Argia, argiagoa
Bazuen premia Argia astekariak itxura eta edukiak eguneratzeko. Nire iritzian, behintzat, azken urteotan erren zebilen, ezin produktu borobilik eskaini.
Oraingo honetan, berriz, uste dut dezente hurbildu dela. Diseinua erabat aldatu du eta edukiak beste modu batean antolatu. Emaitza ez da borobila, baina gustatu zait.
Diseinua
Hiru letratipo berri sartu ditu Argiak bere orrialdeetan, zerikusirik ez dutenak orain arte erabilitakoekin: bat da Bodoni antzekoa, izenburu handiak egiteko; oso dotorea da eta jantzi egiten ditu euskarak dituen ertz zorrotzak (x, z, k, tx, tz ). Bestea da Industria erakoa, sailak-eta izendatzeko. Eta hirugarrena da Bernhard tankerakoa, hau ere oso dotorea, batez ere iritziak eta kultura orriak izendatzeko. Eta hirurak neurriz erabiltzen ditu.
Horrezaz gain, ematen du orriak orain zuritasun handiagoa duela, eremu handiagoa arnasa hartzeko. Koloreak ere askoz ere leunagoak dira orain, argiak eta dotoreak. Desagertu dira, behingoz urdin-gorri itogarriak, lehen kaxa ia guztiak betetzen zituztenak.
Eta orrialde batzuk testuz beterik badatoz ere, errazagoak dira irakurtzeko, zuritasuna handiagoa delako eta baita aipuek-eta ez dutelako eteten testuaren isuria. Begiek aurrera egiten dute irakurtzen, oharkabeko etenik gabe.
Bereziki gustatu zaizkit nola geratu diren diseinu aldetik iritzi orriak eta Erdiko Kaiera. Benetan erakargarriak.
Baina...
Hala ere, berritzea ez da borobila izan. Lau kontu aipatu nahiko nituzke:
- Azala. Azala da une honetan Argiak duen atalik ahulena. Gezurra dirudi hain eraldaketa ona egin ondoren, nola egin duten kale honetan. Nahasia da, itsusia eta ez du bat ere loturarik barrukoarekin.
- Itzalak izenburuetan. Zenbait orrialdetan, izenburuei itzalak ezarri dizkiete. Batzuetan itzalak goitik behera datoz, ezkerretara. Beste batzuetan behetik gora. Eta zenbaitetan, itzalak koloretakoak dira (noiz ikusi da itzal bat horia?). Nire iritziz itzalak behin edo behin erabil litezke, erreportaje berezi batean eta efektu berezi bat lortzeko. Bestela, Argiak erabiltzen dituen moduan, ematen du moldiztegikoen huts bat dela, eta zatartu egiten du orria.
- Izenburuak kaxetan. Testu kaxak lehen baino erakargarriagoak dira orain, batez ere kolore egokiagoak dituztelako. Hala ere, oraindik ere izenburuek aire gutxi daukate kaxa horietan, espazio zuri gutxi inguruan eta, beraz, ez dute hartzen beharko luketen garrantzia.
- Grafikoak. Infografiko gutxi erabiltzen du Argiak, baina ez zaizkit gustatzen. Nahasiak dira eta erabiltzen dituzte kolore batzuk, bat ez datozenak kolore dominanteekin.
Edukiak
Gauzak sinpletu egin ditu Argia berriak eta horretarako, zazpi atal antolatu: asteko gaia, pertsonaia, iritziaren leihoa, erdiko kaiera, gaiak, termometroa eta azkena. Dena dela, hirutan bil litezke: informazioa, iritzia eta kultura.
Iritziak eta Erdiko Kaierak hartu dute indarra aro berri honetan. Zortzi iritzi artikulu agertzen dira, zenbaitentzat larregitxo akaso, batez ere zazpi elkarren jarraian agertzen direlako. Gauza bat da erakutsi nahi izatea gure herria askotarikoa dela, plurala. Eta beste bat ahalegin hori muturrera eramatea (pluraltasuna nahi duzue?, tori pluraltasuna!). Nolanahi ere, estimatua dago ahalegina, hori ez baita txantxetako kontua herri honetan, alegia, jasotzea gure herrian dagoen ahots polifonia. Kontua litzateke hobeto antolatzea.
Lehen ale berritu honetan bereziki gustatu zaizkit Anjel Lertxundiren bi orriak eta Erdiko Kaiera. Lehenengoan gogoko dut idazleak eman dion tornuia eta erakusten duen zorroztasuna. Bigarrena egiten zait izugarri atsegina eta erakargarria. Liburuen txokoaz zer esan? Benetan polita dela.
Ondorioa
Akatsak akats, uste dut hauxe dela inoiz esku artean izan dugun Argiarik erakargarriena: antolakuntza eta diseinu argiagoak ditu, irakurterraza da eta baita atsegina ere. Zimentarri egokiak, horien gainean asterik aste kazetariek eraiki dezaten denok nahi dugun aldizkari bikaina.
Erantzunak kargatzen...