Teknologia albisteak
1

Lopez: "Desobedientzia erakunde eta alderdietatik aparte egin behar da"

Erabiltzailearen aurpegia
Zuriñe Velez de Mendizabal - Goienkaria
2003-07-11 : 16:07

Enrike López Leioako irakasle kaleratuetako bat delako da ezaguna. Maiatzaren 15a ezkero Desobedientzia eta Independentziaren aldeko ibilaldia egiten dihardu. Helburua, Jendea desobedientzia egitera eta nork bere erabakiak hartzera animatzea.

Hilabeteetan ikusi du Euskaldunon eskuzabaltasuna oso handia dela ikusi dut hilabeteotan: tokian tokiko hedabideek harrera ona egin didate; handien jarrera, aldiz, zekena izan da, ez dute-eta informaziorik eman.

Zelan hasi zenuen desobedientziaren bidea eta zergatik?

Orain dela 15 urte irakasle gisa hasi nintzen EHUko Kazetaritza Fakultatean. Hamabi urte daramatzat unibertsitatetik kaleratuta. Hasiera batean errebindikazio moduan hasi zen borrokagatik kaleratu ninduten beste ehun irakaslerekin batera. Guk lan kontratu bat eskatzen genuen, unibertsitateko langile izatea, alegia. Horrela, indarrean zegoen funtzionariotzari intsumisioa egin genion. Desobedientziaren bide honetan hainbat arazo izan ditut. Hogeita hamazortzi eguneko gose greba luze baten, 30. egunean ertzainek atxilotu egin ninduten, eta epailearen aurrera eraman. Agintaritzarekiko desobedientzia leporatu zidaten, eta lehenengoz egin nuen desobedientzia epaitegian. Azken zazpi urteotan, bederatzi epaiketa, zortzi atxiloketa eta birritan kartzelaratu egin naute indarrez, eta guztietan berdina leporatu izan didate. Hala ere, badakit berriz gerta daitekeela, eta horrek ez nau kikiltzen.

Zein da Desobedientzia eta Independentziaren aldeko ibilaldia delakoaren helburua?

Antzina erabiltzen zuten metodoa berreskuratu nahi izan dut; hau da, herririk herri oinez joan eta jendearekin hitz egiten ibili naiz. Horrela, jendea desobedientzia egitera eta nork bere erabakiak hartzera animatu nahi izan dut. Gainera, ibilaldiarekin Euskal Herria hobeto ezagutzen eta zein aberatsa den konturatzen ari naiz.

Zelako harrera egin dizute Euskal Herriko herrietan?

Orokorrean harrera ona egin didate. Ikurrina bizkarrean eramanda erraz ezagutu nau jendeak, eta animuak eman dizkidate gehienek. Hala ere, esan beharra dago zenbait tokitan gutxi batzuen irainak jaso ditudala. Baina horiei ez diet arreta berezirik jarri, eta, gainera, aurrera jarraitzeko indarra eman didate.

Arrasatera iristerako 1.415 kilometro egin dituzu bakarrik bidaiatzen.

Bai. Bizkaiko eta Arabako herri gehienak bisitatu ditut, eta gure lurra zein ederra den ohartu naiz. Mutrikutik Gipuzkoara sartu nintzenean 1.302 kilometro nituen eginak, eta Deba ibarra bisitatzen 113 kilometro egin ditut. Dena dela, esan beharra dago ez dudala bakarrik bidaiatzen, nahiz eta errepidean ni bakarri ibili. Atzetik talde on bat dut, eta premiaren bat izanez gero berehala etortzen dira laguntzera.

Lo egiteko toki arazorik izan duzu?

Ia bi hilabete daramatzat etxetik kanpo. Gehienetan ezagunen etxean egin dut lo. Bestalde, momentuan ezagutu ditudan hainbatek euren etxera joateko gonbita egin didate askotan. Horrez gain, gaztetxe eta lokaletan lo egiteko aukera izan dut. Baina behin baino gehiagotan kalean lo egin behar izan dut, nahiz eta oso sarri ez gertatu.

Noraino iritsi nahi duzu?

Nire helburua Iruñera iristea da. Oraindik heren bat bakarrik egin dut gutxi gorabehera, eta, beraz, bidaia luzea izango dela deritzot. Ziurrenik, uda osoa igaro beharko dut bidean nire helmugara iristeko. Deba ibarra utzi eta Irun aldera joango naiz. Bertatik Lapurdira, eta gero beherantz abiatuko naiz, Nafarroa aldera. Urratsez urrats ikusi beharko da zer egin eta nora heltzeko aukera dudan. Poliki-poliki noa.

Diozunez, desobedientzia alderdi eta erakundeetatik aparte geratu behar den zerbait da. Zergatik?

Nire iritziz, garrantzitsua da bereizita egotea. Azken batean erakunde eta alderdi politikoek euren baitan arautegi bat izaten dute, eta horiek jarraituz, desobedientzia barik, obedientziaren bidea jarraitzen dutela uste dut. Gainera, desobedientziaren ondoren norberak aukeratzea dator, eta zenbaitzuek ez dute hori onartzen. Hori dela eta, zenbait alderdik ez dute nire ibilbidea begi onez ikusten. Ibilaldian zehar, herri eta auzo gehienetan pertsona bat edo batzuk hartu ditut ibilaldiaren lekukotzat liburuxka batean apuntatzeko. Nire sentimenduari eutsiz, ez dut gogoz bilatzen agintarien sinadurarik, ezta jende aurrean agertzea gustuko dutenen sinadurarik ere. Era sinboliko honetan Euskal Herri elitistari bizkarra eman nahi izan diot, eta gainerako pertsonei aukera zabalagoa.

Leioako Campusean egiten ari zareten protesta hamar urtez luzatu da.

Bai. Hamar urte daramatzagu egunero pankarta baten atzean gure aldarrikapenak egiten. Hor ere sindikatu eta alderdi guztiak kontra izan ditugu. Azken batean nork bere erara, baina Euskal Herria funtzionarioz beteta ikusi nahi dute. Baina ez dira gustuko ez gaituzten pertsona bakarrak. Hainbat indar polizialek egunero gu bisitatzeko ohitura hartu dute. Eta zer esanik ez gure ideiekin bat egiten ez duten zenbait irakasleren jarrera. Horrek guztiak gure borrokarekin jarraitzeko indarra eman digu.

Herri gehienetan hitzaldiak antolatu dira zure aldarrikapena aditzera emateko.

Bai. Niri laguntzeko hamaika modu daude: lo egiteko tokia eskaini, eskuko telefonora deitu eta hitzaldiak antolatzea, besteak beste. Hitzaldien kasuan, gehienetan aukeratutako tokiak gaztetxeak izan dira. Horrela izan da Arrasaten eta Bergaran, esaterako. Bidaia honetan ahalik eta jende gehienarekin hitz egin eta nire mezua zabaldu nahi izan dut. Gainera, gazteenei begira ahalegin berezia egiten saiatzen ari naiz, eta horretarako gaztetxeetatik igarotzea garrantzitsua da.

EHUtik kaleratu zintuzten eta bi urte igaro zenituen kobratu barik irakasten. Ze oroitzapena duzu?

Aspaldiko kontua da hori. Hala ere, denbora laburra izan arren, irakasle bezala ibili naizen urte onenak izan ziren niretako. Nahiz eta dirurik jaso ez, nire ideiekin bat egiten zuten ikasleei irakasten nien, eta ni ere erosoago sentitzen nintzen egoera hartan.

Zer da egin duzun ibilbide luzean zehar zure arreta jaso duena?

Batez ere euskaldunon eskuzabaltasuna handia dela ikusi dut. Lehen aipatu bezala, bi hilabetean sarri egin dut lo ezezagunen etxeetan. Hitzaldia entzutera joan eta gonbidatu nauen jendea izan da. Era berean, zenbait tabernatara joatean norbaitek ezagutuz gero, bazkaltzera edo zerbait hartzera gonbidatu naute sarritan. Baina bada harritu nauen beste kontu bat: tokian tokiko hedabideek harrera ona egin didate orokorrean. Eurei esker, nire aldarrikapenaren berri emateko aukera izan dut. Komunikabide handiei dagokienez, aldiz, zekentasunez jokatu dutela deritzot, ez dute-eta ibilaldiaren inguruko informaziorik eman. Ez dakit arrazoia zein izango den. Hala ere, esan behar dut hedabide handietan lan egiten duten hainbaten babesa jaso dudala.

Hamabi urte daramatzazu irakasle lanetan jardun barik. Aurrera begira irakasle izan gurako zenuke?

Egia esan, ez dakit berriz hasiko nintzatekeen irakasle lanetan. Urte mordoxka dira lanbide horretan ez nabilela. Hala eta guztiz ere, kalean jendeak irakasle kaleratu gisa ikusten nau, eta horregatik naiz ezagun. Nik momentu honetan ez dut nire burua lanbide horretako partaide ikusten. Beste batzuen iritziz ez naiz irakaslea; haiek uste dute ideiak muturreraino eramaten dituen norbait naizela. Baina ez dut unibertsitateko irakasle izateko gogorik. Azken batean gauzak ez direlako askorik aldatu; eta ez dut ahaztu nahi nire borrokaren hastapena funtzionario izateari uko egitea izan zela.

Erantzunak

bordaberria
2003-07-12 : 01:28

12 urte Enrike eta bere lagunak unibertsitate espainolatik kanpo daudela, eta haiekin joan zen euskal duintasuna eta indarra.

Harrezkeroztik txepetxak, ergelak, salatariak nagusi dira unibertsitate horretan. Bertotik sortu dira Ermuko foroa, Fundación Libertad, ... hoiek dira UPVren emaitza handienak Euskal Gatazka konpontzeko, aspaditik ultra espainolen gotorleku nagusia dena Vascongadetan, hori bai irakasle euskaldun askoren laguntzarekin, prest daudenak edozer sinatzeko (los 400 aspaldikoak) poltsikoa betetzeko.



Kanporatuak dira bai, baina noizbait Euskal unibertsitateko aintzindariak izango dira.

Erantzun

Sartu