Sustatu logoa Teknologia albisteak

Eusko Jaurlaritzak eta gizarte-eragileak Kulturaren Euskal Plana garatzen dihardute

sustatu - sustatu
2003-06-17 11:06

Plana kulturaren inguruko analisiak eta adostasunak lantzeko prozesua da. Arlo horretan, eragile publiko eta pribatuek euskal gizartearen kultur premiei erantzun bateratua emateko aukera dute.

Premia eta erronkei erantzuna

Kulturaren Euskal Kontseilua 2000. urtean sortu zen. Gaur egun, gizarte-eragileekin batera, Kulturaren Euskal Plana bideratzen ari da. Horrela, euskal kultura osoarekiko ikuspegi estrategikoa, jarduera-irizpideak eta lehentasunak adosteko prozesua abian da. Euskal gizartearen kultur premia eta erronkei eraginkortasun handiagoarekin erantzuteko jarri zuten martxan plana.

Planak aukera ematen die eragile publiko zein pribatuei euskal gizartearen kulturaren inguruan iritzi bateratuak bilatzeko. Proposamenak egiteko eta adostasunak lortzeko lekua da, hain zuzen ere. Egileen esanetan, "adostasunerako eta hobekuntza etengaberako tresna da".

Jarraitu beharreko ildoak

Euskal Kultur Planaren oinarrizko zutabeak jasotzen dituen dokumentu markoak hainbat arlo lantzen ditu. Talde-lana bultzatzeko eta euskal gizartearen zerbitzura dagoen baliabide erabilgarria izan dadin hainbat puntu zehazten dira.

Alde batetik, Kontzeptuen arloa izenburupean, oinarrizko kontzeptuei buruz hizkuntza komun bat adostu nahi dute. Hiru atal bereizten dira, hausnarketa eta analisia eskaintzen dutenak:

  • Kulturari buruzko ikuspegiak: kultura eta zibilizazioa, kulturari buruzko ikuspegi zabala eta kulturari buruzko ikuspegi berezia.
  • Kultur sistema: Gizarteko sistema instituzionalizatuak, kultur sistema eta kulturaren balio-katea. Kultur sistemaren barruan hiru azpisistema bereizten ditu: kultur ondarea, arteak eta kultur industriak.
  • Politika kulturala: Kultur politikaren ereduak, kultur politikaren balore eta printzipioak eta kultur eskubideak.
  • Egungo testuingurua: Bizi dugun mundua.

Bestalde, Kulturaren euskal plana eraikiz txostenaren bigarren atala planaren misioa eta ikuspegia emanez hasten da. Jarraian, planaren ardatz estrategiko batzuk proposatzen dira:

  1. Kulturaren euskal sistema eraikitzea, lurralde arteko kultur sarean oinarriturik.
  2. Euskal kultur ondarea eta bere balio-katea bultzatzea.
  3. Ikusizko eta eszenako arteak eta horien balio-katea bultzatzea.
  4. Kultur industria eta bere balio-katea bultzatzea.
  5. Euskal Kulturan euskararen presentzia sustatzea.
  6. Kultura gizartea kohesionatzeko ardatz bezala garatzea Jakintzaren Gizartearen barruan.
  7. Euskal kulturaren sorkuntza, ekoizpena eta erabilera berritzeko, teknologia berriak eta adierazpen formak eskuratzeko eta erabilera egokitzeko erraztasunak ematea.
  8. Euskal kultura munduan zehar hedatzea.

Kulturaren hiru azpisitemak oinarritutako hainbat ponentzia landu dituzte Kulturaren Euskal Kontseiluak aukeratutako adituek. Orain, lan-taldeek adituek eginiko ponentzia horiek balioztatu, osatu eta hobetzeko eginkizuna dute.

Azkenik, uda honetan zehar, behin behineko dokumentua garatuko da, Euskal Herriko kultur eragileekin egindako lana aditzera emateko. Planean jasoko dira, kultur sektorearen egungo egoerari buruzko diagnostikoak eta ardatz estrategiko bakoitzari lotutako jarduera-ildoak eta proiektuak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu