Sustatu logoa Teknologia albisteak

America Under Attack

Izana naiz beste askotan Estatu Batuetan, baita Kanadan ere. Jasan izan ditut polizia amerikarren susmoak: Spain? Africa? Security check. Beti izan dira atzerritarren beldur. Baina orain gauzak asko aldatu dira. Jadanik ez dira beldur, orain guztiz ikaratuta daude.

Lehenengo, galderak eta galderak

Hegaldia Bartzelonan hasi nuen. Handik Frankfurtera joan behar nuen, Frankfurt-Charlotte egingo zuen hegazkina hartzeko. Lur hartu eta nire konpainiaren mostradoreetara jo nuen biletea hartzeko: US Airways. Lehenengo sorpresa: galdetzen hasten zaizkizu, itxaroten ari zarela. Ea nondik natorren, nora noan, zergatik, zertara, norekin... Pasaportea eskatu, eta ez zela nahikoa. Ziur egoteko, gizarte segurantzako txartela, kreditu txartela eta beste zenbait akreditazio erakutsi behar izan nituen. Ondoren, betiko galderak: ea terrorista naizen, ea kartzelan egon naizen... baina esan bezala, ez behin, baizik eta sarritan, ze galdetzera etortzen ziren, itxaroten ari nintzen bitartean.

Eta eskanerra, eta pasaportea, eta galderak

Azkenean bukatu nituen tramite guztiak (normala baino askoz denbora luzeagoan, berriro galdeketa guztiak jasan behar izan bainituen) eta hegazkinera. Jeneralean 30 minutu lehenago joan beharra dago, baina ordu bete lehenago zen, eta joateko eskatu zidaten (?). Beno, ez neukan beste egitekorik, beraz joatea erabaki nuen. Eta eskerrak. Dirudienez, konpainia amerikarrek erabaki dute, aireportuko segurtasuna nahikoa ez eta, segurtasun horretaz arduratzea. US Airways-en kasuan (nik hartu behar nuen hegaldiaren konpainia), aireportuko atal oso bat blokeatzea erabaki dute. Beraz, terminalera gerturatzen zarenean, dena bailez itxita aurkitzen duzu eta uniformedun polizia pribatu mordo bat. Daramazun guztiak X-izpiak pasa behar ditu, eta zuk zeuk metalen detektore bat. Ibiltzen jarraitzen duzu, eta berriro. Ondoren, pasaportea eta biletea. Gero berriro, ea bidaiari legala zaren eta dena ondo daukazun.

Spanish Student itxura nuelako, galdera gehiago

Pasa ondoren 45 minutu, sartu nintzen hegazkinean. Hegaldia hamar ordukoa izan zen. Hegazkinetik jaitsi, eta ohiko aduanaren tramitea. Baina bazegoen zerbait nabarmen aldatu dena: lehen amerikarrak oso azkar pasatzen ziren beraien leku berezitik eta atzerritarrak poliki-poliki, polizien galdera guztiei erantzunez. Oraingoan, ordea, amerikarrek ere galdeketa luzea jasan behar izan zuten. Eta bazidurien bidaia bukatu zela niretzat, baina aireportuko segurtasun langileek oraindik sorpresa bat zuten niretzat. Ikusten denez, Charlotten, New Yorken edo Miamin baino are beldurrago dira, beraz segurtasun galdeketa bat gehitu diote aurreko guztiari. Banan-banan, polizia batek galdeketa luze bat egiten dizu: ea non bizi behar zaren, zergatik, lagunen izenak, non ezagutu zenituen... Eta ikusten danez, nik, Spanish Student arriskutsu itxura nuen (handik pasatzen ziren beltz, hispano edo gainontzeko atzerritarrek bezala), beraz beste leku batetik pasa behar izan nintzen, non maleta zabaldu, neraman jertsea eta motxila kendu eta miaketa sakon bat egin zuten, X izpiak erabiltzeaz gainera. Pasa nuen, eta hor bukatu zen nire aireportuetako trabesia.

Laburrean: beldurra!

Luze samar idatzi dut, baina laburrean esan daiteke, amerikarrak benetan direla beldur. Eta munduko potentziarik handienak horrenbesteko beldurra duenean, ez du zalantzarik izango Afganistanekoa edo Irakekoa errepikatzeko Ipar Korean, Iranen edo bestelako lekuren batean. Deabruaren ehiza zabalik dago.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu