Frantzian bost mila lagun hil badira beroak jota, zergatik ia inortxo ere ez Euskal Autonomia Erkidegoan? Nik hipotesia daukat: hemengo andrakumeek duten aguante ikaragarriagatik. Horren frogatzat dut Inozentxi Iribar 101 urteko getariarrari abuztu honetan gertatukoa.
Emaztearen aitajauna zenaren arreba da, Inozentxi Iribar getariarra. Gaztelaniaz tia-abuela esaten da, euskaraz ez dakit. Getariar hauek izeko esaten diote. 1901eko abenduaren 28an jaio zen, Inuxente egunean, 102 urte beteko ditu aurten. Gasteizen bizi da, han eman du ia bizitza osoa.
Berak dioenez, ez da sekula gaixotu, harik eta duela lau urte jausi eta gerri inguruko hezurren batzuk apurtu zituen arte. Harrezkero, ezin da ibili, ahulkitxoarekin moldatzen da. Gor samarra ere badago, egia esan. Bueno, ez dago bere ederraldirik loratuenean, baina tira, oso ondo kontserbatzen da eta egunkaria eta otoitzak irakurtzen ditu egunero. Azken lau urteetan ere izan ditu beste istripu txikiren batzuk, ahulkitik jausita-eta, inoiz zutik jarri eta ibili nahi izan duelako. Ez zaio burutik kentzen osatu eta berriz oinez ibiltzeko gauza izan daitekeela.
Abuztuaren 14an berriro jausi zen. Jausi, jausi... esateko modu bat da. Niagaratik behera, ibaia ez da jausten, blausta jaurtitzen da, hala esaterik badago. Inozentxi ere, antzeko parezido.
35-40 gradu artean zeuden Gasteizko kaleetan. Gasteizen bizi den erresidentziaren atarira hurbildu zen, bere kasa gurpilei eraginez, bueltatxo txiki bat emateko. Atari aldean, ostera, aldapa ñimiño bat dago, eta han, frenoari ematea ahaztu, eta aldapatxotik beherantz joan zitzaion, zuzen, ahulkitxoa. Berak pentsatu zuen laguntzaileren batek hartu ziola atzetik, eta kalera zeramala, laguntzeko paseoan.
Aldapatxotik behera, abiadura hartu zuen ahulkiak, kaleko espaloira iritsi zen, espaloiko koxka saltatu, eta Gasteizko lau karrileko hiribide zabal bat gurutzatu zuen, egun argiz, trafikoari jaramonik egin barik, abiaduran, beste espaloiraino, han koxkarekin jo eta, azkenean, lurrarekin muturrekoa hartu arte.
Irudikatu koadroa, kalean zebiltzanek edo kotxetik ikusi zutenek bezala: eraikuntza batetik, ahulkitxoan, atso zahar txiki-txiki bat abailtzen dela, ziztu bizian, kale bat, espaloia eta lau errepide-karril gurutzatu eta beste puntaraino, buruz behera aurpegiarekin espaloia jotzeko... Benny Hill edo Mr. Bean-en gidoi batekoa modukoa da. Loca Academia de Policía 4.
Ba bueno, zauri batzuk aurpegian eta ubeldu bi. Merkromina eman eta listo.
Asteazken batean izan bazen hori, igandean berriro gurekin zen bazkaltzen bere abentura kontatzen, azalorea eta bakilaua. Berak gogoratzen duen moduan, bere kezka zera zen, atzetik norbait zuela bultzaka, hasieran laguntzeko, baina joño!, kalea trafikoari begiratu gabe ziztu bizian zeharkarazi zionean, "honek garbitu nahi nau" pentsatu zuela... Egia izan balitz ere, bistan da hiltzaileak huts egingo zukeela emakume hau hiltzeko ahaleginean: ez da posible, ezin liteke. Ezta Terminatorrek ere.
Bitartean, erresidentzian, abuztu honetan, hiruzpalau lagun galdu ditu Inozentxik, denak bera baino gazteagoak: ez zen beroak eraginda izango, jakina, ze hemengo estatistiketan ez da inor hiltzen, hau ez da ez Frantzia, ez Espainia, freedom for the Basque Country, aurrera doan herria. Beste motibo batzuengatik hil dira haiek, euzko emakume puru-puruak ez zirelako izango, seguru aski, eta hori faktore extra-meteorologiko batzuekin nahastu delako. Demostratua baitago euskal emakume jatorra, Inozentxi Iribar eredu, superwoman perfektua dela eta hura hilko duen beroaldirik ez dagoela munduan. Amama daukate Osakidetzan!
Amama Inoxentzi behintzat badu loba bat berataz arduratzen dena, beste euskal agure asko bezala.
Frantzian gertaturiko harrigarriena niretzat, Parisen izan dituzten (agina oraindik ahn dira) 8 edo kamio hotzgailuak hilgorpuz beteta, iñork ez dituztelako erreklamatu, hori bai ikarragarria.
Zoritxarrez, daramagun habian agian gu ere hemen Parisko hilotzotz bakartietan geldituko gaitezke.
Hemen Osakidetzak ez ditu hil direnen kopuru guztia beroagatik hildakoetan kopuruan sartu (5 zenbatu ditu), baina Frantzian beroaz gain beste agure eta gaixo sartu dituzte 11.000 rarte helduz.
Kontu estadistekekin