Teknologia albisteak
1

Bertan behera galdeketa EITBko arduradunei

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2003-05-20 : 18:05

Andoni Ortuzar, Bingen Zupiria eta Julian Beloki ez dira joango bihar Auzitegi Nazionalera. Joan behar izatekotan, Jesus Polanco epaileak deituta joango lirateke, ez Fungairiño fiskalak. Mugarik Gabeko Erreportariek, bestalde, eskatu diote Espainiako Fiskaltzari ken ditzala EITBren aurkako diligentziak.

Euskal Telebistak bazkalosteko albistegian jakinarazi du bertan behera geratu dela bihar Auzitegi Nazionalean, Madrilen, egin behar zen galdeketa EITBko arduradunekin.

Antza denez, Estatuko Fiskaltzak ez du parte hartuko kasu honetan. ETBk esan du bide egingo zaiola Iruñean pertsona batek horri lotuta jarritako salaketari eta, beraz, kasua zibiletik joan eta Jesus Polanco epailearen esku geratuko dela.

Auzi hau sortu zen maiatzaren 15ean ETBk eman zuelako bideo bat, non ETAko hiru kidek hainbat adierazpen egin zituzten hauteskundeak eta suetena gai hartuta, besteak beste. ETBk bezala, beste hedabide askok eman zuten bideo haren berri, Sustatuk esan zuen legez. Hala ere, Estatuko Fiskaltza Euskal Telebistaren kontra bakarrik mugitu zen.

Mugarik Gabeko Erreportarien eskaria

Mugarik Gabeko Erreportariek, bestalde, eskatu diote Jesus Cardenal Espainiako fiskal nagusiari erretira ditzala ETBren aurkako zuzemenak.

Eskatzen dizugu etzazula jazarri hedabide hori, zeinak aukeratu baitzuen ematea informazio bat ixiltzerik ez zegoena, idatzi zion Robert Menard MGEko idazkari nagusiak Cardenali.

Gure erakundeak —jarraitzen du gutunak— gaitzesten du indar handiz ETA erakunde terroristaren indarkeria, zeinaren jopuntu nabarmena baitira kazetariak, baina terrorismoari borroka egin behar zaio, errespetaturik informatzeko eta jakinaren gainean egoteko eskubidea.

Erantzunak

Lurra
2003-05-20 : 22:09

Eta zein izango da ba Iruñeko salatari izengabeko hori? Sanzbarcinazalea, beharbada. Nafarroan EITBren presentziagatik ernegatutakoa, ziur aski. Egunkariaren itxieraren aurrean "zerbait egingo zuten" esan zuten horietako bat, akaso. "Pluraltasuna"ren zale amorratua, azken finean. Beste garai batzuetako nostalgikoa. Eta inkisidore berriak erraz jartzen ari zaizkie nostalgiko hauei ametsak errealitate bihurtzea.



Otoitz egin geure alde!!

Erantzun

Sartu