Ibon Sarasolak EITBren euskara kritikatu du
Egia da ETB eta Euskadi Irratia hor daudela, baina zer esango dut ba nik, euskararen inguruan kaosa da nagusi bi komunikabide horietan. Horrela mintzatu zen atzo Ibon Sarasola Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan.
Ibon Sarasolak hautsak harrotu ditu berriro. Atzo Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan hitz egin zuen, jardunaldi batzuetan, Egunkaria itxi dutela eta.
Egunkariaren egitekoa goraipatu zuen, hizkuntzaren ikuspegitik batez ere: Euskararen normalizaziorako tresna garrantzitsuenetakoa kendu digute Egunkariarekin batera, Euskaltzaindiak jarritako arauak eguneroko lanera moldatzeko tresna eraginkorrenetakoa baitzen.
Sarasolaren iritziz, ez dago inolako zalantzarik euskararen normalizazioan Euskaltzaindia bezainbesteko lana egiten ari zela Egunkaria.
ETBn eta Euskadi Irratian, kaosa
Egunkariaz gain, aipatu zituen ETB eta Euskadi Irratia, bi hedabide publiko, osatzen dutenak euskarazko multimedia. Eta orduan piztu ziren trumoiak: Egia da ETB eta Euskadi Irratia hor daudela, baina zer esango dut ba nik, euskararen inguruan kaosa da nagusi bi komunikabide horietan, aipatu zuen.
Eta, nola ez, esan zuen zergatik gertatzen den kaos hori, hizkuntzari dagokionez. Haren iritziz, ETB eta Euskadi Irratiko langileak funtzionarioak dira, eta ondorioz, ez dute aparteko ahaleginik egin, ez Euskaltzaindiaren arauak ezagutzeko, ez eta euren emanaldi edota emisioetan erabiltzeko eta gizarteratzeko.
Aspaldiko ajeak
1997an ere, Euskara Batuaren Ajeak kaleratu zuenean, gogor kritikatu zuen EITBren euskara. Kritika haiek eta beste batzuek, liburua txipristintzen zutenak, jende askoren haserrea piztu zuten. Baina liburua ondo saldu zen eta Sarasolak han esandako gauza askok arrasto sakona utzi dute.
Harrezkero, urte batzuk egin ditu isilean Ibon Sarasolak. Batez ere Euskaltzaindiak amaitu zuenetik Hiztegi Batuaren lehen zatia. Baina orain dela gutxi berriz hasi da idazten, oraingo honetan Erabili.com webgunean, non dagoeneko sei artikulu idatzi baititu.
Ibon Sarasola euskaltzain oso da eta, Koldo Mitxelena hil zenetik, Orotariko Euskal Hiztegiaren arduraduna. Bereak dira, halaber, Euskal Hiztegia eta Euskara Ikaslearen Hiztegia. Atzoko hitzaldian esan zuen bezala, bera ere funtzionarioa da, Euskal Herriko Unibertsitatean. Hango Euskara Zerbitzuan egiten du lan gaur egun.
Erantzunak kargatzen...