikoak bidea emango dio hizkuntzari, neurri handiagoan edo txikiagoan, gizartean dagoen sexismoa azaleratzeko, baina hiztunongan dago auzia.

Horregatik, jendeak “euskara sexista al da?” galdetzen duenean, zera erantzun behar litzaioke: euskara bera agian ez, baina euskaraz hitz egiten dutenak bai (eta hori islatu egiten da, gutxi asko, hizkuntzan). Horretarako ez dago ikerketa sakonik egin beharrik. Adibidez, jar gaitezen telebistaren aurrean edozein egunetan eta ikus dezagun zenbat emakume ateratzen diren, eta zer paper jokatzen duten. Azter ditzagun iragarkiak. Entzun dezagun telebistan erabiltzen den hizkuntza. Eta, ia mundu guztia txiste-kontatzaile bihurtu den honetan, azter dezagun umorea. Euskaraz ere mezu sexistak non-nahi.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu