Sustatu logoa Teknologia albisteak

Badatoz entzuteko liburuak

Dick Turpin
2003-07-21 12:07

Ugerra kendu nahi diozu zeure ingelesari, baina ez betiko testuak irakurrita edo ohiko gauzak entzunda. Ez. Nahi duzu esku artean erabili azken orduko materiala: liburuak direla, irratiak edo egunkariak.

Sareak gero eta aukera hobeak eskaintzen ditu horretarako. Batzuetan ordaindu beharko da, batez ere azken orduko best-sellerrak entzun nahi izanez gero, baina badago zer entzun xemeikorik ordaindu barik ere.

Ordainpekoak

Alor honetan Audible.com da aitzindaria. Hemen aukeran daude liburuak, irratsaioak eta egunkariak, entzuteko beti ere.

Erosi aurretik —eta berdin ez baduzu erosteko asmorik ere— nahi baduzu frogatu nola entzuten den, etab., hementxe klik egin. Hor entzun ahal dituzu The Wall Street Journal edo The New York Times egunkarietako eguneko editorialak. Edo beste sei libururen atal zabalak.

Prezioak paperezkoen maila berean daude, ez garestiago. Hemen, gainera, ez duzu zertan kezkatu jaitsitako kopia hondatu zaizulako. Audiblek beti gordeko dizu erositako liburuaren kopia bat, zuretzat propio eratutako liburutegian.

Doanekoak

Nahi baduzu horrelako liburuak entzun, baina musu truk, aurkituko duzu aukera bat baino gehiago. Horietako bat da Audiobooks.org, non, besteak beste, aukera izango duzu Eraztunen Jauna entzuteko, ingelesez noski.

Badago beste toki bat, Books on Mp3, eta hemen Mark Twainen lanak dituzu entzungai.

Eta hirugarrenik, AudioBooksForFree.com. Hemen era guztietako liburuak dituzu, batez ere klasikoak. Nahi baduzu liburu bat entzun konpainia onean, hortxe dago aspaldiko Kama Sutra ere.

Non entzun liburuok

Baldin badaukazu jogailu digital ponpoxo horietako bat, iPod bat esaterako, edozein lekutan entzun ahal izango dituzu liburuok: hondartzan, berebilean, sofa gainean…

Baina ordenagailua ere egokia izan liteke horretarako. Kasu honetan programatxo bat izan beharko duzu instalatuta, dela RealPlayer, dela Windows Media Player, edo iTunes.

Eta euskaraz?

Euskaraz ez dut aurkitu horrelakorik ezer. Gauzarik hurbilena egin du Susa argitaletxeak, zeinak aukera ematen baitu euskal poesia sarean entzuteko.

Seguru nago zenbait liburuk ondo funtzionatuko luketela, entzuteko moduan jarriz gero. Ea inor animatzen den!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu