Teknologia albisteak
3

Hauteskundeak: jakiteko modukoak diren zenbait puntu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2003-05-23 : 11:05

Goizeko bederatzietatik iluntzeko zortzietara egongo dira zabalik hauteskunde mahaiak. Ia dena prest dago, baina zenbat gauza dituzten hauteskundeek atzetik! Hauexek batzuk: bitxikeriak, legeak, diru kontuak, nork agintzen duen...

Mahaietan zeintzuk egoten diren, emaitzak zela kalkulatu ditzakegun, botoa emateko ze agiri erakutsi ahal ditugun, alderdiek zenbat gastatzen eta kobratzen duten eta abar.

  • Erroldatuta atzerrian: Atzerrian erroldatuta egon eta atzerriko herrialderen bateko nazionalitatea izan arren, hauteskundeotan parte hartzeko eskubidea dute lagun askok, Kontsulatuan halaxe eskatuta dutelako. Atzerritarren kasu honekin, gainera, hainbat tira-bira egon dira hauteskundeen atarian; izan ere, Barne Ministerioak hauteskunde mahaietan egongo direnendako argitaratu duen gidaliburuan esaten da, udal hauteskundeetan bakarrik parte hartu dezaketela atzerrian bizi direnek, baina hori ez da horrela. Badirudi akats bat dagoela gidaliburu horretan, eta hainbat kritika jaso ditu Madrilgo Gobernuak, akats hori dela eta. Badaude beste hautesle batzuk ere: EAEn bizi diren atzerritarrak, Europar Batasunekoak eta norvegiarrak. Hauek, herrian erroldatuta egon arren, ez dute nazionalitate espainiarra. Hauen kasuan, bai, udal hauteskundeetarako bakarrik eman dezakete botoa.
  • Zein ordutegi izango dute hauteslekuek? Goizeko bederatzietan zabalduko dituzte hauteslekuak eta zabalik egongo dira iluntzeko zortziak arte. Egunean zehar arazoren bat egon delako hauteslekua itxi beharra gertatu bada, itxita egon den denbora hori gehitu behar zaio ohiko ordutegi horri. Bestalde, horra hor datu bitxi bat: iluntzeko zortzietan, mahaiburuak hauteslekua itxita dagoela adierazten duenean, gela barruan edo atarian dagoen hautesleak, botoa emateko eskubidea dauka.
  • Zela eman behar dugu botoa? Hauteskunde eguna baino aste batzuk lehenago hautesle bakoitzari erroldako datuak jakinarazteko eta datu horiek zuzenak direla baieztatzeko agiri bat iristen zaio etxera. Agiri horretan bertan, botoa zein hauteslekutan eta zein mahaitan ematea egokitu zaion ere adierazten zaio hautesle bakoitzari. Bestalde, nahiz eta ohikoa den politikariak eta hautagaiak euren botoa hautestontzian sartzen ikustea, esan behar dugu zeregin hori, legearen arabera, mahaiburuarena da. Hautesleak berak ezin du zuzenean hautestontzira sartu botoa.
  • Zein agiri erakutsi dezakegu botoa ematerakoan? Botoa ematera joaten garenean, hiru agiri hauetako bat erakutsi beharko diogu mahaiko buruari: Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gida baimena. Esan behar da, hala ere, EHNA edo ENA agiriekin botoa eman duenik ere izan dela aurreko hauteskunde batzutan, legearen arabera, behintzat, onartzen ez duten arren. Arnaldo Otegik, esaterako, aurrekoan gida baimena erabili zuen Nortasun Agiri Nazionalari muzin eginda. Bestalde, badirudi bat baino gehiago joan ohi dela botoa ematera, errolda baieztatzeko etxera bidaltzen diguten agiri horrekin, baina horrek ez du balio botoa eman ahal izateko.
  • Zeintzuk egoten dira mahaietan? Mahai bakoitzean mahaiburua eta bi mahaikide egoten dira, zozketan halaxe egokitu zaielako. Debagoienean, guztira, 249 lagunek lan egin beharko dute domekan, hauteskundeak direla eta. Bestalde, kandidatura bakoitzeko ordezkariek ere mahaietan egoteko eskubidea dute. Gehienez ere, hautagai-zerrenda bakoitzeko bi artekari egon daiteke mahai bakoitzean.
  • Mahaian egoteko obligazioa dute? Artekariek, noski, ez; eskubidea badute, baina ez obligaziorik. Zozketan mahaiburu edo mahaikide izatea egokitu zaien herritarrek, ordea, obligazioa dute, eta oso zaila izaten dute, gainera, obligazio hori ekiditea. Zigorrak ere ez dira nolanahikoak izaten; mahaira joaten ez direnek honako zigorra izan dezakete: 7 eta 15 asteburu bitarteko atxilotzea eta 2 eta 10 hilabete arteko isuna. Zigor hauek mahaiburuendako, mahaikideendako edo hauen ordezkoendako izaten dira.
  • Zeinek agintzen du mahaian? Mahai bakoitzeko mahaiburua da erabakiak hartzerako orduan, ardura duena; bera da, nolabait esatearren, mahaian agintzen duena. Ordena publikoko arauak betearazteko aginpide osoa izango du mahaiburuak. Segurtasun Indarren laguntza ere eskatu dezake, baina, legez, bera da hauteslekuan agintzen duena. Alderdietako ordezkariek, berriz, iritziak azaltzeko eskubidea dute, baina erabakiak hartzerako orduan ez dute aginpiderik.
  • Bi boto eman behar ditugu? Hori norbere esku dago; nahiz eta bi hauteskunde izan, posible da bietako baten bakarrik parte hartzea. Hori bai, baten parte hartzea erabakitzen badugu eta behin botoa emanda, ez da posible bigarren aldiz hauteslekura joatea beste hauteskundeetan botoa emateko. Bestalde, bietan parte hartu nahi duenak bietan alderdi ezberdinei botoa ematea ere posible da, noski. Hona hemen datu bitxi bat: hautesleen %8k alderdi ezberdinei ematen diete botoa bi hauteskundetan.
  • Hauteslekua itxi eta gero, zer? Esan bezala, iluntzeko zortzietan ixten dituzte hauteslekuak. Horren ondoren egiten duten lehendabiziko gauza izaten da posta bidez iritsi diren boto paperak hautestontzian sartu. Horren ondoren, mahaiko kideek eta hautagai zerrendetako artekariek bozkatzen dute, eta botoak zenbatzen hasteko garaia iristen da.
  • Zela zenbatzen dituzte boto paperak? Boto zenbaketa publikoa da, hau da, nahi duenak eskubidea dauka hauteslekuan egoteko botoak zenbatzen dituzten bitartean. Lehendabizi Udal hauteskundeetarako boto paperak zenbatuko dituzte, eta ondoren Batzar Nagusietarakoak.
  • Gero, zer egiten dute boto paperekin? Hauteslekuan dauden lagun guztien aurrean desegin behar dira boto paperak. Balio gabeko boto paperak, baina, ez dira desegiten; gutunazal baten barruan sartu eta Bake Epaitegira eramaten da gutunazal hori.
  • Zer gertatuko da AuB eta herri plataformen botoekin? Hainbat alderditako ordezkariek boto paper horiek zenbatuko dituztela iragarri duten arren, berez, baliogabeak izango dira. Dena dela, balio politikoa izango dutenik, behintzat, ezin ukatu. Hori bai, gauzak aldatzen ez diren bitartean, ez dute inolako balio juridikorik izango. Aipatzeko da, horrekin lotuta, Berme Batzorde bat sortu dutela hainbat esparrutako kideek, hauteskunde egunean ikuskatzaile lana egiteko. Baliogabeko boto paperak eta horien artean, AuB eta herri plataformenak zenbatzea da euren helburua, besteak beste. Gainera, datu horiek publiko egingo dituztela ere iragarri dute.
  • Denetan ez da botua ematen zerernda bati Leintz-Gatzagan, esaterako, Udal hauteskundeetarako bi hautagai zerrenda daude, Leintz-Gatzagako Hautesleen Elkartea eta PP, hain zuzen ere. Kontua da zerrendak irekiak direla eta inor ez dela alkategai. Zerrenda bakoitzean bost hautagai daude, hierarkizatu barik. Hortaz, gatzagarrek nahi diotenari eman diezaiokete botoa; gutxienez izen bat eta gehienez lau aukeratu ditzakete. Gainera, posible da bi zerrendetakoak izatea; hau da, adibidez, PPko biri eta Hautesleen Elkarteko beste biri eman diezaiekete boto. Gero, irabazi duen zerrendak erabakiko du alkate nor izango den, baina printzipioz inor ez da alkategai eta denak dira alkategai.
  • Noiz eratuko dituzte udalbatzak? Printzipioz, ekainaren 14a, zapatua, da udalbatza eratzeko legez jarritako eguna, udal guztietan. Dena dela, beste hogei eguneko epea dago, hauteskundeetako emaitzei inpugnazioa aurkeztuko balitzaie, hau da, errekurtsoak aurkeztuko balira. Bien bitartean, hau da, hauteskunde egunetik udalbatza berria osatzen den egunera arte, lehengo udalbatzak jarraituko du lanean Udalean. Denbora tarte horretan posible da hainbat erabaki hartzea, baina, adibidez, gehiengo absolutuz hartu behar den erabakirik ezin izango du hartu behin behineko udalbatza horrek.
  • Batzarretarako hautagai guztien artean zenbat dira euskaldunak? Euskal Herrian Euskaraz taldeak hautagai euskaldunak behar ditugula aldarrikatu du hauteskunde kanpainan eta alderdi politikoei eskatu die euskaraz ez dakiten hautagaiak kendu ditzatela zerrendetatik. Adierazpen horiekin batera, hainbat datu ere ezagutzera eman ditu Euskal Herrian Euskarazek, alderdi politikoei eurei galdetuta lortu dituen datuak, hain zuzen ere. Hona hemen datu horien guztien laburpentxo bat: EAJ/EA koalizioari dagokionez, hauteskundeetara aurkezten dituzten hautagaien %61,62 da euskalduna; PPren kasuan, %11,5; PSE-EEko hautagaien %12,87 da euskalduna; IU-EBari dagokionez, %26 eta Aralarren kasuan, berriz, %85,62. Hautagai zerrenda euskaldunena, berriz, parte hartzea galarazi dieten AuBkoena zen: hautagai guztien %91,25 euskaldunak zituen.
  • Hauteskundeetan zenbat diru gastatzen dute alderdiek? Egia esan, zenbat diru gastatzen duten jakitea ez da batere erraza, baina legeak muga batzuk ezartzen ditu. Udal hauteskundeetarako, biztanle bakoitzeko 0,09 euro bakarrik gastatu dezake alderdi bakoitzak. Probintzia mailan, berriz, gutxienez lurralde horretako herri erdietan aurkezten direnek, beste 124.818 euro gasta dezakete.
  • Eta zenbat diru jasotzen dute? Udal hauteskundeen kasuan, hona hemen alderdiek jasotzen dituzten diru laguntzak: lortutako zinegotzi bakoitzeko 224,62 euro; eta gutxienez zinegotzi bat lortu duten alderdiek, jasotako boto bakoitzeko 0,45 euro kobratzen dute. Bestetik, hauteskundeetako gastuei aurre egiteko ere hainbat diru laguntza jasotzen dituzte alderdiek: dagokien probintziako 10.000 biztanletik gorako herrien erdietan, gutxienez, hautagai zerrendak aurkeztu eta horien erdietan, gutxienez, ordezkari bat lortzen duten alderdiei, hautesle bakoitzeko 0,18 euro emango diete. Batzar Nagusietarako hauteskundeei dagozkien diru laguntzak, berriz, honakoak dira: lortutako boto bakoitzeko 0,45 euro jasoko ditu alderdi bakoitzak. Lortutako batzarkide bakoitzeko, berriz, 7.212 euro jasoko dituzte; eta hauteskunde barruti bakoitzeko, gutxienez, batzarkide bat lortzen duten alderdiek 12.000 euro jasotzen dituzte.

Erantzunak

Jon Abril
2003-05-24 : 09:42

Jakin badakigu igandekoak ez direla hauteskunde normalak izanen. Zapalkuntza eta zentsura neurri izugarrietara heldu da. Hauteskunde Mahaiak hauteslekuetan egon beharreko hainbat lagun zentsuratu ditu



Izugarria dirudien arren, LAB edo ELAko afiliatua edo ordezkari sindikala izatea nahikoa da hautesmahaietatik kanpo uzteko. Udalek, errate batera, administrazioak izendatutako pertsonak jarri behar izaten ditu mahaietan, Hauteskunde Mahaiarekin harremanetan egoteko, jarraipena egiteko. Beran bezala, bertze zenbait herritan ere, Gobernu Zibilak izendatutako funtzionarioak ariko dira zeregin horietan ELA eta LABeko ordezkari sindikalen partez.



Herriren bateko Idazkariari ere ez diote jarraipenik egiten utziko. Hauteskunderik politenak omen, zentsura tarteko.

Txano
2003-05-24 : 12:14

Mahaiburu izatea egokitu zait, eta kargua gainetik ezin kendu. AUB eta beste plataformen botoak zenbatuko ditugula zalantzarik ez dut, baino, nola bete zenbaketaren akta boto horiek ager daitezen, eta Garzonen aurrean deklarazten ez bukatzeko mahaiburua eta mahaikideok???. Egia da AUBren botoak aktan beste alderdien parean jartzea delitua denik?...

Asun
2003-05-24 : 13:24

Bi gauza egin ahal duzu, istilutan sartzerik nahi ezean: ziurtatu boto guztiak zenbatzen direla, AuBrenak barne (zure mahaian zeu izango zara agintari gorena eta ahalmena izango duzu erabakiak hartzeko). Eta ondoren akta bete, legeak eskatzen dizun moduan, AuBren botorik gabe.

Erantzun

Sartu