Bergara: Euskara Biziberritzeko Plana 2003-2007
Gaur onartuko du Bergarako Udalak Euskara Biziberritzeko Plana 2003-2007 eperako plan estrategikoa. Bere bitartez, euskararen normalizazioaren arloan orain arte egindako lana sakondu nahi da.
Bergarako Euskara Biziberritzeko Planak bi iturri nagusi izan ditu:
- Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia fakultateko lan-talde batek, Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera, egindako Bergarako Azterketa Soziolinguistikoa eta talde horrek markatutako hurrengo urteetarako ildo nagusiak.
- 1999an Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia.
Eta edukiari dagokionez ere, bi atal nagusi ditu:
- Egoeraren diagnosia. Bertan Bergarako Egoera Soziolinguistikoaren berri jaso da esparruz esparru. Diagnosia egiteko bere garaian 500dik gora elkarte, denda eta enpresari buruzko informazioa bildu zen.
- 2003-2007 eperako plan estrategikoa. Planean finkatutako helburu nagusi eta estrategikoak eta esparru bakoitzerako finkatutako helburuak eta abian jarriko diren neurri eta ekintzak jaso dira bertan. Horretaz gain, plana bideratzeko egitura organikoa ere zehaztu da.
Plana diseinatzerakoan honako lau irizpide hauek hartu dira kontuan:
a) Batasuna izango duen plan integrala izatea. Bergaran orain arte ere hainbat arlotan garatu dira euskara normalizatzeko lanak baina ez da izan gizarteko esparru gehienei helduko dien plan integral nagusirik.
b) Planak udal osoarena eta gizarte osoarena izatea. Udal osoaren konpromisoa eta gizartearen partaidetza bermatzeko bideak jarri nahi dira. Adibidez, udaleko teknikariak plana bideratzeko sortuko diren egitura eta lantaldeetan partaidetza iraunkorra izango dute.
c) Herriz gaindiko ikuspegia. Hainbat ekimen bideratzeko herriz gaindiko lankidetza ezinbestekotzat jotzen da. Bailarako eta bailaraz gaindiko koordinazio-guneak eta ekimenak bultzatuko dira.
d) Aurrehartze politika: ekimen edo egitasmo berriak bereziki zaindu nahi dira. Gizarteko beste arloetan bezala, hizkuntza normalkuntzan ere guztiz inportantetzat jotzen da edozein egitasmo edo ekimen berri sortzean hizkuntza-irizpideak kontuan hartzea.
Planak antolaketa aldetik berritasunak dakartza, hauek esaterako:
- Euskararen Aholku Batzordea osatu da, gizartearen parte hartzea bultzatzeko.
Aholku Batzordeak Udalari Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egokitzen lagundu behar dio eta onarturiko plan estrategikoa garatzeko urteko kudeaketa-planen jarraipena egitea. Oro har, Bergarako udalerrian euskararen erabilera normalizatzeko lanekin zerikusirik duten gaiak aztertuko ditu.
Izendapenaren iraunaldia 2 urtekoa da eta bilerak, gutxienez 6 hilabetean behin, egin beharko dira. Bestalde, ebaluaziorako tresnak kudeaketa planaren jarraipen txostena (6 hilean behin) eta hizkuntzazko helburuen bilakaeraren ebaluazio-txosten orokorra (urtean behin) izango dira. Guztiaren ardura Euskara Batzordeko buruak hartuko du.
Partehartze hori sendotzeko, Aholku Batzordearen azpitaldeak osatuko dira eta bertan parte hartuko dute udaleko beste zerbitzuetako teknikariek ere.
Esparruko edo esparruarteko Aholku Batzordeak esparru barruko entitate guztiei eragiten dieten kudeaketa planeko ekintzak bideratzen lagunduko du eta hobetzeko proposamenak egingo ditu.
Bileren maiztasuna talde bakoitzak zehaztuko du. Ebaluazioa egiteko Kudeaketa planeko ekintza bakoitzari buruzko ebaluazio-txostena eta dagozkion esparruen inguruko kudeaketa planaren jarraipen txostena landuko dira.
Bestalde, urtean behin, hizkuntza helburuen bilakaeraren ebaluazio-txosten orokorretik esparruko atalaosatuko da. Esparruaz arduratuko den Euskara Zerbitzuko teknikaria izango da burua.
- Euskara Zerbitzua sendotu da. Teknikari bat gehiago izango da normalizatzaile lanetan. Aurrerantzean, euskara zerbitzuburua, 3 hizkuntza normalizatzaile eta itzultzailea (5 orduko kontratuarekin) izango dira.
Erantzunak kargatzen...