Sustatu logoa Teknologia albisteak

Jose Antonio Azpiroz, in memoriam

EIZIE - EIZIE
2003-04-16 17:04

Bizitza osoan aurrezki kutxa batean lan egin zuen, baina bere benetako zaletasuna hizkuntzetan eta liburu artean zegoen. Erretiratu ere ahal bezain laster erretiratu zen aurrezki kutxako lanetik, handi aurrera bete-betean hizkuntzak lantzeko.

Euskalki guztiak biziki maite zituen, eta gauza zen bizkaiera garbian bezala zubereraz ere mintzatzeko. Hizkuntza asko ere egiten zituen, hitzez edo idatziz: ingelesa, italiera, frantsesa, alemana, errusiera, arabiera... Azken denboretan grekerarekin ari zen saiatzen.

Denbora batez, Lur Argitaletxearen entziklopedian ari izan zen lanean, itzulpenak eta erredakzio lanak egiten.

Argitaratutako itzulpenetan, Heinrich Böll alemaniar idazlearen Ansichten eines Clowns ( Pailazo baten aburuak, 1986, Donostia:Elkar) lana nabarmentzen da. Alde batera begiratuta, aitzindari bat izan zen, orduan (1986az ari gara) inor ez baitzen halako lanekin ausartzen: Literatura Unibertsaleko bilduma 1990ean hasi zen.

EIZIEko bazkideok eta euskal itzultzaileok gogoan izango dugu Jose Antonio Azpiroz, lankide alai eta maitagarria izan baita guretzat.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu