Datorren uztailaren 16an Santanderrera noa, Valdecillako ospitalera, han transplante berezi bat egin diezadaten. Medikuek nire arreba gaztearen hezur-muina sartuko didate.
Orain badakigu azken txanpa Santander aldean egin beharko dugula, Bizkaiko Itsasoari begira, edozelan ere. Uztailaren 16an Valdecillako ospitalera joango naiz, arrebarekin batera. Orduan esango digute, zehatz-mehatz, zer egingo diguten eta nola.
Ekainaren hasieran jakin izan genuen azken analisiaren emaitza: ez da linfozitoren arrastorik ikusten nire hezur-muinean. Medikuak esan zigun nire gorputzak oso ondo erantzun diola tratamenduari. Hala ere, komeni da egindako lana sendotzea, berriro gaixo ez nadin. Eta horretarako, transplante berezi bat egingo didate, azken orduan aipatu dutena.
Minialotransplantea
Linfoma aurkitu zidatenetik, medikuek beti aipatu izan dute bi transplante mota nituela aukeran, tratamendua amaitzeko: transplante arrunta eta autotransplantea. Eta nire kasuan, bigarrena ikusten zuten egokiago.
Hala ere, maiatzaren hondarrean, hirugarren irtenbide bat aipatu zuten lehenengo aldiz: minialotransplantea. Zer da, baina, minialotransplantea?
Minialotransplantea tratamendu berri bat da, eta badirudi etorkizun hobea duela beste biek baino. Bi abantaila omen ditu:
Nolanahi ere, minialotransplantea oraindik ere tratamendu esperimentala da, eta horregatik nire medikuak eskatu zuen espezialisten iritzia, erabakia hartu aurretik. Eta haiek erantzun, nire kasuan egokiago ikusten zutela tratamendu hau egingo banu.
Arriskua
Beraz, bagenekien medikuen iritzia. Baina bazegoen beste zera bat, erabakia hartu aurretik: hiru aukerek dute, gehiago edo gutxiago, arrisku bat, gaixoa hiltzeko:
Arriskuak arrisku, erabaki dugu minialotransplantea egitea. Autotransplantearekin baino peril handiagoa hartuko dugu orain, baina gero lasaiago ibiliko gara. Hori da, behintzat, gure apustua.
Fatima, emaile
Askotan arazo handia izaten da emaile bat aurkitzea, hezur-muina emango duena. Izan ere, bai emailea nola hartzailea izan behar dira genetikoki berdinak. Nik, zorionez, zorte handia izan dut, Fatimak betetzen du-eta baldintza hori, arreba gazteenak.
Medikuek joan den irailean bertan erabaki zuten nire ama eta neba-arreba guztiak aztertzea, jakiteko ea euretariko inor izan zitekeen emailea, transplante bat egin behar izanez gero. Orduan jakin genuen Fatima eta biok berdinak garela genetikoki.
Valdecillako ospitalea
Datorren uztailaren 16an, Valdecillara joango gara, Santanderren bertan, eta hantxe elkartuko gara Arturo Iriondo doktorearekin. Berak esango digu zer egingo dugun zehatz-mehatz, eta noiz.
Seguruenik Fatima ospitaleratuko dute uztailaren 21ean, hari muina ateratzeko. Ni, berriz, hiruzpalau egun lehenago, hasteko tratamendua. Unerik kritikoena izango da arrebaren muina sartzen didatenean, nire gorputzak eraso bat moduan hartuko baitu hasieran. Hori gainditzen badut, sartutako muinak sei hilabete izango ditu nigan nagusitzeko.
Dena ondo joanez gero, astebetean egon naiteke etxean, nahiz eta hilabete bat ere egon naitekeen ospitalean.
Laster arte, beraz.
Nahi badituzu irakurri aurreko artikuluak, Sustatun argitaratu ditudanak nire minbiziaren inguruan, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.
Zurea ikusita animo eta eutsi gogor.
Atzo bertan be esan zidaten minbizia duen nire herriko lagun bateri be Valdecillan egin behar deutsiela transplantea, asteon edo hurrengoan.
Carlos du izena, goitizena lagunontzako, Sarabia.
Ez dakit zenbat denpora daroan operaziñoak eta operaziño ostekoak, baina ia biok laster zatozien etxera, eta zu www.sustatu.com era.
Dudarik ez egin Joxe, aurrera segi eta zalantzarik gabe. Fatimak emango dizu, gogo onez gainera, falta dezuna, eta laister ospatuko degu erabat sendatu zerala.
Muxuak zuri, Bego eta Mireni.
Ormaiztegitik (eta baita Bartzelonatik) sorterik onena, animoak, eta besarkadak, Ama Kontxa, Salem, Gurutze, Garazi eta Beñat
Animo, Joxe!
Aspaldi hontan txundituta nauka zure tenpleak, eta ez nuke oporretara joan nahi besarkada bero bat helarazi gabe (har ezazu beste bana, Miramonen dihardugun hainbat lankide ohien izenean).
Seguru nago zurea bezalako jarrerak erabakiorrak izango direla minbiziarekiko mamuak behin betiko uxatzeko eta baita trantze horretan direnei, eta ingurukoei, laguntzeko ere.
Santanderrerako bidaia ere zuretzat mesedegarri izango delakoan, eutsi goiari!
Ez adiorik
> Animo, Joxe!
> Aspaldi hontan txundituta nauka zure tenpleak, eta ez nuke oporretara joan nahi besarkada bero bat helarazi gabe (har ezazu beste bana, Miramonen dihardugun hainbat lankide ohien izenean).
> Seguru nago zurea bezalako jarrerak erabakiorrak izango direla minbiziarekiko mamuak behin betiko uxatzeko eta baita trantze horretan direnei, eta ingurukoei, laguntzeko ere.
> Santanderrerako bidaia ere zuretzat mesedegarri izango delakoan, eutsi goiari!
> Ez adiorik
>
Baionan bukatuko da etapie egun horretan. Etapa zoragarrixe. Bueno, Santanderreko ospittalien ikusi ahal izengo dozu, hartuko dozu tartetxoren bat, seguru.
Zorte on, Joxe.
Laster arte.
Sergio