Teknologia albisteak
1

Idazle atzerritarrak euskal gizarteari begira

Erabiltzailearen aurpegia
Giovanni Giacopuzzi eta beste hainbat
2003-05-20 : 18:05

Europako eta Amerikako intelektual-talde batek, Günter Grass, Nadine Gordimer, Carlos Fuentes tartean daudela, agiri bat kaleratu du maiatz honetan Hego Euskal Herrian diren hauteskundeei begira. Horri erantzunez, beste agiri bat zirkulatzen jarri dute euskal intelektual batzuek zenbait hizkuntzatan. Atxikimendu bila ari dira. Hor dituzue testuak.

Beherago, itsatsitako dokumentuan, Grass eta gainerakoen agiriaren testua, gaztelaniaz. Jarraian, Euskal Herritik bideratutako erantzuna. Testu honi atxikimendua adierazi nahi izan ezkero, idatzi angel.rek@euskalnet.net helbidera. Agiriaren azpian, sinatzaile zerrendako izen batzuk besterik ez ditugu itsatsi.

Idazle atzerritarrak euskal gizarteari begira

Literaturak erakutsi digunez, arrotzaren irudiak gizataldeen mamu itsusienak astintzen ditu, zoritxarrez: mehatxua, desberdina denaren beldurra, hizkuntza bitxi ulertezina, kanpotarraganako gorrotoa, beste mundu ezezagunetatik datozkigun arriskuak...

Oraingoan intelektual-talde batek, Günter Grass, Nadine Gordimer, Carlos Fuentes tartean daudela, irudi hori bereganatu dute gure erretratua egiteko, eta ezjakintasunetik, behatza altxa dute euskal gizarte osoa arriskutsutzat seinalatzeko. Europako txoko batean, diote, beldurra eta lotsa, Holokaustoa berpizteko arriskua, demokraten heriotza-zigorra nagusitu dira, bertako agintariek eta Elizak bultzatutako zigorgabetasun moralaz gainera. Herritarrek ezkutatu egin behar dute, beren ohiturak isilpean gorde, helbide sekretua izan, bizkartzainen babesa bilatu...

Beldurgarria da bidaiari horien begiradapean arrotzaren lekua izatea, aurreiritziz beteta eta konbentzitzeko askoz ere baliabide gehiago dituen propaganda espainiarraren ikuspegitik begiratzen baikaituzte. Gure herriaren errealitatearen koadroa, ordea, interesatuki sinplifikatutako idatzi horrek erakusten duena baino askoz ere konplexuagoa da.

  • Aurten, epe zehatz bat ezartzeagatik, atentatuen urritasuna dela-eta, ETAk ez du gizartearen egunerokotasunean protagonismo errealik izan. Haren ondorioak handiestea hura goraipatu nahi izatea izango litzateke edo, bestela, beldurraren mamua astindu nahi izatea, beste subjektu batzuk kutsatu eta kriminalizatzeko.
  • Espainiako agintariek Egunkaria itxi dute, euskaraz argitaratzen zen egunkari bakarra. Printzipioz, albisteek eta iritziek ez dute deliturik egiten; ezin dugu gauza bera esan adierazpen- eta informazio-askatasuna eta bestelako giza eskubideak zapaltzen dituztenengatik.
  • Egunkari horretako kazetariak torturatu egin dituzte. Amnesty Internationalen nahiz Nazio Batuetako beste zenbait erakunderen txostenek behin eta berriro salatu dituzte Estatu espainiarreko polizia-etxeetako torturak, eta agintariek ez dituzte torturatzaileak kondenatzen edo polizien kontrolerako bermerik eskaintzen. Milaka euskal herritarrek urtetan jasan dituzte tratu txar horiek.
  • Espainiako agintariek euskal hautesleen % 15etik % 20ra bitartean biltzen duen indar politikoa legez kanpo utzi dute. Datu ikaragarri hori ez da intelektual horien oharrean aipatzen, eta zalantzan jartzen du herri honi buruz duten ezagutza.
  • Espainiako agintariek 225 udal zerrenda hauteskundeetan aurkeztea debekatu dute, Justiziarekin inolako arazorik izan ez duten udal talde, alegia. Horregatik, datozen udal hauteskundeetako giroan legitimitaterik eza, edukien gabezia eta botoa emateko ezintasuna izango dira nagusi.
  • Laburbilduz, intelektualen idatzian esaten ez den bezala, milaka eta milaka dira beren herrian arrotz bihurtutako euskaldunak, botorik eman ezin dutenak, bizkartzainik ez dutenak, beren etxeetan indarrez sartuko diren beldurrez bizi direnak, torturatuak izan daitezkeenak (eta asko izan dira hala), urrutiko idazleen interes txikiena piztu gabe.

Intelektualen oharrak ez du euskal erakunde eta indar politiko bakar bat ere tente uzten; erakunde eta indar horiek, ordea, herriaren sostengu handia dute eta, ondorioz, legitimotasun demokratikoa. Hauteskunde-kanpainan sartuta gaudela, ohar horrek bat egiten du nazionalismo espainiar atzerakoienarekin. Tristea benetan.

Atxikimenduak

Giovanni Giacopuzzi
Joseba Tobar Arbulu
Angel Rekalde
Rui Pereira
Iñaki Egaña
Nicolás Xamardo
Isabel Alba
Santiago Alba
Víctor Alexandre
Joseba Goñi Azueta
Diego Bande Cordero (Kanpezuko Apaiza)
Jose Manuel Sain Ruiz de Azua
Mikel Ugarte
Rafa Saiz Elizondo
Francisco Letamendia
Markos Zapiain
Eneko Landaburu Pitarque
Juan Manuel Aramburu Ibazeta
Vítor Meirinho
Iñaki Barcena Hinojal
Uxoa Larramendi
Lolo Rico (Foro de Madrid)
Hasier Etxeberria, idazlea, kazetaria
Luis Fernandez
Peio Egaña
...

Euskal Herria, Basque Country, País Vasco, Pays Basque, Euskadi, 2003/05/17

Erantzunak

Lurra
2003-05-20 : 22:33

Hunkigarria benetan askatzaile indignatu hauen ipuina. Ziur aski hamen inguruko beste pentsalari txit agurgarri batek aholkatuta egingo eben, "bakea eta askatasuna"ren aldeko kongresuren bat ostean. Eta itxaropentsua da ikustea nazinoarteko "ezkerra" bizi-bizirik dagoela, (euskal) Eliza behar legez oldartzen. Gora Errepublika! "Si los curas y monjas supieran...".



Argi geratu ez jatana da "nazionalistei" buruz berba egiten dabenean ia nongo nazionalistak ari diren. Oker ez banago, garai hartako bibotedunaren mamuak "gorriak, separatistak eta masoiak" ziran. Gaurko erregimenarenak, antza danez, apaizak (!), separatistak (lehen legez), euskaltzaleak, kazetari euskaldunak, musikari euskaldun maltzurrak, marinel galiziarrak, marinel galiziarrak sostengatzen dituztenak, irakiar gaiztoak, irakiar gaiztoak sostengatzen dituztenak,... Gero eta gehiago gagoz, jode!



Alfonso Sastrek, pasa dan astean, "Gara"n argitaratu eban berak Juan Goitisolori bidalitako gutuna, hauteskundeko panfleto hori dala eta. Oso ona!



Neuk inoiz Jose Saramago holako "kulebroia" sinatzen ikusten badot Martitzera exiliatuta joango nazela zina egin dot. Fedea galduko baineban gizakiarengan. Not in my name!



Erantzun

Sartu