Microsoften azpijokoa Linux geldiarazteko
Kaltetu asko utzi ditu Microsoftek monopoliorako bidean: Apple, Sun, Netscape, Novell, IBM, etab. Orain badirudi Software Libreko Mugimendua eta Linux sistema eragilea jarri dituela jopuntuan eta, orain artekoak ezer erakusten badu, ez da geratuko biak suntsitu arte.
Unix erosi
Lehenengo urratsa izan da eskubideak erostea Unix sistema eragilearen lizentzia banatzeko. SCO zen horren jabea eta aspaldi ari zen erosle baten bila. Hemen azaldu dutenez, operazio hori egina dago. Hemendik aurrera, beraz, Microsoftek zeresana izango du nori saldu Unix kodea erabiltzeko eskubidea. Horrekin, kontrolatu eta oztopatu egin lezake Linuxen zabalkundea, jakina baita Linuxek badituela zenbait elementu Unix sistema eragilearenak.
Unix orain 30 urte baino gehiago asmatu zen AT&T enpresaren laboratorioetan. Gauza askotan Linuxek bezala egiten du lan eta nahiko erraza omen da Unix softwarea Linuxera aldatzea. AT&Tk saldu zion Unixen jabetza Novell enpresari, eta honek Santa Cruz Operation delakoari. Ondoren Caldera International, Linux saltzaile batek, erosi zizkion SCOri Unixen gaineko eskubideak eta bi produktu: OpenServer eta UnixWare. Iaz Caldera SCO Group bihurtu zen. Microsoftek talde honekin egin du tratua orain.
Tratu honek izan lezake eragina, halaber, Apple enpresan, honen sistema eragile berriena, Mac OS X, Unixen oinarrituta dago eta.
Ez galdu, inolaz ere, Linuxen aurka
Orain jakin denez, bestalde, Microsoftek agindu zorrotzak eman dizkio bere jendeari aurre egin diezaioten Linuxen mehatxuari. The International Herald Tribune eta The New York Times egunkariek joan den astean azaldu zutenez, iragan uztailean Orlando Ayala Microsofteko salmenta buruak e-mail bat bidali zien goi mailako exekutiboei. Bertan esaten zien softwarea merkeago saltzeko edo behar izanez gero doan emateko, ikusiz gero gobernu edo enpresa handi bati egin beharreko salmenta Linuxek irabaz lezakeela. Microsoftek diru funts bi omen ditu horrelako salmenta bereziak finantzatzeko.
E-mailak esaten zuen, hitzez hitz: ez galdu, inolaz ere, Linuxen aurka. Albistea kaleratu ostean Microsofteko agintariek ez dute ezer esan nahi izan honen gainean.
Dena dela, Europan lehiakortasunaren legeak ez du horrelako praktikarik onartzen merkatuan nagusi direnen artean.
Erantzunak kargatzen...