Teknologia albisteak
6

Tribuaren biziraupena

Erabiltzailearen aurpegia
pello - lizarra
2003-05-21 : 11:05

Denek bat egiteko proposamena irakurri dut, Mikel Irizarrek egin du. Oso ideia aproposa dirudi. Euskal mass-medien sare edo entrepresa. Aldeko eta aurkako argudioak eztabaidatzea egokia litzateke.

Printzipioz oso ongi defendaturiko ideia dela dirudi. Zer deritzozue? Hona hemen testua:

TRIBUAREN BIZIRAUPENA

Abildadea

Demagun euskal tribuak ez duela bermatuta biziraupena. Diote hizkuntza mordoa dagoela desagertzear munduan, eta euskara izan daitekeela bat. Bistan da etengabea dela ideien eta moldeen uniformizatzea. Gu, gaurko euskaldunak, aurrekoak izan zirelako gara, baina izan ezinean ari garelako agian etorkizunekoak ez dira izango. Demagun berezko iraupena ez dugula ziur, eta gure abildadearen ondorioz etorriko dela, etortzekotan. Abilak beharko genuke izan, hortaz, norabideak aukeratzeko eta iraupenerako tresnak eskuratzeko.

Al-Jazeera

Edozein giza taldek talde gisa irauteko behar du, besteak beste, komunikazio sare berea, autonomoa, beregaina. Batetik, talde barruko gaiak inork baino zabalago eta sakonago jorratzeko. Bestetik, sare autozentratua behar du kanpoko gaiak ikuspegi propioz, beregainez jorratzeko. Arabiarrek Al-Jazeera behar zuten Irakekoa modu arabiarrean ikusteko, eta ez irensteko besterik barik CNNk modu estatubatuarrean botatakoak. Euskal tribuak behar luke hedabide sare berea, baina oraingoz ez du atal batzuk besterik. Neke handiz sortzen ditugu euskarazko hedabideak, errakitiko geratzen zaizkigu ez ditugulako elkarlanean jartzen eta, errematerako, traba bihurtzen badira itxi ere egiten dizkigute. Eta ondo dago «Egunkaria» itxi dutelako kalera irtetea, eta erasotzen gaituzten hedabideen Brunete mediatikoa salatzea. Baina gure tribuaren iraupena ziurtatu nahi badugu, zerbait gehiago egin beharko genuke, zerbait abilagoa.

Asko gara

Har ditzagun euskarazko hedabide guztiak: ETB eta toki telebistak, irrati handiak eta txikiak, «Egunkaria»ren ordezkoa, aldizkari orokorrak eta herrietako prentsa, gehi sareko tresna berriak... Erraz bilduko ditugu 500 langile baino gehiago, eta baliabideak ere neurri horretan. Bada, entzun: beste inork ezin du horren neurriko komunikazio enpresarik sortu gurean aritzeko. Ez eta hurbildu ere, ez aberatsenak, ez ahaltsuenak. Hortaz, txikitasunak ez du tribua desagerraraziko. Euskaraz ez gara txikienak, handienak baizik.

Efizientzia

Ez gara, ordea, efizienteak. Baliabide asko dugu, baina sakabanatuta, elkarren arteko lehian edo borrokan. Guztiek -bada salbuespenik?- jasotzen dute diru publikoa, baina ez dira ari plan baten arabera, ez dute estrategia bateraturik. Horrela, bakoitzaren eragina mugatzen da bere komunitatera, euskal hedabideak ez dira erdarazkoentzat erreferente, ez dute haien aldean balio erantsirik, hizkuntzaz aparte. Ez da igartzen euskarak duela komunikazio talde profesional hedatuena.

Bada, biziraupenak abildadea eskatzen badu, eta abildadeak efizientzia, efizientziak eskatzen du euskal esparru komunikatiboa behingoz antolatzea, eta enpresa moduan antolatzea, gainera. Berandu da, baina ez beranduegi.

Zehatz

  • Bat. Sor dezagun talde txiki bat euskarazko hedabideen mapa, markoa eta elkarlanerako plana prestatuko dituena. Sei hilabete nahikoa lirateke oinarria jartzeko.
  • Bi. Azter ditzagun figura juridikoak, eta aukera dezagun egokiena gizarte ekimena eta erakundeen ahalmena sendo lotzeko, koiuntura eta aldrebeskerien gainetik. Sor dezagun euskarazko hedabideen kudeaketa bateratuko duen enpresa.
  • Hiru. Ezar ditzagun sareak, horizontalak eta bertikalak, informazioa ziztu batean ibil dadin hedabide guztien artean. Tokiko hedabideei esker sare horrek zuztar sakonak izango ditu, beste inor iristen ez den tokira iritsiko da. Euskarazko hedabideen taldeak balio erantsia izango luke eta erreferente bihurtzeko aukera.

Egin dezagun behingoz. Izan garelako izan daitezen.

Mikel Irizar

Erantzunak

Xabier Mendiguren Elizegi
2003-05-21 : 12:13

Nik ere irakurri nuen Argiakoa, eta Irizarren proposamenari interesgarria iritzi arren, eragozpen nabarmenak ikusten dizkiot. Labur-zuhurrean:

-Tekniko juridikoak: kolaborazio-bideak finkatzea bat da, baina enpresa-egitura ematea, besterik da, mila arazo sortuko lituzkeena. Kontuan hartu estatu diferente bitan dabiltzala, enpresa publikoak eta pribatuak daudela...

-Komeni ote den ere zalantza. Hots, planifikazioak printzipioz oso razionala eta onuraduna dirudi beti, baina azkenerako ez ote da izaten ideia berrien antzutzaile? Eredu ekonomiko zentralizatuen paraderoaz pixka bat oroitzea aski.

-Politika aldetik ez dugu denok berdin pentsatzen, eta hori ezin da ezabatu "denok euskaldun" leloarekin.

Zerrenda luzatu daiteke, eta hemen esandako bakoitzari mila ñabardura erants dakizkioke. Nire mezuak ez du gaia agortze; bakarrik esan nahi nuen alde onak bezainbatekoak edo gehiago izango direla txarrak, nire uste apalean.

iñaki olano
2003-05-21 : 15:40

Arrazoi duzue biabilidade eskasa baina premia ere badago hor nonbait.



Nik sinergia/dibersifikazio eztabaida honetan beste arrazoi bat dakusat dibertsifikazioaren alde:



Garzon, Del Olmo eta enparauen sarekadak. Bat eginda lana errazten diezu bidegabekeria hoiei.





Banatuta ordea geure buruari ze mesede?



Azken "razzia"ren biktima izan zen gure euskal prentsako gidari miretsietako batek idatzia zetorkidan atzo burura:



Guztiok darabilgu amodioa ezpainetan, eta sexua buruan.



Dirulaguntzengatik, biziraupenagatik elkarri mokoka.... Tristea.



Eta badaezpada izenik ez dut aipatuko nire burutazioa azaltzekoan, baina ikusiko duzue tiroak nondik doazen:



Zergatik ez profitatu gure egunkariak orain nahi ta nahi ez daukan tiraizoa, astekaria proiektu berean sartu eta asteburuan biak eskaintzeko?



Horretan nenbilela, ez dagokidan pitxarrean ez dudan ardoa botatzen.... Jo ta pitxarra burugainean apurtu zidan errealitateak, Tormesko itsumutilak ugazaba petralari egin zion bezalaxe.

Bordaberria
2003-05-21 : 15:45

Uste dut EGUNKARIA, itxi aurretik zela gure mass-mediaren ardatza: kalitatezkoa, zabala, produktu ona...

Baina espainolak hori moztu zuten, beste arriskuren bat moztuko dutelako ere. Zoritxarrez, gure ahuldadea (politikoa) nabarmenegi ageri da eremu honetan.

Bestetik, jakin izan dut PNVko batzuk (izaronews-ekoek) orain dela hile batzuk euskal agentzia bat sortzekotan zeudela, baina gobernuak (Ibarretxek) ez zeun baimenik emon. Halako lehendakiarekin ez goaz inora: EGUNKARIA itxi zutenean 7 egunetan missing egiten, bere etxekoei ere oztopoak jartzen eta putxerazoa bermatzen. Jai dugu honelako liderrekin, ezin kokologoarik aurkitu PNVen?

iñaki olano
2003-05-21 : 15:47

Inolako "segundarik" gabe lehengoa zuzendu beharrean nago derrigor... Itsumutilari ugazaba petralak txikitu zion pitxarra ahoan, eta ez alderantziz...



Tira, hau zalantza... nola bukatu zen lazarillo koittadu haren istorioa? Berriz irakurri beharko dut.



Oraingoan ordea... euskaraz.

Agente bat
2003-05-21 : 19:46

IzaroNews aipatu duzu. PNVko batzuen ekimena da, bai.

Eta egin duten fitxajea ez da nolanahikoa, Arantza Goyoaga fitxatu dute, Europa Press Euskadiko sortzaile eta zuzendaria izandakoa.



Oso kazetari ona, langilea eta fina.



Berarekin lan egin dugunok badaukagu bere gaitasunen berri. Aspaldian ari zen Sabin Etxearekin tonteatzen, eta Europa Press agentziak lortu dituen diru laguntza eta euskarazko proiektu guzti guztiak bere ekimenak dira.



Argi dago PNV-k behar duela berak kudeatutako agentzia. Baina hor ere kinka larrian dira batzuk eta besteak. Etxe horretan ere, badira saltsak... eta saltsa hoien berri emango lukeen agentziak ere, lan bikaina luke egiteko.

bin laden
2003-05-23 : 13:23

-Asmo berriak, asmoak onak. Ideia brillante horren atzean ez ote dago hainbatetan errepikaturiko euskaldunon batasuna? (hitz hutsa besterik ez dena, kontrakorik frogatu ezean, behintzat).



-Are istilutsuagoa gerta daiteke mass media enpresa batuketa horren kudeaketa nork, zelan eta zeinen onespenez egin daitekeen, noren balantzarako, ...



-Euskaldunok, euskaradunok, kopuruz zenbat gara? 500.000, 600.00 ? 400.000? Arabiarrak baino askozaz gutxiago. Etc, etc.



Gaurko loak ez dit onik egin!



Erantzun

Sartu