Sustatu logoa Teknologia albisteak

Hauteskunde kalkulagailua online, egoerara egokitua

Sustatu
2003-05-21 13:05

Hauteskunde-kalkulagailu egokitua prestatu du Sustatu.com-ek. Datuak behin sartu, eta emaitza bikoitzak erakusten ditu, AuB eta zerrenda debekatuen bozak kontuan hartuta, edo hartu gabe. Webgunean jarri dugu tresna, eta online probatu daiteke.

Kalkulagailua hemen duzue: www.sustatu.com/hautes2003

Hauteskundeetan banatzen diren eserlekuak D'Hondt legearen arabera banatzen ditu kalkulagailu honek. D'Hondt legearen arabera, alderdi bakoitzaren boto kopurua zatitu egiten da N bider, N eserleku badaude jokoan. Kozienteak ordenatzen dira gero, eta N eserlekuak banatzen dira, koziente handienetik N-garrenera arte.

Eragiketa hori bi bider egiten du gure kalkulagailuak, AuB-ren datuak konputatuz, eta haiek konputatu gabe. Maiatzaren 25ean, datorren igandean, Hego Euskal Herrian izango diren udal eta foru hauteskundeetan datu informatibo esanguratsuak lor daitezke horrela.

Hauteskunde-araudien beste ezaugarri batzuk ere kontuan hartzen ditu kalkulagailuak. D'Hondt legea aplikatze aldera, gutxieneko portzentaia bat gainditzera behartuta daude hautes-zerrendak konputuetan sartzeko. Hego Euskal Herriko hauteskundeetan, %5ekoa da gutxienekoa udal hauteskundeetan, %3koa besteetan (oraingo honetan, Batzar Nagusietakoak eta Nafarroako Parlamentukoak).

Adibide bat jartzearren... 1999ko udal hauteskundeetan, Pasaian (Gipuzkoa) izandako zinegotzi banaketa horrela gertatu zen: EH, 7; EA-EAJ: 4; PSOE, 3; PP, 2 eta IU-EB, 1. Alkatea EH-koa izan da agintaldi honetan.

Orduko hartan, EH-ri debekua ezarri izan balitzaio, gure kalkulagailuak emaitza hau ematen du: EA-EAJ, 7; PSOE 6; PP, 3; IU-EB, 1. EA-EAJ nagusi, baina PSOE eta PPk elkarrekin bozkatuko balute alkatea aukeratzeko gehiengo absolutua lortuko zuketen.

Kalkulagailuaren emaitza, iruditan ikusteko, ikus beheko adibide irudia. Pasaiako 1999ko datuak Eustat Estatistika Institutuaren webgunetik atera ditugu, hemendik

Kalkulu-sistema honen helburua eragiketa matematiko bat erraztea besterik ez da. Kalkuluak eta lortzen diren emaitzek ez dute inolako balio legalik, eta Sustatuk ez du erantzukizunik bere gain hartzen lortutako emaitzei eman dakiekeen erabileraz.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu